Dolua ume eta gaztetxoetan: gako batzuk

Bidegin elkarteko kide Mila Arce Donostia Ospitaleko erizainak hitzaldian emandako hainbat gako.

2013ko azaroaren 8a
09:21
Entzun

ADINA ETA ULERMENA

Adinaren arabera, umeek era batera edo bestera ulertzen eta bizitzen dute heriotza. Irizpide hauek ez dira zurrunak, haur bakoitza desberdina baita. 

0-2 urtekoak. Ez dute ulertzen heriotza zer den, baina banaketa edo bazterketa bezala bizi ohi dute. Larrimin handia sentitzen dute. Gurasoen tristeziaz ohartu egiten dira. Inportantea da beren ordutegi-errutinak mantentzea.

3-5 urtekoak. Behin-behineko egoera bat dela uste dute. Pentsatzen dute beraiek pentsatutako zerbaitek eragin zezakeela egoera; beraien jarrera, jokaera batek eragindakoa dela. Horregatik, oso inportantea da umea lasaitzea.

6-10 urtekoak. Heriotza betirako dela ulertzen hasten dira. Baina pertsona oso zaharrei gertatzen zaiela pentsatzen dute, ez dute ulertzen beraiei edo ingurukoei gertatzea posible dela. Jolastean asko erabiltzen dute gaia. Galdera asko egiten dituzte heriotzaren inguruan.

Nerabezaroa eta aurreko garaia. Helduek bezala ulertzen dute heriotza. Askotan ukatu egiten dute hala ere, hilezkorrak sentitzen dira heriotzaren aurrean. Heriotzaren ideiak larrimin handia eragiten die.

OHIKO ERREAKZIOAK

Haurrak:
-Loaren aldaketak: gehiago edo gutxiago egitea.
-Elikadura arazoak: gehiago edo gutxiago jatea.
-Hainbat sintoma fisiko.
-Negarra, tristezia, erru sentimendua, amorrua.
-Bakartzea.
-Gurasoen arreta bilatzea.
-Beste norbait hiltzeko izua.
-Zailtasunak ikasketetan.
-Atzera egitea: berriz pixa egitea ohean, berriz edoskailua eskatzea, eta beste.

Nerabeak:
-Errebeldeago bihurtzea, ezkorragoa.
-Ardura edo erantzukizun gehiago hartzea etxean.
-Errudun sentitzea.
-Hildako pertsona idealizatzea.
-Mina ukatzea.
-Depresio sintomak.
-Arriskuko jarrerak: alkohola edo drogak hartzea, edo sexua izatea babes-neurririk gabe.

SAIHESTEKO ESALDIAK

Hil den pertsonari buruz, sarri, modu desegokian hitz egiten da umeen aurrean. Kontuz ibili behar da, umeek okerreko mezuak har ditzaketelako eta nahasmena sortu:

"Hain ona zenez, jainkoak eraman egin du". Umeak pentsatu dezake berari gauza bera gertatuko zaiola ona baldin bada, eta jarrera aldatu dezake, txarrera.

"Bidaia batera joan da". Bidaiara joan bada, itzuli egingo dela pentsatu dezake umeak. Nahasmendua eragin diezaioke haurrari.

"Lo hartu du". Umeak lo hartzeko beldurra izan dezake.

"Zerutik zu ikusten ari da". Umeek literalki ulertzen dute helduek esandakoa,
eta esaldi horrek larrimina sor diezaieke.

"Orain etxeko gizona/emakumea zara". Gauza bat da semeak edo alabak ardura gehiago hartzea etxean, baina ezin du sentitu amaren edo aitaren tokia edo rola hartzea eskatzen zaionik. 

"Gizonek ez dute negar egiten". Emozioak eta sentimenduak azaleratzea ahalbidetu behar zaie ume eta gaztetxoei. Negar egiteko aukera ukatzea, beraz, ez da batere ona. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.