Behin betiko bakea, konponbidea, elkarbizitza. Horixe eskatu dute gaur goizean ehunka lagunek Donostiako kaleetan; Sarek antolatuta, manifestazioa egin dute Bulebarretik Easo plazara, eta euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatu dituzte.
«Baina hau zer da?». Turistaz eta bisitariz beteta dago Donostiako Erdialdea, eta zeharka begiratzen diote protestari, zer ote den zalantzan. Bitartean, manifestazioan, kaleak hartu dituzte ehunka herritarrek; etxera jartzen zuen oihal batek eta dultzaina jotzaileek zabaldu dute bidea. Dultzaina doinuen gainetik, oihu bat gailendu da: «Euskal presoak etxera!».
Ordubete inguruan Donostiako Erdialdean ibili ostean, Sarek Easo plazan zabaldu du mezua. Gabonen testuinguruan antolatutakoa izan da gaurko mobilizazioa. Adierazi dutenez, Gabonak «egun bereziak» dira, «urtean pasatutakoak gogoratzeko eta jai giroan ospatzeko» egunak; alabaina, nabarmendu dute Gabonetan ere badirela «momentu tristeak»: «Ondoan falta ditugunak gogoratzeko momentuak ere badira, eta indarkeria desberdinen eraginez gure ondotik joan direnez edo espetxean lau hormaren artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak». Sarek urtero antolatu ohi du Gabonen bueltan mobilizazioren bat; Martutenera (Gipuzkoa) joan ohi dira; ordea, aurten, Donostiako Erdialdera eraman nahi izan dituzte aldarriak, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auziari «aterabide integral bat» eskatzen diotela hiri guztian ikus dezaten.
Egoeraren argazkia ere eman dute: gaur egun, ETAk bere jarduera amaitutzat eman eta hamahiru urtera, 133 euskal preso daude espetxeetan, eta hemeretzi euskal herritar inguru iheslariak edo deportatuak dira. «Hamahiru urteren ondoren, salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeek. Orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituzten ere, are ageriagoan geratzen da lege horiek egun ekartzen duten salbuespena».
Bilboko manifestaziora
Horiek horrela, Sareren irudiko, eragile sozialen eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da etorkizunera begira jartzea, salbuespenak amaitzea, sufrimendua bukatzea eta gatazkaren konponbideari «aterabide integral bat» eskaintzeko lanean aritzea. Nabarmendu dutenez, horregatik guztiagatik batuko dira urtarrilaren 11n Bilbon: «Casillatik hasiko da manifestazioa, euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten, indarkeria desberdinen biktimek egia jakin dezaten, aitortuak izan daitezen». Finean, zera dute helburu: «Euskal Herriak horrenbeste behar eta merezi duen etorkizunari eta elkarbizitzari begira jartzea». Horretarako, uste dute ezinbestekoa dela guztiak etxeratzea: «Behin betiko bakea, konponbidea, elkarbizitza. Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera!».