"Dolarraren ikur da migrantea Mexikon"

2014ko apirilaren 11
17:05
Entzun

Estatu Batuetan 11 milioi mexikar bizi dira. Herri osoek migratu dute iparraldeko herrialdera, beren lurraldean aukerarik ez zutelako. Ez dago ia inor "bestaldean" ahaiderik ez duenik. Horregatik, askok elkartasunez jokatzen dute iparraldeko mugara iristen ahalegintzen diren Erdialdeko Amerikakoekin

Zenbait jendek eskuzabalki laguntzen dien paperik gabekoei, besteak beste, Las Patronas emakume taldeak; Guadalupeko (Veracruz) hamalau andre dira, eta, duela 19 urtetik, egunero dozenaka jaki errazio gertatzen dituzte, eta La Bestia -ren sabaira igotako bidaiari ezkutukoei ematen, haien herritik iragatean.

Beste askok, ordea, negozio iturritzat dauzkate, eta etekina ateratzen diote haien babesgabetasunari eta Poliziarengandik ezkutuka ibili beharrari.

Haietako gehienek dolarretan eraman ohi dute dirua, eta dendariek truke tasa neurrigabea ezartzen diete erosketetan, edota osasun baldintza kaltegarriak dituzten bainugelak eta gaua pasatzeko gelatxoak alokatzen dizkiete, hoteleko prezioan alokatu ere.

"Dolarraren ikur da Mexikoko migrantea", esan du Ruben Figueroak, paperik gabeko eskubideen aldeko aktibista batek.

Mundu guztia ahalegintzen da etekinen bat ateratzen urtero Mexikotik barrena Estatu Batuetaraino iristen saiatzen diren Erdialdeko Amerikako milaka migranteen kontura.

Iazko ekainean, trenbide ondoan zegoen migranteentzako aterpetxe bat itxiarazi zuten Lecheria auzokoek —Mexiko Hiriko aldiriak—. Atzerritarren etorrerak segurtasunik eza zekarkiela argudiatu zuten.

Hala ere, beste arrazoi bati egotzi dio gatazka hori Jorge Andradek, eskualde hartan lan egiten duen aktibista batek: "Auzokoen eta agintarien arteko kolusioari". Agintarientzat, gogaikarria zen aterpetxea, gogorarazten zielako norbaitek migranteen eskubideen alde egiten zuela, eta haien kontrako gehiegikeriak salatzen; auzokoentzat, berriz, galera ekonomiko bat esan nahi zuen.

"Migranteek atsedenleku bat eta jantoki bat izatea kaltegarria da haien diruari irabaziren bat atera nahi diotenentzat. Orain, ezin diete ohi halako bi kobratu coca-cola, ez 30 pesoan (bi euro inguruan) alokatu bainugela, ez eta 100 pesoan (sei euro inguruan) lotarako txokoa. Itzelezko negozioa da", zehaztu du.

Batzuetan, ezinbestean, bidalketa agentzien bidez dirua igortzeko eskatu behar izaten diete senitartekoei. Baina diru hori jasotzeko, behar bezala araututako nortasun agiri bat behar izaten dute. Beti agertu ohi da mexikarren bat "horretarako prest", jasoko dute diruaren %10en truke.

Dokumentalista bat da Pedro Ultrera, eta, 2007 eta 2008 bitartean, bideokamera bat hartuta ibili zen hainbat hilabetetan kargako trenetan bidaiatzen, migranteekin batean, abentura halakoaren baldintzak bideoz dokumentatu ahal izateko.

Gogoan du nola Chiapas estatuko eremu batean, Guatemalako mugaldean, La Arrocera izeneko toki bateko zenbait biztanlek "ogia eta frijolak ematen zizkieten jateko, eta gau batez ostatatzen zituzten" Erdialdeko Amerikakoak. Eta nola galdetzen zieten, adeitsuki, ea Ameriketako Estatu Batuetako senitartekoren bati telefonoz dei egin nahi zieten dirua eskatzeko, eta sakelako telefonoak eskaintzen horretarako.

Erdialdeko Amerikakoek jotako telefono zenbakiak erregistratuak geratzen zirenez, "migranteek alde egin orduko, haien senitartekoei deitzen zieten, estortsio egiteko: 3.000 edo 5.000 dolar eskatzen zieten", ahaidea ez hiltzearen ordainetan, zeina bahituta zeukatela esaten baitzieten.

Dena delako migrantea berriro ere senitartekoekin harremanetan jartzerako, berandu zen: eskatutakoa ordaindua baitzieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.