Doluak Donibane hartu du

Manifestazio hunkigarria egin dute Iruñean Xabier Reyren heriotza salatzeko. Sakabanaketaren kontrako aldarria egin dute. «Espetxe politikak eraman du gure Antxo», esan du familiak

Xabier Reyren heriotza salatzeko manifestazioan milaka lagun bildu dira Iruñean. Haren argazkia eraman dute martxaren buruan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gordina. Halakoa zen isiltasuna atzo Iruñeko Donibane auzoko kaleetan. Batzuetan, ezinegona sortzeraino. Kalera ateratako milaka lagunak —9.000 baino gehiago ziren antolatzaileen arabera doluan ziren. Xabier Rey euskal presoaren heriotza salatu eta sakabanaketa politikaren bukaera galdegin zuten, auzoari itzulia eman zion mobilizazio hunkigarrian. Askok malkoei ezin eutsi egin zuten bidea. Isiltasuna, baina, etengabe hautsi zen salaketa oihuekin. Baina horien ondotik, berriz ere itzultzen zen erabateko isiltasuna.

«Zein gogorra den hau Xabitxu, izorraturik gaude, triste gaude. Baina gauza bat esanen dizut, oso baturik eta indartsu gaude, eta, batik bat, zuk eta beste askok hasitakoa jarraitzeko gogotsu gaude». Patxi Reyk anaia gogoratu zuen manifestazioaren bukaerako ekitaldian, hunkiturik zegoenez gero, hainbat aldiz eten behar izan zuen solasean. Bere mintzaldian gogoan izan zituen sakabanaketa jasaten duten euskal presoak, eta egun hauetan familiak jaso duen babesa eskertu eta goraipatu zuen: «Hau da zuk amesten eta desio zenuen Euskal Herria, Xabitxu. Ez da ametsa, errealitatea da».

Mintzaldia gelditu behar izan zuen guztietan, jendeak txaloekin eman zion babesa Reyri, nahiz eta oholtzaren behean zirenetako batzuek ere nekez eusten zieten malkoei. Familia osoa atzean zuela mintzatu zen Rey, haien guzien izenean. «Antxok ia hamar urte osasuntsu eta zoriontsu bizi izan ditu; sinets ezazue, hamar urte, oso-osorik. Baina... [hunkiturik eten zuen solasa] baina ez espetxeak aukerak ematen dituelako; senide eta lagunen indarra eta kemena itzela delako baizik».

Hori esanda, gogorarazi zuen espetxea «krudela» dela eta «bere lana» poliki-poliki egiten duela, «Antxoren osasunean aurreko astean eztanda egin arte». Izan ere, joan den asteartean jakinarazi zuen Etxerat-ek euskal presoa bere ziegan hilik agertu zela Puerto III espetxean (Espainia). Familiak argi du heriotza hori saihestu zitekeela: «Espetxe politikak eraman du gure Antxo». Hala ere, mezu positiboa eman zuen Reyk oholtza gainetik: «Min guztiarekin ere, pozik esan dezakegu: ez dugu amorrurik, maitasuna daukagu. Sobera gainera. Gure herriarekiko maitasuna, gure senide eta lagunekiko maitasuna. Zurekiko maitasuna, Antxo; maite zaitugu». Txalo zaparrada jaso zuen familiak hitzak bukatutakoan.

Joare hotsik ez

Manifestazioa 17:00 pasatxo abiatu zen Golem zinemetatik. Denen buru, Xabier Reyren argazkia eta xingola beltza soinean zeraman ikurrin erraldoia. Haren dantza taldekoek eraman zituzten argazkia eta bandera. Atzetik, joaldunek ezohiko irudia eskaini zuten: burumakur zihoazen, ttuntturroa eskutan harturik eta joareak astindu gabe. Isilik. Dantzari eta joaldunek, denek, xingola beltza zuten besoan loturik, eta krabelin gorria eskuan. Hain zuzen ere, manifestazioaren bukaeran eskaini zizkioten liliak Xabier Reyri. Gainerakoek Espetxe politika hiltzailea zioen pankartaren atzetik egin zuten ibilbide osoa.

Ezker abertzaleko kide asko batu ziren manifestazioan. Pankartari eusten ziren Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Lur Albizu Ernaiko eleduna, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Antton Lopez preso ohia, besteak beste. Txalo artean hasi zen martxa, eta sakabanaketaren kontrako eta euskal presoak etxeratzearen aldeko oihuak aditu ziren ibilbide osoan. Xabi Rey gogoratzen zuten leloak ere aditu ziren: «Agur eta ohore, eusko gudaria» eta «Herriak ez du barkatuko». Ibilbidea Donibaneko etorbide handietatik igaro zen, baina ez zen hutsunerik antzematen. Jende anitz batu zen protestara.

Anekdotarik ere izan zen: Antso Azkarra etorbidean bizilagun batek manifestariak probokatu nahi izan zituen Espainiako bandera balkoian paratuz. Txistuekin erantzun zioten askok. Polizia anitz ere bazen, istiluetan erabiltzen dituzten materialak eskutan, manifestariek bidea normaltasunez egin bazuten ere.

«Antxo hil egin dute»

Bukaeran izan zen manifestazioko unerik hunkigarriena. Azueloko plazan joareak jotzen sartu ziren joaldunak, eta Xabier Reyren argazkia paratu zuten oholtza gainean, parean sua piztuta. Txalo zaparrada jo zuten bertaratutakoek momentu horretan. Donibaneko Ezker Abertzaleak hartu zuen hitza, lehenbizi, biolinen doinua lagun. Familiari babesa agertu ondoren, gogoan izan zituzten sakabanaturik diren euskal presoak, eta Xabier Rey haien jardun politikoan presente izanen dutela jakinarazi zuten. «Martxoa madarikatua», esan zuten. Izan ere, bi egun barru beteko dira 14 urte polizia batek tiroz hil zuela Angel Berrueta Donibaneko bizilaguna. «Angel, Antxo, zin dagizuegu borrokan jarraituko dugula».

Arkaitz Rodriguezek egin zuen azken hitzaldia. Diskurtso luzea egin zuen, eta, hainbatetan, gogorra ere bai hainbat alderdirekin. Izendatu ez arren, PSOE, PP eta EAJri mintzatu zitzaien. Xabier Reyren heriotza salatu zuen: «Heriotza naturaltzat jo duenik bada», salatu zuen. «Antxo ez da hil, hil egin digute. Espainiako Estatua eta une honetan sakabanaketaren erantzule nagusia den Alderdi Popularra dira Antxoren heriotzaren erantzuleak».

Rodriguezek sakabanaketa bukatzeko eta presoak etxeratzeko exijitu zuen, biktimak helburu politikoekin ez erabiltzeko eskatu, eta autokritika egiteko galdegin zien gainerako alderdiei. Eusko gudariak kantatuz bukatu zen ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.