Donostia, teknologia kuantikoan «erakarpen gune» izateko bidean

Basque Quantum proiektua aurkeztu dute IBMk eta Eusko Jaurlaritzak. Munduko seigarren ordenagailu kuantikoa hartuko du Ikerbasquek

Dario Gil, IBM Research taldeko lehendakariordea, atzo. JON RODRIGUEZ / IREKIA.
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Basque Quantum izeneko aliantza aurkeztu zuten atzo Donostiako Tabakaleran. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta IBM enpresa teknologikoaren arteko proiektua da, eta, horren bidez, munduko seigarren superordenagailu kuantikoa jarriko dute IBM-Euskadi Quantum Computational Center izeneko zentroan. Ikerbasqueren egoitza berrian egonen da zentro kuantiko hori, Donostian.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, EAE Euskal Autonomia Erkidegoak «prest» egon behar du halako erronkei heltzeko: «Oraindik ez dakigu zehazki ordenagailu kuantikoak zer etorkizun ekarriko digun, baina prest egon nahi dugu; horregatik segitu behar dugu etorkizuneko proiektuetan inbertitzen». Urkullurekin batera, Basque Quantum aliantzaren aurkezpen ekitaldian izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta IBMko ordezkariak.

120 milioi, 2028ra arte

Basque Quantum proiektuaren lehen urratsetako bat zera izanen da, «teknologia kuantikoen ikerketarako zentro bat» sortzea, IBM Quantum System One ordenagailu kuantikoa hartzeko. Munduko seigarren superordenagailu kuantikoa izanen da, eta Europako bigarrena, eta IBMk bultzatutako nazioarteko sare bati atxikia egonen da. Aurretik, AEBetan, Alemanian, Japonian, Kanadan eta Hego Korean jarri dituzte.

Ekitaldian, IBMren eta Euskal Herriko erakundeen akordioaren garrantzia azpimarratu zuen Urkulluk, «aukera ematen baitu mundu osoan erakarpen gune izateko, zientzia alor estrategikoenetako bateko ikerketan».

Joan den astean sinatu zuten hitzarmena IBMk eta Ikerbasque Fundazioak: 50,8 milioi euroko inbertsioa jasotzen da bertan. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ere ekarpenak eginen dituzte. Guztira, erakundeek 120 milioi euroren inbertsioa eginen dute Basque Quantum proiektuan, 2028ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.