Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremuak izendatzeko irizpideak malgutu ditu, eta, horri esker, Donostia, Bilbo eta Gasteiz osorik izendatu ahalko dira etxebizitzaren merkatua zorrotzago arautzeko eremu. Lehenago, Donostiako distritu guztiak izenda zitezkeen, bi izan ezik; Bilbon, zortzitik zazpi; eta Gasteizen, seitik bost. «Albiste ona» dela nabarmendu du gaur Eneko Goia Donostiako alkateak. 2025eko urtarrilaren 1ean udalerri bat tentsio handiko eremu izendatua izan dadin, aurten eskatu behar diote udalek Jaurlaritzari. Goiak adierazi du epe horien barruan «mugitzen» ari dela Donostiako Udala. Etxebizitzaren merkatua zorrotzago arautzen dute eremu horietan, eta ondorioak ditu bai maizterrengan bai jabeengan. Zenbait udalerrik ja egina dute eskaria; Errenteriakoak (Gipuzkoa), esaterako.
Iazko maiatzean Espainiako Gorteek onartutako Etxebizitza Legeak jarri zituen mahai gainean tentsio handiko eremuak, eta Eusko Jaurlaritzak abenduan aurkeztu zuen udalerriak hala izendatzeko prozedura. Orduan, Jaurlaritzak jakinarazi zuen zein udalerri eta zein distritu izenda zitezkeen tentsio handiko eremu. Paradoxa bat gertatu zen: Euskal Herriko errentarik handienetakoa duten herri batzuk zerrendatik kanpo geratu ziren; Getxo eta Donostiako auzo batzuk, esaterako.
Hala ere, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak udalerriak osorik aztertu ditu, eta ondorioztatu du beste hainbat udalerri tentsio handiko eremu bihurtu ahal izango direla; esaterako, Donostia. «Txosten honek baieztatzen du udalerri osoaren analisia egiteak aukera ematen duela tentsio eremu partzial gisa sailkatutako udalerri batzuk tentsio eremu oso gisa sailkatzeko», dio atzo argitaratutako txostenean. Hala, tentsio handiko eremu izendatu ahalko dira, osorik, udalerri hauek: Araban, Gasteiz; Gipuzkoan, Arrasate, Azkoitia, Donostia, Soraluze eta Tolosa; eta Bizkaian, Balmaseda, Bilbo, Erandio, Gernika-Lumo, Ortuella, Portugalete eta Trapagaran.
Eusko Jaurlaritzak bi irizpide erabili ditu udalak tentsio handiko eremu izendatzeko. Bietakoren bat betez gero, tentsio handiko eremu izenda daiteke: bata, alokairuen prezioen igoera, kasu honetan %17koa baino handiagoa izan bada (KPI + hiru puntu); bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada.
Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeak ondorioak ditu maizterrentzat eta etxeak errentan jartzen dituztenentzat. Kontratua amaitzen zaien maizterrek aparteko luzapena izan dezakete, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Urtez urteko luzapenak, gehienez hiru. Maizter berrien kasuan, alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren parekoa izango da, urteko eguneratze klausula batekin. Etxe bat bost urtean alokatu gabe egon bada, prezioak muga bat izango du: erreferentziazko prezioen indizeen sistema aplikatuta ezarritakoa. Tentsio handiko eremuetan etxejabe handitzat hartuko dira bost etxe edo gehiago dituztenak —bestela, hamar etxe edo gehiago dituztenak dira—.