Donostiako erdialdea emisio gutxiko eremu izango da urtarriletik aurrera, eta hori ahalbidetuko duen ordenantza onartu du gaur Donostiako Udalak. Maiatzean aurkeztu zuten behin betiko proiektua, eta alegazioen bigarren fasea bukatu ostean onartu dute ordenantza tokiko gobernu batzarrean. Udal taldeek zuzenketak aurkezteko aukera izango dute orain, eta azaroan emango dute azken pausoa, Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera: «Udalbatzak ordenantza azaroan behin betiko onartzea eta emisio gutxiko eremua abenduan martxan jartzea aurreikusten dugu».
Alkateak iragarri duenez, ibilgailu motordun kutsagarrienak emisio gutxiko eremuan sartzen badira, ez dute isunik jasoko urtarrilean eta otsailean: «Abisu bat bakarrik». Martxoaren 1etik aurrera, ordea, bete-betean sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua, eta arauak hausten dituztenei isunak jarriko dizkiete. Emisio gutxiko eremua hiriaren erdialde ia osoan hedatuko da: Parte Zaharretik Araba parkeraino zabalduko da, eta erdigunea eta San Roke hartuko ditu.
Emisio gutxiko eremua bi fasetan sartuko da indarrean. Lehen fasean, 2027a amaitu bitarte, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuei debekatuko zaie eremura sartzea. Bigarren fasean, 2028tik aurrera, B etiketa dutenak ere ezingo dira sartu. 0, Eko edo C etiketadunek soilik izango dute baimena.
Irizpide orokor horrek salbuespenak izango ditu, eta udalak aurreikusten du baimen batzuk ematea: besteak beste, eremu barruko bizilagunentzat, profesionalentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat. Alegazioen lehen fasean beste salbuespen bat gehitu zuten proiektuan: 70 urte baino gehiago dituzten bizilagunak salbuetsita egongo dira. Bigarren fasean ere beste bat aintzat hartu dute: «Fisioterapia lanak egiten dituztenak kontuan hartuko dira, eta sartzeko baimena ematea onartu egin da».
Horrez gain, herritarrek baimen bereziak eskuratzeko aukera ere izango dute, horretarako arrazoi justifikatu bat badago. Atzerriko matrikula duten ibilgailuen jabeek, berriz, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute hirira iritsi aurretik, ibilgailuaren datuak, antzinatasuna, matrikulazio data eta jabearen izena adierazita.
EB Europako Batasunak onartutako zuzentarauek zehaztu eta Espainiako Gobernuak erabaki duenez, 2025. urtea hasterako emisio gutxiko eremuak izan behar dituzte 50.000 biztanle baino gehiagoko hiriek. Horietako bat da Donostia. Iruñean eta Bilbon ja martxan daude, eta Gasteizek ez du emisio gutxiko eremua sortzeko proiekturik aurkeztu, baina diseinatzeko lanean ari da. Gehiago falta zaie Barakaldori, Getxori eta Iruni.