Donostiako epaitegi batek esan du «diskriminatzailea» dela udaltzain izateko euskara eskatzea

Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko Donostiako Udalaren deialdi baten harira eman du sententzia, lanpostua eskuratu nahi dutenetako batek abiatutako helegiteari erantzunez.

DONOSTIAKO UDALETXEA
Donostiako udaletxea, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 8a
18:30
Entzun

Euskararen normalizazioa eragotzi nahi duten sententzien harira, aspaldi ari da euskalgintza «oldarraldi judizialaz»; funtzio publikoan euskararen erabilera sustatzeko neurrien kontrakoak dira ebazpen horietako asko, eta horra, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu da orain horietako bat: ebatzi du «diskriminatzailea» dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko Donostiako Udalaren deialdi baten harira eman du sententzia, lanpostua eskuratu nahi dutenetako batek abiatutako helegiteari erantzunez.

Udalak atzera bota zuen izangaiaren eskea, lan deialdian ezarritako irizpideak legezkoak zirela iritzita, baina, sententziaren arabera, ez zuen ondo jokatu. Zehazki deialdia bi udaltzain lanpostu egonkortzeko zen, eta bientzat ezarri zuten bigarren hizkuntza eskakizuna: B2 maila. Helegitea abiatu zuen izangaiaren arabera, funtzio publikoko lanpostuetara heltzeko duen oinarrizko eskubidea «urratu» zuten eskakizun horrekin.

Epaiaren arabera, Donostiako Udalak ez ditu aski argudio sendoak erabili lan deialdi horretan euskara eskatzea derrigorra zergatik den azaltzeko. «Ez da ezinbestekoa denek euskara jakitea herritarrei hizkuntza koofizialean zerbitzua emateko», ondorioztatu du. Horiek horrela, eskari hori ezinbesteko gisara ezartzea herritarren zati handi batentzat «diskriminatzailea» da, sententziaren arabera. Epaia ez da irmoa, eta helegitea jartzeko era du Donostiako Udalak.

Epaian propio aipatzen da aurrez udaltzain postuetan euskara behar ez zela argudiatuz eman zen beste ebazpen bat. Hain justu ere, 2021eko maiatzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela Irungo udaltzain lanpostuetarako deialdietan euskaraz jakitea eskatzea. Epaiak haserrea piztu zuen, eta udalak berak kasazio helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak ez zuen gero hura onetsi. EAEko Auzitegi Nagusiaren erabaki hura irmo deitoratu zuten Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, hain zuzen ere, euskaldunek administrazioan euskaraz arreta jasotzeko eskubidea urratu zela iritzita eta epai «politikoa» zela argudiatuta.

Epai hartan argudiatu zen administrazioak «bideak» bilatu behar dituela herritarrei euskaraz arta emateko inor «diskriminatu» gabe lanpostu publiko bat eskuratzeko izan dezakeen asmoan. Bide horretan, orain Donostiako Udalak abiatutako lan deialdi honekin lotuta eman duten sententzian ere adierazi dute bikoteka egiten dutela normalean lan udaltzainek, eta, horiek horrela, aski dela bikote bakoitzean euskaraz dakien polizia bat egotea.

Jurisprudentzia

Ez da deus berria. Gero eta ugariagoak dira hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak, eta gero eta usuago erabiltzen dituzte epaileek aurrez norabide berean ebatzitako sententzietako argudioak epaietan. Horren gaineko kezka azaldu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak joan den hilean, jakin zenean epaile batek ontzat jo zuela Erandioko behargin baten (Bizkaia) udal eraikinetan atezain aritzeko euskaraz ez jakiteko eskea. «Oldarraldiaren barruan, haiek berek sortutako jurisprudentzia darabilte oldarraldiarekin jarraitzeko», ohartarazi zuen Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak.

Epaien kontrako protestak ugariak izan dira igaro hilabeteotan, batean eta bestean. Eta oldarraldi judizialaren kontrako mezu guztiek bat egin zuten azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio jendetsua egin baitzuen, Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen: 70.000 pertsona batu ziren. Kontseiluak «akordio soziopolitiko berri bat» eskatu zuen euskararentzat.

Manifestazioaren ostean, euskararen garapenaren aurkako epaiak ebazten direnerako protokolo bat aurkeztu zuen Kontseiluak. Hizkuntza eskubideen aurkako erasoen harira «antolatzeko eta saretzeko» asmoz sortu zuten tresna hori.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.