Donostiako Bulebarra hartuko dute, hiri «bizigarri» baten alde

Donostia Defendatuz koordinakundeak denetariko mahai inguruak antolatu ditu, 'Herritarron plaza' egitasmoaren barruan. «Donostiako egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dago», salatu dutenez.

Donostia Defendatuz koordinakundeko Rosa Lopez eta Maialen Briz, gaur egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia Defendatuz koordinakundeko Rosa Lopez eta Maialen Briz, gaur egindako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 24a
12:15
Entzun

Donostia Defendatuz koordinakundea hiriko hainbat gizarte mugimenduk eta bizilagunen elkartek osatzen dute, eta Bulebarra Herritarron plaza bilakatuko dute larunbatean. Eguerditik iluntzera arte, denetariko mahai inguruak egingo dituzte, turistifikazioari, hirian mugitzeko moduei, elkartasunari, ondareari eta etxebizitzari buruz. Koordinakundeak salatu du Donostia gero eta desegokiagoa dela bizitzeko, eta, horregatik, hiri «bizigarri» baten aldeko kalejira aldarrikatzailea ere egingo dute.

Koordinakundearen ustez, Donostiako Udalaren jarduna interes ekonomiko partikularren aldekoa da «sistematikoki». Zera esan nahi du horrek, haien iritziz: «Donostia saldu nahi dute». Udalak bultzatutako hainbat proiekturen aurka egin du hainbat gizarte mugimenduk eta bizilagunen elkartek osatzen duten plataformak: Basque Culinary Centerren Groseko eraikinaren proiektua kritikatu dute, eta hiria tentsio handiko eremu bilakatu ez izana, besteak beste. «Donostiako egungo hiri eredua gutxiengo baten onurara bideratuta dago; gehiengoaren bizi baldintzak baztertuta geratzen dira sektorerik pribilegiatuenen mesedetan», gaitzetsi dute gaur Donostiako udaletxearen aurrean egin duten prentsaurrekoan.

Bizilagunak «erdigunean» jarriko dituen hiri eredu baten alde egin du Donostia Defendatuz-ek, eta hori plazaratuko du larunbat honetan. 12:00etan hasiko da Herritarron plaza-ko lehen mahai ingurua, eta 20:00etako kalejirarekin amaituko dute eguna. Mahai inguruez gain, bertso saio bat, bazkari herrikoia eta Gartxot musikariaren kontzertua ere izango dira Bulebarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.