Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Tomas Akinokoa lizeoko irakasle bati labanaz eraso egin diote gaur 10:00 aldera. Baionako fiskal Jerome Bourrierek jakinarazi duenez, biktima oso larri zegoen sokorri zerbitzuek artatu dutenean, eta hil egin da. Agnes Lassalle zuen izena, eta ikastetxe katoliko horretan irakasten zuen 1997. urtetik. 52 urte zituen.
Ustezko erasotzailea 16 urteko ikasle bat da. Atxilotua dute. Erasoaren ostean, sokorri zerbitzuek tokian bertan artatu dute irakaslea, baina handik gutxira zendu da, bihotz-biriketako geldialdi baten ondorioz.
Baionako fiskal Jerome Bourrierrek arratsaldean esan duenez, hilketa gisa ikertzen ari dira gertaera, atxiloturikoak labana handi bat zeukalako motxilan, paperean bilduta. Hau da, aurretik pentsatuta zuela hilketa egitea. Izan ere, ikaskide batzuen arabera, klasearen erdian altxatu da, eta, ezer esan gabe, ikasgelako atea itxi du barrutik. Gero, «lasai-lasai», irakaslearengana joan da, eta bularrean sartu dio labana.
Atxiloturiko nerabeak arazo psikologikoak dituela zabaldu dute. Beste ikasle batzuek esan dutenez, orain arte ez da inoiz arazorik sortu atxiloturikoaren eta irakaslearen artean. Edonola ere, goizean, erasoaren aurretik hitz xelebreak egin dizkie ikaskideei. «Ahotsak entzun» dituela, eta norbait beraz «jabetu» dela esan die.
Baionako gotzain Marc Ailletek esan duenez, atxiloturiko ikaslea irailean hasi zen eskola katolikoan. Gotzaina da eskola katolikoen arduraduna.
Nerabea berez atera da gelatik, ikaskideek beste ate batetik ihes egiten zuten bitartean. Gero, aldameneko bulego batean sartu da. Irakasle batek hitz egin dio han, eta labana emateko konbentzitu du, ikertzaileek zabaldu dutenez.
Polizia operazioak iraun bitartean, ikasgeletatik ez ateratzeko eskatu diete gainerako ikasleei.
Tomas Akinokoa ikastetxearen kanpoaldea, erasoaren ostean. Guillaume Fauveau
Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Twitter sare sozialean adierazi du hitzik ez zuela gertatutakoaren ondoren. «Emozio sekulakoa dugu drama izugarri horren aurrean. Gure pentsamenduak irakaslearen familiari eta hurbilekoei zuzentzen zaizkie, ikasleei eta irakasle taldeari».
Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko lehendakaria ere mintzatu da gertatutakoaz: «Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeoan gertatu drama izugarria jakin ondoan, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluaren eta haren hautetsien izenean gure sostengurik handiena erakutsi nahi diogu biktimaren familiari, eta gure elkartasuna adierazi irakasle taldeari, ikasleei eta haien gurasoei».
Baionako fiskalaz gain, Pirinio Atlantikoetako prefeta, Frabrice Rosay, lizeoan da, eta Frantziako Hezkuntza ministroa, Pap Ndiaye, Donibane Lohizunerako bidean da oraintxe.
Ikatetxearen kanpoaldea, erasoa gertatu ostean. / Guillaume Fauveau
Frantziako Gobernuak «elkartasuna» adierazi dio Donibane Lohizuneko hezkuntza komunitateari. Gobernuko bozeramaile Olivier Veranek «izugarritzat» jo du gertatutakoa: «Bistan denez, ezin dut hitz egin abian den ikerketa judizial bati buruz, baina gure babesa adierazi nahi diot hezkuntza komunitate osoari, eta, zehazki, irakasleei, zuzendariei, familiei eta ikasleei».
Hezkuntza ministroak ere «hunkituta» hartu du albistea, Twitterren zabaldutako mezu batean adierazi duenez. «Nire pentsamenduak haren familiari, lankideei eta ikasleei zuzentzen dizkiet. Berehala hara noa».