Auto ilara luzeak, frustrazioa eta etsipena: halaxe ibiltzen dira langile eta pazienteak aparkatzeko leku bila ari direnean. Autobusak, jendez gainezka. Horra hor Donostia ospitalera iristean den giroa. Duela hilabete batzuk ordainpeko aparkalekuan obretan hasi zirenetik —protoi terapia zentroa egiten ari dira—, murriztu egin dute paziente eta langileentzat dagoen leku kopurua, eta, horregatik, ospitalera joan behar duen orok kaosari aurre egin behar dio aparkalekua lortzeko.
Goizean goiz, Lurdes Moreno erizainak egunero nola ibili behar izaten duen azaldu du, haserre: «Lanera berandu iritsiko nintzenez, aparkatzea mugatuta dagoen eremu batean aparkatu behar izan nuen». Gaizki, alegia. Ez da lehen aldia. Onartu du horrelakoetan inoiz isuna jarri diotela. Hala egin izan du, haren esanetan, beste aukerarik ez duelako. Bi aukeren artean erabaki behar du askotan: lanera berandu iritsi edo isuna jaso.
Bada beste aukera bat ere. Morenok bere ohiturak aldatu behar izan ditu ospitalera garaiz iristeko: «Ezin dut askoz gehiago lo egin. Ordubete lehenago jaikitzen naiz, aparkalekurik gabe geratuko ez naizela ziurtatzeko. Eta ospitaletik hamabost minutura bizi naiz...». Argi utzi du gertatzen ari dena desastre hutsa dela eta ezin dela horrela jarraitu.
«Lanera berandu iritsiko nintzenez, aparkatzea mugatuta dagoen eremu batean aparkatu behar izan nuen»
LURDES MORENODonostia ospitaleko erizaina
Autoak aparkalekuaren inguruan behin eta berriz bueltaka dabiltzan bitartean, Aitor Lizarazu ospitaleko langileak esan du pazienteei ordubete lehenago iristeko gomendatzen diela askotan, baina batzuentzat «ezinezkoa» dela hori egitea. «Okerrena da aparkalekuko estresak guztiei eragiten diela, pazienteak aztoratuta iristen dira, eta, azkenean, antsietate hori kontsultan nabaritzen da», kontatu du, sumindura ahotsean. Langileengan ere eragina du egoerak: «Aparkalekuaren mende gaude lanera garaiz iritsi ahal izateko».
Ospitalean barrena, kaos sentsazioa areagotu egiten da. Eta gero eta gehiago dira espaloi gainean gaizki aparkatutako autoak. Erizaintzako talde bat ospitaleko sarreratik gertu bilduta dago, eta horietako batek, Marta Arenazak, esan du aparkalekuak ez duela gehiagorako ematen. «Atzo ospitaletik kanpo aparkatu behar izan nuen, errepide ertzeko leku batean, eta trafikoarekin, noski, ia berandu iritsi nintzen lanera». Arenazarentzat, ez da nahikoa goiz iristea lekua aurkitzeko: «Batzuetan, autoa hain urrun dagoen leku batean jarri behar izatea da gehien estresatzen nauena. Ezin dugu horrela jarraitu. Pazienteek nabaritzen dute, eta okerrena da ez dakigula zer gertatuko den aurrerantzean».
Arenazak dioenez, lankide batzuk ordubete lehenago joaten dira, gertu aparkatu ahal izateko, eta autoan prestatzen dira lanerako, ordua iritsi bitartean. «Normalean etxean prestatzen gara, makillatu, lasai gosaldu… Batzuentzat hori egiteko leku berria autoa da», azaldu du.
Donostia ospitaleko langileek Doako Parkinga Denontzat plataforma sortu dute, eta mobilizazioak egiten hasi dira langileentzako eta erabiltzaileentzako aparkalekuen eta garraio publikoaren faltaren arazoari irtenbidea emateko.
