Donostiako AZGAk hitz egitera deitu du GKS, «irtenbide bat» adosteko

GKS prest azaldu da negoziatzeko, baina «betoak» kentzeko eskatu dio ezker abertzaleari

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak deituta atzo Donostiako Trinitate plazan eginiko agerraldia. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
Donostia
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan erasoak eta liskarrak izan ziren Donostiako Parte Zaharrean. AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak salatu zuen Gazte Koordinakunde Sozialistaren inguruko hainbat lagunek AZGAko kide bati eta auzoko gazte bati eraso zietela eta hura «antolatua» izan zela. Herria kultur elkarteak ere hala berretsi zuen ohar batean, azalduta talde batek kaputxak jantzita eta Ikatz kalearen bi aldeetatik sartuta jardun zuela. GKSk, berriz, salatu zuen bere kide bati etxera jarraitu ziotela eta «jipoitu» egin zutela. Atzo, tentsio horretan eta egoera «guztiz deskontrolatuta» dagoela iritzita, AZGAk elkarretaratze bat egin zuen, eta jakinarazi auzoko eragileen mahaira deitu dutela, GKS barne, egoerari «irtenbide bat» emateko asmoz: «Errespetuan oinarrituriko espazio seguruen, pluralen eta parte hartzaileen alde egiten jarraituko dugu, betiere auzoaren eta auzotarron mesedetan».

GKSko kideari eginiko erasoaren harira, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak jakinarazi zuen eraso egin zuen kidea kanporatu dutela eta hark bere gain hartu duela «erantzukizun osoa»: «Ez dugu inongo erasorik onartzen». Hori horrela, GKSri ere eskatu dioteAZGAko kideari eta Parte Zaharreko gazteari eraso zieten mugimendu sozialistako kideen inguruan ere «jarrera bat» har dezala. Era berean, nabarmendu zuen AZGA herri mugimenduaren parte dela eta ez duela harreman «organiko edo estrategikorik ez ezker abertzalearekin, ez Jarkirekin, ez beste inongo eragilerekin», eta, beraz, Gazte Asanbladak ez duela «beto politikorik» ezarri; kontrara, esan du GKSk Gazte Asanbladari eginiko «erasoak» eragin zuela hura AZGAtik kanporatu izana.

Bestalde, GKSk ere agerraldi bat egin zuen Donostian, «ezker abertzaleak daukan eraso kanpaina antikomunista salatzeko». GKSk ezker abertzalea egin zuen larunbat iluntzean gertatutakoaren erantzule, eta «tentsioa kalera eramateko hautua» egin izana egotzi zion. Negoziaziorako deia egin zuen GKSk ere: EH Bilduri eta Sorturi eskatu die «txosnetako beto politikoen kanpaina» eten dezala eta GKSren «militantzia politikoa aitortu eta errespetatu» dezala: «Gazte langileen arteko guda zentzugabe bat ekiditeko borondatea agertzen dugu. Aipatu marra politikoak errespetatzeko borondate politikoa badago, ezker abertzalearekin negoziatzeko prest agertzen gara». Marra gorri horiek dira «militanteen segurtasuna, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta finantzatzeko eskubidea».

Halere, oharra egin zuen GKSk: «Gure antolakunde eta militanteen aurkako erasoek jarraitzen badute, komunismoaren aurkako kanpaina zikinak jarraitzen badu, EH Bildu eta Sortu alderdiak udan sortu daitekeen agertokiaren erantzule egiten ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.