Donostiako etxe turistikoen ordenantza gaitzetsi du oposizioak

'Lehen solairuen legea', praktikan, indarrik gabe geratuko dela salatu du EH Bilduk. Irabaziren ustez, eraikinetako beste jarduera komertzialen kalterako izango da

Eneko Goia Donostiako alkateak herenegun aurkeztu zuen ordenantza berria. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Udaleko oposizioko taldeen ustez, etxebizitza turistikoen ordenantza berriak ez die funtsezko mesederik ekarriko auzoei. Eneko Goia alkateak herenegun aurkeztutako egitasmoa lausoegia dela adierazi du Irabazik, eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu du. EH Bilduk, berriz, «bizilagunen komunitateei» eskatu die ordenantza aztertu eta alegazioak jartzeko.

Amaia Martin eta Loic Alejandro zinegotziek baloratu dute ordenantzaren zirriborroa Irabazi Donostia taldearen izenean. Etxebizitza turistiko bat zer den ez definitzea leporatu diote udal gobernuari: «Familia bat oporretara joaten bada eta bere etxea astebeterako behin alokatzen badu, ostalaritza jardueratzat jotzen da. Gehiegizkoa da».

Bi taldeek begi onez hartu dute Parte Zaharra eta kaia «gune saturatu» izendatzeko erabakia; ondorioz, 2018ko urtarriletik aurrera ezin izango da etxebizitza turistiko berririk erregistratu han. Dena den, Irabaziren ustez, «kontraesanezkoa» da neurria, ordura arte berdin jarraitu ahalko baita. «Logikoena moratoria bat ezartzea litzateke, ordenantza indarrean sartu arte». EHBilduk nabarmendu du arazo nagusia lizentziarik gabeko eskaintza dela: «Gaur egun legez kanpo dauden pisuak ixteko plan baten falta sumatzen dugu».

Lehen solairuen auzia

Udal araudi berriak hiru gune bereizten ditu. Egitura horren arabera, hondartza inguruetako eta erdialdeko auzoek «eskaera handia» dute, baina ez daude saturatuta; ondorioz, baldintza malguagoak dituzte. EH Bilduk salatu du ordenantzak de facto indarrik gabe uzten duela lehen solairuaren legea deiturikoa; haren arabera, etxebizitza turistikoek ezin dute etxebizitza arruntik eduki azpian. Ordenantzak aukera ematen du, ordea, eraikin altuetan etxebizitza turistiko gehiago jartzeko; sei solairutik behin, eta gehienezko hedadura batekin —250 edo 350 metro koadro jarduera ekonomiko guztien artean, auzoaren arabera—. EH Bilduren ustez, neurri horrekin lehen solairuaren legea betetzen ez zuten «gehienak, goizetik gauera, legeztatuko dira». Antzera interpretatu du Irabazik udalaren proposamena, eta beste jarduera ekonomikoen kalterako aritzea leporatu dio EAJ eta PSE-EEren udal gobernuari: «Epe luzean, atikoak etxebizitza turistikoz beteko dira, egoitzazkoa ez den erabilerarako gordetako 250 metro koadroak kontsumituko dituzte, eta behe solairuetan ezin izango da beste jarduera komertzialik ezarri». Epe luzean, «etxebizitzaren prezioaren arazoa areagotuko» da Donostian, EH Bilduren arabera.

Goiak gezurtatu egin ditu kritikak, eta «ezjakintasunetik» aritzea leporatu dio oposizioari. Antzera erantzun die Aparture apartamentu turistikoen elkartearen kexuei. Hark herenegun iragarri zuen alegazioak ipiniko zizkiola lege proiektuari, «araututako eskaintza zigortzen» duela iritzita, identifikatzeko zailagoa den lizentziarik gabeko eskaintzari heldu ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.