Donostiak debekatu egingo du Parte Zaharreko etxeetan hotel gehiago ezartzea

Udalak hirigintza plana moldatzea adostu du. Neurriarekin, «eragotzi» nahi du turismoari lotutako komertzio jarduera berriak abian jartzea

Donostian hotel gehiegi egiten ari direla salatu izan dute eragileek. J.C. RUIZ / FOKU.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Donostiako udal gobernuak behin-behinean onartu zuen atzo Parte Zaharreko Plan Orokorra moldatzea. Ondorioz, debekatuta egongo da etxebizitza eraikinetan hotelak jartzea. Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, neurri horrekin, babestu nahi dute etxebizitza horiek jendea bizitzeko izatea. Horrez gain, «eragotzi» asmo dute «turismoaren etengabeko hazkundearekin lotuta» daudenmerkataritza jarduera berriak ezartzea hirian, hala nola hotelak eta ostalaritza negozioak.

Plangintzaren zati bat besterik ez dute moldatuko oraingoz, luzea baita hirigintza plana osorik aldatzeko tramitazioa. Alabaina, azken hilabeteetan ez da posible izan etxebizitza eraikinetan turismo negozioak jartzea. Izan ere, maiatzaren 24an eman zuten «lehen pausoa» auzia arautzeko, eta adostu zuten bi urtean lizentzia gehiagorik ez ematea. Atzo onartutako aldaketak Parte Zaharreko egoera arautuko du, baina udalak nahi du neurriak hiri osoan izatea eragina. Horretarako, Goiak adierazi du espero duela otsailean plan orokorraren moldaketa bat onartzea. Parte Zaharreko prozedura berari jarraituko liokete: bi urtean lizentzia berririk ez ematea, eta gero tramitatzea behin betiko moldaketa.

Turismoaren gorakadak gatazka sortu du Donostian. Herritarrek «masifikazioa» salatu izan dute. Horrez gain, Gipuzkoan, 2017. eta 2019. urteen bitartean gutxienez 25 hotel irekitzeko asmoa zegoen, gehienak hiriburuan. Hori arautzeko asmotan erabaki du udalak neurriak hartzea.

Goiak azpimarratu du ez dutela etxerik hustu indarrez hotelak egiteko; «kasu gehienetan», hutsik eta erabilpenik ez zuten eraikinak aprobetxatu izan dira. Arauak aldatzearekin, udaleko ordezkariek nahi dute «ezinezkoa» izatea etxebizitzak hirugarren sektorera bideratzea.

Planari aurre egiteko batuta

Udalaren hirigintza politika salatzeko, Donostia Defendatuz plataforma aurkeztu zuten duela bi aste. Zenbait herri mugimendu eta elkarte batu dira, «hirigintza garbi, parte hartzaile eta iraunkor baten alde». Udalaren kudeaketa «txarra» salatu nahi dute, eta asmoa da «borroka lokal txikiei ahotsa ematea». Besteak beste, aurre egin nahi diote hotel berriak «mugagabe» hedatzeari eta merkataritza guneak eraikitzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.