Enrique Rodriguez Galindo

Dominen itzaletan

Guardia Zibilean ibilbide loriatsua egin zuen Galindok; Intxaurrondoko kuarteleko buruak dominak pilatu zituen gerra zikinaren urteetan, Lasa eta Zabalaren auzian zigortu zuten arte. COVID-19ak jota hil da.

EFE.
jon olano
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
H aiek bezalako sei gizonekin, Hegoamerika osoa konkista zitekeen». Esaldiaren tamainak ematen du egilearen neurria. 1999ko abenduaren 16an esan zuen epailearen aurrean Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralak, akusatuen aulkian zegoela, 1983ko urrian Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren bahiketak eta hilketak agintzea egotzita. Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilentzat ziren epaiketan botatako loreak; horiek ziren Lasaren eta Zabalaren bahiketan, torturan eta hilketan parte hartu zutenetako bi, eta horien moduko sei nahi zituen Galindok. Jenerala izan da torturak Euskal Herrian izan dituen ikur nagusietako bat, eta hilaren 2an jakin zen Zaragozako erietxe bateko ZIUan zegoela, COVID-19arekin kutsatuta. Atzo hil zen, Torturaren aurkako Egunean, 82 urte bete berri zituela.

Torturaren eta zigorgabetasunaren aurpegia da Rodriguez Galindorena: Intxaurrondoko kuartelaren buru zela, bertan atxilotuei emandako tratu ankerrarengatik —horren testigantza eman zuen, besteak beste, Ion Arretxe zenak—; bere ibilbide profesionalaren garapenagatik eta urte horietan jasotako kargu eta dominengatik; eta baita Lasa eta Zabalaren auzian jasotako zigorrarengatik ere: 75 urteko kartzela zigorretik lau urte eta lau hilabete inguru egin zituen espetxean.

1936ko gerra bukatu baino bi hilabete eskas lehenago jaio zen Rodriguez Galindo (Granada, Espainia, 1939), eta aitaren bideari jarraituz sartu zen guardia zibil. 1980an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiako Intxaurrondo auzoko Guardia Zibilaren kuartelera. Kuarteleko bigarrena zen, baina de facto harena zen Intxaurrondoko agintea. PSOEk 1982ko hauteskundeak irabazi eta gero, Barne eta Justizia Ministerioko talde berriak kargutik kendu nahi zuen. «Kargutik kentzea zaila zen», Fernando Lopez Agudin ministerioko prentsa arduradunaren esanetan. «ETAri buruzko aditu nagusia zen, eta sekulako babesa zeukan Espainia osoan». Galindo botatzeak eragingo lituzkeen kritiken beldur, karguan utzi zuten, eta 1988an lortu zuen kuarteleko buru izatea.

Dominak pilatuz joan zen 1980ko hamarkadan. 1981eko urtarrilaren 7an, Guardia Zibilaren bereizgarri zuriko gurutzea eman zioten, baina hiru urte eta erdi geroago heldu zitzaion sari handiagoa: bereizgarri gorriko gurutzea. 1984ko urrian saritu zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, Lasaren eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketatik urtebetera, eta kolorea ez zen dominaren bereizgarri bakarra: preziatuagoa da gorria, besteak beste, bizi guztirako pentsioa ziurtatzen dielako. Lau bider eman diote ikur hori; guztira, hogei domina.

Maila militarretan ere gorantz egin zuen pixkanaka: 1992ko abuztuan, brigadako jeneral izendatu zuten, koronel karguan sei hilabete eskas eginda, eta jeneral izendatu zuten 1995eko abuztuan. ETAren aurkako heroi bat, azken urteetan ere Guardia Zibilaren inguruko argitalpen batzuetan irakur daitekeenez. Oraindik orain ere, haren figuraren loriaren eta kondenaren erlatibizazioaren artean mugitzen dira Guardia Zibileko kargudun garrantzitsu batzuk; «Zigortuak izan ziren gertaera jakin batzuengatik, baina, ekintza horiek alde batera utzita, terrorismoaren aurkako ibilbide oso garrantzitsua egin zuten», zioen Pablo Martin teniente jeneralak iazko urrian, ABC egunkarian. Oro har, Galindo Intxaurrondora heldu izana giltzarritzat jotzen dute ETAren aurkako jardunean, besteak beste ETAren kontrako borroka «modernizatu» zuelakoan. 900 bat pertsona atxilotu zituzten hark aginduta.

Euskal Herrian eginiko urteak liburu batean bildu zituen Galindok: Mi vida contra ETA: la lucha antiterrorista desde el cuartel de Inchaurrondo (Nire bizitza ETAren aurka: Borroka antiterrorista Intxaurrondoko kuarteletik).

Hortik aurrera, gerra zikinak zipriztindu zuen Galindoren ibilbidea. 1996ko maiatzean atxilotu zuten Lasa eta Zabalaren auzian, eta Auzitegi Nazionalak 71 urteko zigorra ezarri zion; 75era igo zuen gero Auzitegi Gorenak. Epaiketan, «jainkoagatik» eta bere «ohorearengatik» zin egin zuen ez zuela zerikusirik izan hilketekin. Senideek indultua eskatu zuten, 100.000 sinaduraren babesarekin, baina Auzitegi Goreneko Fiskaltzak baztertu egin zuen indultua. Hala ere, Rodriguez Galindo handikhilabete gutxira atera zen espetxetik, 2004ko urriaren 1ean, gaixotasunagatik. 2005eko urtarrilean, hirugarren gradua eman zioten. 2013an, berriz, baldintzapean aske utzi zuten, «jarrera ona» zeukalako eta «gizarteratzearen aldeko pronostikoa» egin ziolako Zuerako espetxeko Tratamendu Batzordeak. Bidean, karrera militarretik kanporatu zuten 2002an.

Lasa eta Zabalarena, ordea, ez zen Galindoren aurkako auzibide bakarra izan. GAL berdearekin—Guardia Zibilaren adarrarekin— lotura izateagatik inputatu zuten, baina 2002an kendu zioten inputazioa, argudiatuta delitu konkreturik ezin zitzaiela leporatu, eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribatuta zegoelako. Aurrez, 1989. urtean, Luis Navajas Donostiako fiskalak droga trafikoarekin nahastu zuen Rodriguez Galindo, baina haren txostena desagertu egin zen, eta Donostiako Instrukzio Auzitegiak artxibatu egin zuen auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.