Koronabirusa. PSIKOLOGIA PENTSALDIAN

Domino efektua

Maite Elizondo.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Domino piezak, elkarren segidan, ibilbide ezberdinak marraztuz, bertikalean tente. Kanpoko indar batek pieza bakarra bultzatzen du, eta hantxe ikuskizuna: pieza guztiak banan-banan eta abiadura azkarrean jausten doaz. Kate erreakzio mota bat da: gertaera batek eragindako ondorioak kausa gisa beste efektu bat eragiten du, eta azken horrek kausa moduan berriz ere beste ondorio bat, behin eta berriz efektu berriak sortuz.

Maiz gizakiongan antzeko erreakzioa sortzen da, bai harreman interpertsonaletan baita intrapertsonalean ere.

Batzuetan garai txarra daramagulako sentsazioa izan ohi dugu, gauza gehienak gaizki ateratzen zaizkigula, domino fitxa segida baten antzera, gertakari gogorretako ilara bukaezinak bata bestea bultzatuz erortzen zaizkigula, kontrolik gabe, mina eta nekea metatuz.

Taldeetan ere kate erreakzioak antzeman ditzakegu: aldaketa txiki batek inguruan alboko ondorioak eragiten dituela ohartuz.Erabakiak amankomunean hartzen dituzten taldeetan, adibidez, parte hartzea eta motibazioa sendoagoa izan ohi da; koherentziarik gabe inposatutako neurrien aurrean, frustrazioa eta haserrea eragiteaz gain, neurri horiek betetzeko aukerak gutxitzen dira, zailtasunez kateatutako norabideari bultzada emanez.

Baina pertsonak gara, ez piezak. Hausnartzeko gaitasuna dugu, arrazoitzeko, sentitzeko eta nola harremandu nahi dugun erabakitzeko. Gertaera asko ezin ditugu erabaki, baina haien aurrean sortzen ditugun zenbait ekintza txiki eta pentsamendu eraikitzaile bai. Testuinguru zailetan ere norberaren ongizatearen eragileetako bat garela jakitea lagungarria izan daiteke azken garaian jasaten ari garen zama psikologikoa arintzeko.

COVID-19aren hatz erraldoiak astindu dizkigu gure bizipenen fitxak, gehiegitan pieza mingarrien norabidea azkartuz. Kendu dezagun fitxen ilarako edozein pieza, gaizkiegonaren urratsak eten ditzagun, geldi! Eraiki dezagun domino ilara berri bat non gure pentsamendu, emozio eta ekintzek kate lasai eta arnasgarriago bat mugitzeko aukera duten.

Testuingurua zaila dela badakigu, zenbait eremu psikologikoki zaurituak daudela ikus dezakegu. Baina badakigu pieza txikiek handiago batzuk mugi ditzaketela kate erreakzio bat sortuz. Has gaitezen gaur, oraintxe. Enpatizatu dezagun geure buruarekin eta ondokoarekin, eraiki dezagun bide berri bat, ziurragoa, mantsoagoa, koherenteagoa, askeagoa.

Noski, bidea eraginkorragoa izan dadin, gizartearen beharrei erantzuteko ardura duen osasun sistemak buruko osasunari baliabide pertsonal eta ekonomiko gehiago bideratzea guztiz beharrezkoa da. Domino fitxa horiek mahai gainean egon beharko lukete dagoeneko.

Platonek zioen hasiera izaten dela edozein lanaren atalik zailena. Hala da, nekatuta gaudenean inertzia aldatzea ez da erraza izaten. Baina denok badugu pieza goxo eta erraz bat, aktibatuz gero, domino joko berri bati hasiera eman diezaiokeena. Kink!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.