Donostiak trafikoa mugatuko duen emisio gutxiko eremua aurkeztu du

Datorren urtean onartzea espero du udalak. Ibilgailu motordun kutsagarrienen joan-etorria debekatuko du, antzinatasunaren arabera. Parte Zahar osoan, erdialdean, Amara Zaharrean eta San Roken ezarriko da.

Donostiako emisio gutxiko eremua
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abenduaren 19a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiak emisio gutxiko eremu bat ezarriko du datorren urtea amaitu baino lehen. Hau da, mugatu egingo du motordun ibilgailuen trafikoa, horiek atmosferara igortzen dituzten gai kutsagarrien kantitatea apaltzeko. Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak eta Olatz Iarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarrikoak goizean egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, ibilgailu kutsagarrienen joan-etorriak debekatuko dira eremu horren barruan, antzinatasunaren arabera.

Emisio gutxiko eremua Parte Zaharretik Araba parkeraino hedatuko da, eta erdigunea eta San Roke hartuko ditu. Udalak adierazi duenez, horiek dira trafiko dentsitate handieneko guneak eta aire kalitaterik eskasena dutenak. Eremurako sarrerak kamera bidez kontrolatuko dituzte. Kamerek automatikoki irakurriko dituzte ibilgailuetako matrikulak. Behin identifikatuta, denbora errealean baieztatuko da ibilgailu bakoitzaren antzinatasuna, eta eremura sartzeko debekua duen ala ez.

Emisio gutxiko eremua bi fasetan sartuko da indarrean, 2024an hura arautuko duen ordenantza onartu ondoren. Lehen fasean, 2027 amaitu bitarte, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuei debekatuko zaie eremura sartzea. Bigarren fasean, 2028tik aurrera, B etiketa dutenak ere ezingo dira sartu. 0, Eko edo C etiketadunek soilik izango dute baimena.

Irizpide orokor horrek salbuespenak izango ditu, eta udalak aurreikusten du baimen batzuk ematea: besteak beste, eremu barruko bizilagunentzat, profesionalentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat. Herritarrek baimen bereiziak eskuratzeko aukera ere izango dute, horretarako arrazoi justifikatu bat dagoen kasuetan.

Mugikortasun plana

Emisio gutxiko eremuaren proiektua Donostiak 2024-2029ko aldirako aurkeztu duen mugikortasun planaren parte da. Goiaren esanetan, plan horren helburua da hiriko airearen kalitatea hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea, segurtasuna handiagoa lortzea, eta, finean, herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.

Mugikortasun planak jasotzen dituen bestelako neurrien artean daude Topoa eta abiadura handiko trena martxan jartzea, autobusez eta bizikletaz mugitzeko sareak egokitzea, oinezkoentzako gune gehiago zabaltzea, eta disuasioko aparkalekuak egitea.

Gobernu batzordeak mugikortasun planaren eta emisio gutxiko eremuaren proposamenak onartuko ditu hurrengo asteartean, eta, ondoren, prozesu bat abiatuko du, horiek ezagutarazteko eta ekarpenak eta alegazioak jasotzeko. Udalak espero du bi proiektuak 2024ko lehen seihilekoan onartuta izatea, eta emisio gutxiko eremuaren ordenantzari bide ematea datorren urtea amaitu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.