«Pertsona arrazializatuen eta, batez ere, bazterketa egoeran daudenen aurkako biolentzia inoiz baino gordinagoa eta sistematikoagoa da; eta, horrekin batera, kolektibo horren aurkako kriminalizazioa orokortzen ari da». Salaketa irmoa egin dute gaur Donostiako 35 eragilek. Hiriko udaletxearen aurrean dozenaka herritar bildu dira, kezkatuta daudelako azkenaldian hirian izaten ari diren «jarrera arrazista, klasista eta faxistekin».
Jarrera horietako batzuk zein diren azaldu dute: «Martutene auzoko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte; segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu eta identifikatzen dituzte, eta lapurreta egiten diete; zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira; margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan; eta Telegram eta Instagram sare sozialetako zenbait kontu pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen ari dira, biolentziarako deiak eginez». Egoera ikusita, pertsona horien kontrako indarkeria «inoiz baino gordinagoa» dela salatu dute.
Gehitu dute «egungo ezegonkortasun egoerak» indartu dituela «jarrera atzerakoi eta faxistak». «Pobrezia orokortuari aurre egin eta erantzuleak seinalatu beharrean, prozesu horren konplize bilakatu nahi gaituzte, 'azpian' daudenak zapaltzeko deia eginez», azaldu dute. Ikuspegi hori «makineria oso batek» indartu duela uste dute. «Hau honela, bizi dugun gatazka sozialari eusteko instituzioek dituzten mugak garbiak direla uste dugu eta, hein handi batean, horrek proposamen politiko atzerakoiei ateak irekitzen dizkiela», borobildu dute.
Jarrera «faxista eta atzerakoiei» dagokienez, «etorkinen kanporaketa, mugen itxiera, polizien areagotzea eta bestelako neurriak» proposatzen dituztela diote eragileek. Ildo horretan, aski kezkatuta daude eskuin muturreko alderdien mobilizazioengatik. Adibidez, PPk Egian egin zuen elkarretaratzea, edo Juventud Combativa izeneko antolakundeak sareetan zabaldutako bideoak.
Egoerari aurre egiteko ezinbertzekoa zaie «mugimendu zein diskurtso faxistei arnasgune bat bera ere ez uztea eta jarrera atzerakoiak arbuiatzea». «Bide beretik, beharrezkoa deritzogu egiturazko pobreziari aurre egitea eta bazterkeria betikotzen duen Atzerritarren Legearekin, zein 'garbiketa politika' oro amaitzea», gehitu dute. Hala, herri gisa antolatzearen alde egin dute: «Antolakuntza eta kultura antierrepresibo, antirrazista eta antifaxista indartzea dagokigu».
35 eragile
Agerraldiarekin bat egin dute Donostiako 35 eragilek: Ernai, Intziri, bilgune feminista, Donostiako Piratak, Donostialdeko EHGAM, Bizilagunekin plataforma, Saretxe, Kaxilda, Piztu, ErratikoCamino, Amara Berriko Ilunki elkartea, Infernua Bizirik, Donostiako transmaribollo asanblada, Donostia Palestina, Egia Bizirik, Sare Antifaxista, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Itaia, GKS, Ikasle Abertzaleak, Txantxarreka gaztetxea, Txago, Kaleko afari solidarioak, Hiritarron Harrera sarea, Basajaun elkartea, Guztiontzako Egia auzotar sarea, Sarroeta auzo elkartea, Martutene Bizirik, Birunda, Ongietorri Errefuxiatuak, Komite internazionalistak, ESK sindikatua, Letaman gaztetxea, Donostiako Askapena eta Aske antolakundea.