«Zehaztasuna». Hori falta dute, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan abendutik protestan ari diren langileen ustez, Osakidetzatik akordio bat lortze aldera jaso dituzten proposamenek. Horiek horrela, behin betiko dokumentuak behar adinako «zehaztasuna» ez duen bitartean, protestak egiten jarraituko dute: alegia, Donostia ospitalearen parean elkarretaratzeak egiten jarraituko dute. Oihartzun handia izan dute protestok, lehen lerroan jarri direlako erietxeko zerbitzuburu gehienak; itzala eta boterea izaten dute zerbitzuburuek ospitaleetan, eta haiek protestan ikusteak harridura eta ezinegona sortu du. Protestan ari diren denak ez dira, hala ere, zerbitzuburuak; batzar batean elkartuta ari dira langileak, eta bestelako kategorietako profesionalak ere badira.
Abenduaren hasieran hasi zituzten protestok, eta, ordutik, astelehen goiz gehienetan berritu dituzte mobilizazioak. Esana zuten gaur ez zutela egingo elkarretaratzerik, baina batzarra egingo zutela, eta hor erabakiko zutela zer erantzun eman Osakidetzatik jasotako proposamenei. Lehengo astetik jakina zen hainbat dokumentu trukatu zituztela bi aldeek, eta langileak aztertzen ari zirela zer egin. Urtarrilaren 18an bilera izan zuten Osakidetzako buruekin, eta han aurrerapausoak ikusi zituztela esan zuten; argi utzi zuten, ordea, han ahoz jasotakoak «idatziz» ikusi nahi zituztela. Erantzunean «zehaztasun» handiagoa nahi dute orain.
Felix Zubia eta Jon Zabaleta medikuek eman dituzte gaur argibideak kazetarien aurrean. Aditzera eman dutenez, Osakidetzaren erantzunetan erantsita daude edukiei zehaztasuna kentzen dieten hainbat ohar. Esaterako, bertan jarritakoak «ahal bada» egingo direla jarri dute, edota horiek betetzeko «borondatea» dutela. Horiek horrela idatzita ikusita, ordea, konplituko ez diren kezka duten langileek, eta horregatik erabaki dute protestak ez etetea. Dokumentu trukean ez galtzea nahi dute langileek; azkena bidali zioten txostena Osakidetzak bere horretan sinatzea nahi dute. «Hori lortu arte erietxeko atean egongo gara».
Denera bost dokumentu trukatu dituzte bi aldeek negoziazioetan. Langileen nahia da laugarren dokumentua onestea; beraiek zuzendaritzari bidali zioten, eta bidali zuten eran sinatuta ikusi nahi dute.
Bost eskeen inguruan
Bost eskari zehatz plazaratu zituzten abenduaren 28an langileen ordezkariek, eta horiek lortzeko ahaleginetan ari dira orain. Felix Zubiak adierazi du, puntuz puntu, zertan dagoen eskeei emandako erantzuna. Lehen puntua izan zen Donostia erietxeko zuzendaritza medikoak ondo ezagutzea ospitalea, eta esan diete aintzat hartuko dutela hori. Bigarren eskean, langileen parte hartzea bermatzeko organo bat eskatu zuten; Osakidetzak orain adierazi die parte hartze hori bideratuko dela dekretu jakin batek emandako irizpideen arabera, eta langileak ez ditu ase erantzunak: eskea beteko den «konpromisoa» nahi dute. Ardura postuak ebaluatzea izan zen hirugarren eskea, eta hor lan batzorde bat martxan dela ikusi dute. Laugarren eskeak langileen egonkortasuna hobetzeko hainbat neurri zituen, eta zentroaren «erreferentzialtasunaren» alde egiteko ere eskatu zuten; bide horretan, LEP lan eskaintza publikoan, erietxeko langileen soslaiak bere horretan jarraitze aldera, hainbat eskari «espezifiko» egiteko eskatu zuten; orain erantzun diete, ordea, hori«ahal bada» egingo dela. Bosgarren puntua Onkologikoaren geroarekin lotuta zegoen, eta hor urratsak ikusi dituzte. «Beraz, bigarren eta laugarren puntuak falta dira», laburtu du egoera Zubiak .
Protestan ari diren asteotan langileen artean «nekea» nagusitzen ari dela onartu dute gaur goizean langileen ordezkariek. Hala ere, etsitzekoa asmorik ez dutela esan du Zubiak: «Bileretatik ateratzen gara pentsatuz bidea eginda dagoela, eta gero luzatu egiten da; ez dakit intentzioarekin egiten duten hori, gu nekatzea nahi duten. Baina ez dugu amore emango».
Zuzendaritzarekin oraingoz ez daukate bilerarik hitzartuta.