Ikusten zuten Windows ez zela «sistema egokia», eta Donostiako Antigua-Luberri BHIn lanean hastea erabaki zuten. Horrela sortu zuten Luberri sistema eragilea orain 13-14 urte, eta martxan dago «dozenaka» ikastetxetan.
Ordura arte hainbat gabezia sumatzen zituztela nabarmendu du Alain Urizarrek, ikastetxeko zuzendariak. Batetik, enpresa baten softwarea erabiltzen zuten. Bestetik, «erdizka» euskaratuta zegoen, eta, gainera, ez zeukaten aukerarik esku hartzeko. Azkenik, programa asko «pribatuak eta ordainpekoak» ziren: «Ikasleek etxera joaten zirenean ez bazeukaten horrelako programa bat, ordaindu egin behar zuten ikastetxean egiten genituen lanak egiteko programak eskuratzeko».
Ikusi gehiago:Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko
Erremedioa jartzea erabaki zuten, sistema eragile bat ontzea: «Ikasleen eta irakasleen ordenagailuetan Luberri sistema eragilea daukagu; hori lehenesten da ikastetxean». Horrek zenbait abantaila dituelakoan dago Urizar. Esaterako, Luberri propio hezkuntzarako sortutakoa da; Windows, aldiz, orokorra eta «moldaezina». Gainera, Luberri erabat euskaratuta daukate, eta burujabea da: «Software librea da, eta horrek ematen dituen aukera guztiak ditu. Hau da, ikastetxe batek har dezake Luberri sistema, eta bere neurrira moldatu dezake. Sistema hauek ez dute daturik inora bidaltzen, ez dute daturik pilatzen. Hau da, burujabeak dira guretzat».
Alabaina, hutsuneak ere nabaritu dituzte. Esate baterako, administrazioaren babesik ez dutela izan azaldu du Urizarrek: «Jaso duguna da ez oztopatzea. Hori ezartzen utzi digute, baina ez dugu jaso zerbitzurik edo laguntzarik». Gainera, haren esanetan, Windows Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak mantentzen du; Luberri, ordea, ez: «Arazoren bat dugunean, gure artean konpondu behar dugu». Beraz, babesa galdegin du: «Luberri sistema eragile propio bat da, eta urteak dira. Erakutsi dugu funtzionatzen duela, euskalduna da, gurea, librea... Uste dugu ondo legokeela administrazioak laguntza eskaintzea».
Ikusi gehiago:Donibane Lohizune. Software librea lagun
Digitalizazioa hezkuntzan
Donostia. Arazoari etxeko konponbidea
Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu