Donostiako Kaleko Afari Solidarioak oztopatzeko elkarretaratze batean parte hartu dute PPko zinegotziek

Astelehen gauetan banatzen dituzte afariak, Egian. Sare sozial batzuetan zabaldutako deialdi anonimo batek, leku eta ordu berean, herritar batzuk elkartu ditu, «segurtasun» eske, eta ertzainek bereizi dituzte.

Kaleko Afari Solidarioak Egia auzoan egiten dituzte, astelehenero, 21:00etan. Haren aurkakoek han bertan elkarretaratzera dei egin zuten bart. IRUTXULOKO HITZA
Kaleko Afari Solidarioak Egia auzoan egiten dituzte, astelehenero, 21:00etan. Haren aurkakoek han bertan elkarretaratzera dei egin zuten bart. IRUTXULOKO HITZA
mikel p ansa
2024ko urriaren 22a
17:17
Entzun

Kalean bizi diren bizilagunei afariak prestatzen dizkie Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak. Bart gauean, haiek afariak partitzen dituzten leku berean, Egia auzoan, elkarretaratze bat egin zuten herritar batzuek, «segurtasun» eske, eta PPko zinegotziek parte hartu zuten, gainera, Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez

Astelehenetan, 21:00 aldera, banatzen dizkiete afariak kalean bizi direnei; migratzaileak dira horietako asko. Afariak banatzen dituzten plazan elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen aurreko egunetan, sare sozialetan, gaztelaniaz, «segurtasun» eske.

Sare sozialetako kontu horietatik kalean bizi diren magrebtarren kontrako kanpainak hauspotzen ari dira azken hilabeteetan. Irutxuloko Hitza-k gogora ekarri duenez, bestalde, Donostiako Alderdi Popularrak iazko azaroan eskatu zuen afari solidarioak debekatzeko; bakarrik gelditu zen osoko bilkurako bozketan.

PPko Donostiako hiru zinegotziek parte hartu zuten bart gaueko elkarretaratzean, eta KASeko kideei ospa egiteko esan zieten, eta iraindu ere bai, Irutxuloko Hitza-ren kontakizunaren arabera. Aldizkariko kazetariari ere aurre egin zioten.

Afariak aurreratu egin zituzten KASeko kideek, elkarretaratzearen orduarekin bat ez egiteko, baina bertan gelditu ziren elkarretaratze horretara jendea biltzen hasi zenean. Baimenik ere ez zuten eskatua, eta Ertzaintza azaldu zen.

Bi aldekoen artean tentsio handia sortu zen, eta ertzainak sartu ziren bi taldeak bereiztera. KASeko kideei «oxala zu ere uzkitik bortxatzea», «joan zaitezte popatik hartzera», eta halako irainak egin zizkieten; KASekoen aldean zegoen norbaitek «arrazista zikinak» oihu egin zien, eta orduan ertzainak harengana joan ziren. Hiru gazte atxiki zituzten lurrean, baina ez zituzten atxilotu. Identifikatu egin zituzten horietako batzuk, ordea.

20:45 aldera tentsioa larritzen ari zela, ertzainen buruak bi aldeetakoei agindu zien bost-hamar minutuan lekua husteko.

Migratzaileen kontrako sare sozial horietan iragarri dute astelehenero egingo dituztela elkarretaratzeak, KASek afariak banatzen dituen ordu eta leku berean. Afariak banatzen dituen taldeak egoera aztertzeko bilera bat egitekoa du aurki. 

Donostiako 35 eragilek joan den abuztuaren 7an ohartarazi zuten jarrera arrazistak gora egiten ari direla Donostian. «Martutene auzoko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte», azaldu zuten orduan: «Segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu eta identifikatzen dituzte, eta lapurreta egiten diete; zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira; margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan; eta Telegram eta Instagram sare sozialetako zenbait kontu pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen ari dira, biolentziarako deiak eginez».

Donostian bakarrik ez, inguruko herri batzuetan ere agertu dira migratzaileen aurkako mezuak: irail bukaeran, esaterako, Etorkinak kanpora idatzita eta lauburu batzuk margotuta zituzten pankarta batzuk agertu ziren Hernanin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.