Doministikuak aurreratu dira

Klima aldaketak eragin bikoitza du polenari alergia diotenengan: batetik, erraztu egiten du alergiak garatzea; bestetik, haren sintomak lehenago agertzea eragiten du.

ALERGIA
Pertsona bat txikoria belarrari putz egiten, eta, ondorioz, haren haziak askatzen; polen ugari izaten dute. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Aurki hasiko da udaberria, baina ez dira harekin hasiko doministikuak, zintzak eta begietako igurtziak. Hasiak dira ja. Aurtengo neguan udaberriko tenperaturak eta hego haizea ere izan dira, eta polenari alergia diotenek igarri dute, sintomak aurreratu egin zaizkielako. Erantzulea bat eta bakarra da: klima aldaketa. Hura izan da loreen, landareen eta zuhaitzen polinizazioa aurreratu duena, baita muki zapien salmentak handitu dituena ere.

Alejandro Joral Donostialdeko ESIko Alergologia Zerbitzuko burua da, eta azaldu du kontsultan ikusi duela klima aldaketaren eragina: «Zuhaitzek eta gramineoek goizago polinizatzen badute, sintomatologia ere aurreratu egiten da». Izan ere, klima baldintzen araberakoak dira alergiak, eta, horiek aldatzen badira, nabaritzen da.

Harago doa klima aldaketaren eragina. Polenari alergia izatea oso ohikoa da Euskal Herrian, eta, paradoxikoa badirudi ere, hiri eremuetan nagusiagoa da landa eremuan baino. Izan ere, kutsadurarik handiena hiri eremuetan pilatzen da, eta horrek erraztu egiten du alergia hori garatzea, Joralen arabera: «Polenei dagokienez, badakigu kanpo zirkunstantzia batzuek gero eta alergenikoago egiten dituztela. Horien artean, batez ere, kutsadura dago. Hirietako gasen ondorioz, polenak gero eta oldarkorragoak dira. Gainera, geure defentsak, arnasbideetako mukosa eta eztarria ahultzen ditu. Horrek erraztu egiten du alergenoen kolonizazioa, sentikorragoak direlako».

Klima faktoreek alergian duten eragina gorabehera, «betidanik» existitu izan direla nabarmendu Joralek; klima aldaketa hasi baino lehenagotik, alegia. «Hala ere, ziur nago ez dela existitu izan orain duen kopuruarekin eta maiztasunarekin. Medikuntzaren eta erizaintzaren hobekuntzak eta bizi itxaropenaren hazkundeak eragin zuen beste gaixotasun batzuk azaltzea; tartean, gaixotasun alergikoak», erantsi du.

Alergia, finean, hau da: «Organismoak mehatxutzat jotzen duen baina benetan mehatxu ez den zerbaiten aurreko neurriz kanpoko erreakzio bat». Nola da posible, ordea, mehatxua ez dena mehatxutzat jotzea? Joralek azaldu du arrazoiak bi direla. Bata: «Alergia joera genetiko baten ondorioa da. Alergia duena normalean jaio egiten da alergia izateko joera batekin. Gehienetan, familiaren ondoriozkoa izaten da». Bestea: «Alergia gauza bati edo besteari izan diezaiokezu, haiekin kontaktua izateko duzun moduaren arabera. Hau da, polen asko dagoen lekuetan, alergia izateko joera duenak polenari izaten dio alergia. Akaro asko dauden lekuetan, akaroari izaten diote alergia».

Alergien funtzionamendua, dena den, ez da hain sinplea: «Gakoa hau da: zergatik izaten dio pertsona batek alergia gauza bati edo besteari? Horren inguruan eztabaidak daude. Bizitza osoa pasatu dezakezu sagarrak arazorik gabe jaten, baina momentu jakin batean zure organismoak ‘Nahikoa da’ esaten du. Erreakzio alergiko bat eragiten dizu sagarrak, eta, ordutik aurrera, sagar bat jaten duzun aldiro erreakzio alergiko bat izango duzu. Ziurrenik, aldiro gogorragoa izango da erreakzioa. Barneko mekanismoak nola funtzionatzen duen, berriz, ez dute oraindik aurkitu».

Elikagaiei eta sendagaiei alergia dietenak badira, baina polena da alergenorik ohikoenetako bat Euskal Herrian. Zehatzago esan du Joralek: «Polenak alergia eragiten duela esaten dugunean, normalean gramineoen polenaz ari gara. Baina ez da hori bakarrik: zuhaitzek eta landareek ere polinizatzen dute». Horregatik, Donostialdeko ESIko Alergologia Zerbitzuko buruak nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela diagnostiko on bat izatea: pazienteak jakitea zein landareren polenari dion alergia. Sasoiak ere desberdinak direlako: «Gramineoek normalean apirilean, maiatzean eta ekainean eragiten dituzte sintomak, baina ohikoa da zuhaitzen polenari alergia izatea. Oso goiz polinizatzen dute; martxo hasierarako maila handia izan dute altzifrearen, urkiaren eta hurrondoaren polenek».

Tratamendua

Begietako azkura, doministikua, mukia, katarro iraunkorra, asma, eztula, bronkioetako buxadura, ziztuak, aire falta. Horiek dira polenari alergia diotenek eduki ohi dituzten sintomak; nagusiak konjuntibitisa eta asma dira. Tratamendua dago, ordea, sintoma horiek arintzeko. Joralek zehaztu duenez, hiru mailatan banatzen dute alergologoek tratamendua; «ez dugu bat ere ahaztu behar». 

Lehen maila saiheste neurriek osatzen dute. Hau da, paziente batek profesional baten diagnostikoaren bidez baldin badaki gramineoen polenari alergia diola, saihestu egin behar du polen gehien dagoen garaietan haiekin kontakturik izatea. «Neurri tipikoak hauek dira: baso eremuetara ez joatea, leihoak itxita mantentzea, eguzkitako betaurrekoak erabiltzea... Saiheste neurriak askotan ahaztu egiten dira, baina garrantzitsuak dira». 

Prebentzio lan hori eginagatik ere sintomak jasaten dituztenek sendagilearenera joan behar dute: bigarren maila tratamendu medikoak osatzen du. «Alergia jasan arren, pazienteak bere bizitza ahalik eta ondoena aurrera eraman ahal izatea erraztea da tratamenduaren helburua, eta  antihistaminikoak, kortikoideak eta bronkodilatatzaileak baliatzen dira, besteak beste», azaldu du Joralek.

Neurri horiek guztiz funtzionatu ez badute, piramidearen erpinean immunoterapia dago. Alergia behin betiko sendatzen duen tratamendu bakarra hori da: alergiaren aurkako txerto ezagunak dira. «Benetan beharrezkoak direnean erabiltzen dira txertoak: alergiak pazientearengan eragin handia duenean eta haren gorputzak beste tratamenduei erantzuten ez dienean», Joralen arabera. Finean, alergiak pazientearen bizi kalitateari kalte handia egiten dionean gomendatzen dituzte txertoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.