Aukera desberdinak
Aparkaleku faltaren arazoari aurre egiteko beste modu bat da beste norbaitek eramatea, autoa aparkatu behar ez izateko. Hori egiten du Xabier Sarriondo onkologiako erizainak. Hasieran bere autoan etortzen zela kontatu du, baina gero eta zailagoa eta etsigarriagoa zen. «Ordu erdi egoten nintzen egunero aparkaleku bila, eta batzuetan berandu iritsi izan naiz lekurik ez aurkitzeagatik». Horregatik, egoera hobetzen den bitartean, bikotekideak ekartzen du goizean goiz. «Hori ez da irtenbidea, ez dugu horrela ibili behar egunero lanera etorri ahal izateko», azaldu du, zapuztuta.
Eta garraio publikoa? «Garraio publikoan etortzea beste aukera bat da, noski. Baina lan ordutegia autobusekin edo trenarekin bat ez datorrenean? Ni berandu ateratzen naiz, eta ez dago modurik ordurik galdu gabe etxera itzultzeko», esan du Leire Lizarbek, ospitaleko langileak. Lizarbe autobusez iristen da Zarauztik (Gipuzkoa), beste langile eta paziente asko bezala. «Lotsagarria da ospitalea bezalako oinarrizko zerbitzu batean garaiz iristeko aukerak mugatuak izatea».
Pazienteak eta senideak
Arazoak, ordea, ospitaleko langileei ez ezik, pazienteei eta haien senideei ere eragiten die. Pazienteen artean, askok ez diote konponbiderik ikusten. «Ospitalean esan didate ez dagoela zer eginik, nik moldatu behar dudala esan didate», azaldu du astero tratamendua jasotzera joaten den paziente batek, Elena Etxeberriak. «Joan den astean, berandu iritsi nintzen kontsultara, aparkatzeko lekurik ez zegoelako. Eta esan zidaten horrela jarraituz gero nire tratamendua atzeratu zitekeela. Sumingarriena da badirudiela errua guri botatzen digutela». Ahots lasai baina irmoarekin, esan du egun batzuetan hogei minutu baino gehiago eman behar izan dituela ospitaleko atera iristeko, urruti aparkatu ondoren. «Nik orain ez dut lehengo erresistentzia, eta askotan hori egin behar izatea esfortzu bat da niretzat».
Kexak etengabeak dira. Askok kontatzen dute kontsulta ordua aldatu behar izan dutela ezin izan dutelako aparkatu, eta nola ohi baino askoz goizago joan behar izan duten garaiz iritsiko direla ziurtatzeko. Haien artean, Patricia Lerinek, medikuarekin ordua zuen emakume batek, kontatu du kontsulta galtzeko zorian egon zela aparkalekua beteta zegoelako. Ia joateko zorian zegoela, auzoko bizilagun batekin topo egin, eta hark esan zion nahi izanez gero bere lekuan aparka zezakeela. «Egia da denek ez dutela zorte hori», onartu du. «Ez gatoz supermerkatura, ospitalera baizik, eta ezin dugu horrela ibili kontsultara iristeko».
«Ez gatoz supermerkatura, ospitalera baizik, eta ezin dugu horrela ibili kontsultara iristeko»
PATRICIA LERIN Pazientea
Raul Silbanez pazienteak dio «zaila» dela aparkalekuaz ez kezkatzea: «Ni asko ez kezkatzen saiatzen naiz, baina kezkatuko ez gara ba: bai langileak eta bai pazienteok aparkalekuaren mende gaude ordu egokian iristeko eta kontsulta ordua ez galtzeko». «Okerrena da ez dakigula noiz arte jarraituko dugun horrela, nola eutsiko diogu egoera honi?». Silbanez ziur dago, behin-behineko aparkalekuez gain, epe luzerako irtenbide bat beharko litzatekeela, ziurtatzeko lekuak ez dituztela gehiago murriztuko, gehitu egingo dituztela.