Gaztetxeak

Donibane Garazin gaztetxea erosi dute 60.000 euroren truke

Donibane Garaziko gazteek egoitza bat erosi dute, bertan gaztetxea zabaltzeko. Herriko gunerik turistikoenean euskararen presentzia bermatu nahi dute horrela.

Donibane Garaziko gaztetxeko bi kide. IPAR EUSKAL HERRIKO HITZA
2017ko uztailaren 5a
10:07
Entzun

Ez da ohikoa izaten gaztetxeak erosteko maileguak eskatzea. Bada, horixe egin dute Donibane Garaziko gazteek. Hamabi urte zeramatzaten herrian gazteak elkartzeko gune finkorik gabe, eta, azkenean, egoitza bat erostea erabaki dute. Eztabaida luzeak izan badituzte ere, 60.000 euroan erosi dute gaztetxea izango den egoitza. Lokal hau Zitadelako kalean kokaturik dago, turismoak indar gehien duen eremuan.

80ko hamarkadatik martxan dago gazte mugimendua Donibane Garazin. Azkenaldian zailtasun handiak zituzten gauzak antolatzeko. Gaztetxeko kide Kamila Gratienek Ipar Euskal Herriko Hitza-ri azaldu dionez, "gelarik gabe aski mugatuak" dira; izan ere, edozer gauza antolatzeko gela bat alokatzera behartuta zeuden. Adibidez, eztabaida edo tailerrak antolatzea oso garesti ateratzen zitzaien, eta horregatik erabaki dute egoitza bat erostea. Garazin euskararen presentzia handitu nahi dute gune hau baliatuz. Bertan, euskarazko ekintza ezberdinak egin nahi baitituzte.

Diru bilketa martxan

60.000 euro kostatu zaie egoitza erostea. Aurrez, diru bilketa handi bat egin dute herrian. Inguruko komertzio eta elkarte ugariren laguntza jaso dute. Maia Iribarne gaztetxeko kidearen esanetan, oso harrera ona izan du proiektuak herrian, eta horregatik, "egia erran, gutxik ez dute laguntzarik eman". Bestalde, gaztetxeko eta inguruko jende ugarik hilean 10 euro jartzeko konpromisoa hartu dute, honela mailegua ordainduko dutela ziurtatzeko. Hala ere, mailegua azkarrago ordaindu ahal izateko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute martxan Helloasso atarian. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.