Arratsaldean Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeak jakinarazi du DBHko hainbat eta hainbat ikasle «beren adinerako eduki guztiz desatsegin eta desegokia» duen Whatsapp talde batean parte hartzeko gonbidapena jasotzen ari direla. Geroztik, beste sei ikastetxetako ikasleak ere talde horietan daudela baieztatu dute; Aldapeta ikastetxekoez gain, beraz, Zurriola eta Herri Ametsa ikastoletako, Luberri institutuko, Jesuitak Donostia kristau eskolako, Deutsche Schule eta Saint Patrick's English School ikastetxeetako ikasleak ibiltzen dira talde horietan. Bi ikastetxek salaketa ezarri dute Ertzaintzan: Aldapeta ikastolak eta Deutsche Schule ikastetxeak. Jesuitak Donostia eskolako guraso batzordeko presidenteak ere salaketa jarri du bere izenean.
Ildo beretik, hainbat familiak gertatzen ari dena salatu dute, eta horri esker jakin dute ikastetxeak zer gertatzen ari den. Hala, guraso guztiak jakinaren gainean egon daitezen, mezu bat igorri diete, gertatutakoa Ertzaintzan salatu dezaten. Adierazi dutenez, eskola horretako berrehun ikasle baino gehiago daude taldean.
Jose Eizmendi da Aldapeta ikastetxeko zuzendaria, eta talde hori existitzen dela baieztatu du SER irratian. Orotara, mila ikasle ingururi iritsi zaie taldean parte hartzeko gonbidapena: DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailakoak eta batxilergoko lehenbiziko mailakoak dira guztiak. Eizmendik adierazi du «eduki homofoboa, pornografikoa eta irain sexistak» daudela taldean: «Segur aski, taldea ez dute ikastetxeko ikasleek sortu, beste helburu batzuk dituzten heldu batzuek baizik».
Dena den, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du datozen egunetan salaketa gehiago jasotzea espero dutela, talde horretara sarbidea izateko eta deliturik egon den ala ez ebazteko.
Ikastetxearen mezuak dio ez dela lehenbiziko aldia horrelako zerbait gertatzen dena, Katalunian ere antzeko zerbait gertatu berri baita: mossoak 12 urtetik beherako gazte batzuekin egindako talde bat ikertzen ari dira, bertan irudi pornografikoak, indarkeriazkoak eta gorroto mezuak ageri direlako. «Teknologia berriek beste erronka bat gehitzen diote gurasoen lan zailari», dio ikastetxeak; horregatik, gazteak tresna horiek erabiltzen hasten direnean «adi» egotea gomendatzen du.