Digitalizazioa hezkuntzan

Donibane Lohizune. Software librea lagun

Linux euskaraz, eta haurrentzat. Hori da Donibane Lohizuneko ikastolan baliatzen duten Txikilinux sistemaren berezitasuna. Haurren eta inguruko helduen «ekosistema digitala» eraldatzen duela uste dute.

Donibane Lohizuneko ikastolako ikasle bat Txikilinux erabiltzen ari. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Txikilinux. Hara zer izen duen Donibane Lohizuneko ikastolan (Lapurdi) erabiltzen duten ordenagailuen sistema eragileak. Linux sistemaren egokitzapen bat da, euskaraz egina eta haurrentzako pentsatua. Eta zer du berezi? «Librea» dela. Proiektu horren abiapuntuan izan zen Eder Etxebarria ikastolako guraso eta Baionako Bernat Etxepare lizeoko informatika irakaslea. Azaldu du software librea zer den: «Software libreetan, kodea publikoa da: denek ikus dezakete programa funtzionarazten duen kodeen zerrenda. Hori publikoa denez, gardentasuna ematen dio programari. Bestalde, kode hori ikus daitekeenez, bakoitzak bere erara moldatzen ahal du, programa bati zerbait kentzeko edo gehitzeko. Finean, auzolana da». Hain zuzen, horregatik moldatu ahal izan dute Txikilinux haurrentzako bideratua eta euskaraz.

Ikusi gehiago:Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Azaldu du, orobat, aldaketa digitala «behar batetik» abiatu zela. «Ordenagailuak ez ziren puntakoak, eta irakasleek teknikoki sekulako zailtasunak zituzten». Izan ere, esplikatu du Windows bezalako sistemek zaharkituriko ordenagailuekin ez dutela ongi funtzionatzen. Egoera ikusirik, aldaketak egin behar zirela argi ikusi zuen Etxebarriak. Linuxen aldeko parioa egin zuten orduan, ordenagailu zaharrak «berreskuratzen hobea» delako.

Txikilinux instalatuta, irakasleak, haurrak eta gurasoak formatu zituzten erabiltzen ikas zezaten, «eta bidean ez da nehor galdu». Orain, ikastolan, irakasleek batik bat prestatzen dituzten edukiak proiektatzeko baliatzen dituzte tresna digitalak.

Ekosistema digitala

Erronka teknikoei erantzuteaz gainera, ikasleei «beste mundu digital bat» badela erakusteko balio du Txikilinuxek, Etxebarriaren ustez. «Haien ekosistema digitala zabaltzen da, eta haiek egin nahi dituzten gauzetarako funtzionala bada, horrekin segituko dute». Gainera, uste du haurren bidez gurasoek ere «aldaketa digital hori» egiten ahal dutela.

Linux sistema, gainera, datuen pribatutasunari begira «seguruagoa» dela erran du Etxebarriak. «Datuak partekatu behar direla egia da: kontua da norekin partekatzen dituzun, eta zertarako baliatzen dituzten». Hodeiaren bidez jarduera anitz egiten dira orain —pandemiak ohitura hori egonkortu du—; eta Googlek urririk eskaintzen du zerbitzu hori. Etxebarria: «Baina badakigu mundu honetan ezer ez dela dohainik, eta zerbait urririk badago, erran nahi du zu zarela produktua». Eta ikasleen datuak Googleren esku uztea «are larriagoa» da. «Haurren eduki guztiak hodeian daude, eta ez dakigu Googlek zer egiten duen horrekin, nori saltzen dizkion datuak». Hala, uste du hori eragozteko ere balio izan duela Linuxera pasatzeak.

Donibane Lohizuneko ikastolan egin duten aldaketa digitala, orain, Seaskako beste ikastetxeetara zabalduko dela espero du, «koherenteak» izateko. Beste ikastetxeetara orokortzeko bidean, Etxebarriak Etxepare lizeoan ere martxan du proiektu berezi bat.

Ikusi gehiago:Donostia. Arazoari etxeko konponbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.