Sute batek Donamartiriko (Nafarroa Beherea) ikastolako hiru eraikinetako bat erre du bart. Sutea astelehen gauean piztu zen, 21:30 aldera, eta azpiegiturako eraikinik zaharrenaren teilatua eta barnealdea kiskali zituen. 2008an eraikitako 200 metro koadroko eraikin prefabrikatu batean izan da ezbeharra, eta bertan ziren, besteak beste, 3 eta 6 urteko haurren ikasgela eta irakasleen bilera gela. Guraso eta irakasleak gaur bilduko dira kalteak ikusteko, eta litekeena da elkartasun kanpaina bat abiatzea konponketa lanak ordaintzeko.
Guraso elkarteak argitu duenez, inor zauritu ez den arren, suteak kalte larriak eragin ditu eraikinean. Paretek zutik diraute, baina teilatua eta barnealde osoa eta bertan zen material informatikoa galdutzat eman dute. Ikusteko dago, halaber, eraikina eraitsi beharko duten ala ez. Sutea zerk eragin zuen ez dakite oraindik, baina ikerketa sakonagoen zain, badirudi argindar koadroan izan zuela sorburua.
Inguruko bizilagunek eman zuten sutearen berri, eta Donamartirin bertan bizi diren ikasleen gurasoak berehala gerturatu ziren. Sua itzaltzen eta eraikinetik ahal bezainbeste gauza ateratzen saiatu ziren, baina sua indartsua zen. Hendaiako (Lapurdi), Donapaleuko eta Iholdiko (Nafarroa Beherea) suhiltzaileek joan behar izan zuten hura itzaltzera.
Seaska sareko ikastoletako bat da Donamartirikoa, eta Arberoa ibarreko ikasleak hartzen ditu. 60 ditu guztira, Donamartirikoak, Donoztirikoak, Izturitzekoak eta Aiherrakoak. Egun oporretan daude, eta zuzendaritzak oraindik ez du erabaki nora bideratuko dituzten ikasgelarik gabe gelditu diren haurrak.