Donostiako Atano III.ak hartuko du EAJren Batzar Nagusia

Martxoaren 29an, larunbatarekin, txosten politikoen inguruko eztabaida egingo dute, eta, biharamunean, Aitor Esteban izendatuko dute Euzkadi Buru Batzarreko presidente, ezusterik ezean.

Esteban eta Ortuzar elkarren ondoan egon dira gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Esteban eta Ortuzar elkarren ondoan egon dira gaur, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2025eko otsailaren 19a
19:00
Entzun

Donostiako Atano III.a pilotalekuan egingo dute EAJren IX. Batzar Nagusia, martxoaren 29an eta 30ean. Larunbatean,10:00etan hasita, txosten politikoei aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dituzte ordezkariek, eta, egokitzat jotzen badute, behin betiko testua onetsi; Euzkadi Buru Batzar berriaren ekintza politikoa egituratuko dute bost txosten horiek, tartean dela «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea» eskatzen duena.

Era berean, ebazpen proposamenak eztabaidatuko dituzte, eta prozesuan jasoko diren jakinarazpenak irakurri. Biharamunean, hilaren 30ean, Aberri Batzarrak EBBko presidentea eta 2025etik 2029ra bitarteko burukideak izendatuko ditu, goizeko 10:30ean hasita. Afiliatuak batzokietan bozkatzen ari dira egunotan, zehazteko zer alderdikide egongo diren EAJren zuzendaritzan. Hautagai bakarra dago presidente izateko: Aitor Esteban, EAJren egungo eleduna Espainiako Kongresuan. Andoni Ortuzarrek, hamabi urtez alderdiko burua izan denak, uko egin zion hautagai izateari, nahiz eta berak bildu boto gehien lehen itzulian.

EAJk «sinbolismoz betetako agertokitzat» jo du Anoetako pilotalekua, «leku nabarmena baitu Euskadiko imajinario kolektibo eta politikoan»

EAJk jakinarazi du 11:30ean Atano III.aren ateak irekiko dizkiela gonbidatuei eta komunikabideetako profesionalei, Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariaren izendapenaren eta haren lehen hitzaldiaren lekuko izan daitezen. Iturri jeltzaleek azaldu dute Anoetako pilotaleku zaharrak beharrezko «baldintza emozional, politiko eta logistiko guztiak» betetzen dituela Batzar Nagusia egiteko. Gogoratu behar da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan EAJk  hitzeman zuela Anoetako kirol instalazio gehienak eraberritzea, tartean Atano III.a.

Pilotalekuaren sinbolismoa

«Gune osoa dago eraberritze eta berritze prozesu sakon batean murgilduta, eta, hura amaitutakoan, Europako abangoardian jarriko du Donostia kirol eskaintzaren arloan», irakur daiteke kongresuari buruzko informazioa ematen duen oharrean. Halaber, EAJk «sinbolismoz betetako agertokitzat» dauka pilotaleku hori, besteak beste «leku nabarmena baitu Euskadiko imajinario kolektibo eta politikoan». 1967an Uztapide eta Xalbador bertsolariek jokatutako finalari erreparatu diote, baita Retegi II.aren eta Galarza III.aren arteko eskuz banakako finalari ere.

Arlo politikoan, EAJk gogoratu du 1970eko irailaren 18an Joseba Elosegi gudari eta buruzagi jeltzaleak Franco diktadorea Munduko Pilota Txapelketan zegoela aprobetxatu zuenekoa, «bere buruari su eman eta diktadorearen gainera jauzi egiten saiatzeko». Elosegi koman egon zen hamazazpi egunez; gero, atxilotu egin zuten. eta kartzelan egon zen 1973ra arte.

Ortuzar eta Esteban elkarrekin

Gaur, Ortuzarrek EBBko buru izateko lehia utzi zuenetik estreinakoz, batera azaldu dira EAJko presidentea eta haren ordezko izango dena, Aitor Esteban. Elkarren ondoan eseri dira Donostian aurkeztu duten Euskorpus proiektua plazaratzeko ekitaldian, Miramongo teknologia parkean. Han izan dira, halaber, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta haren gobernuko zenbait sailburu. Modu horretan, EAJk erakutsi nahi izan du Ortuzar eta Esteban ondo moldatzen direla, baina jakina da Ortuzarrek lehia utzi zuela, preseski, Estebanek asmoa adierazi zuelako EBBko presidentetzarako bigarren itzulira aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.