Dokumentu bat faltsutu izana onartu du Mixel Etxebeste Mauleko auzapez ohiak

Atzo epaitu zuten Paueko Zigor Auzitegian, Agerria hotelarentzat 450.000 euroko mailegua lortzeko hura kudeatzen zuen ekonomia mistoko sozietatearen akta faltsu bat idatzi izana leporatuta. 5.000 euroko isuna eta urtebetez edozein enpresa kudeatzeko debekua arriskatzen ditu. Uztailaren 4an deliberatuko du auzitegiak.

Agerria hotela, Maulen. JOANES ETXEBERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 7a
16:26
Entzun

Mixel Etxebeste Mauleko auzapez ohia akusatuen aulkian eseri zen atzo Paueko Zigor Auzitegian. Agerria hotela kudeatzen zuen EMS ekonomia mistoko sozietateko presidente gisa dokumentu bat faltsutu izana leporatzen diote. Zehazki, EMSren bilkura baten akta faltsua idaztea, Credit Agricole bankuaren 450.000 euroko mailegua lortzeko helburuarekin. Akta hura berak idatzi zuela onartu zuen epailearen aitzinean. «Sei hilabete eman nituen maileguaren baldintzak eztabaidatzen». Mailegu eskaintza eskuratu, eta bi eguneko epean administrazio kontseiluaren onarpena emateko bilkuraren akta bidaltzeko eskatu ziotela esplikatu zuen. «Epea laburregia zen». Dokumentua faltsua izateaz gain, administrazio kontseiluko kide baten izenpea haren baimenik gabe erabili izana ere leporatu diote.

2010ean erosi zuten Agerria jabegoa herriko etxeak eta akziodun pribatuek, hotel eta jatetxe bilakatzeko. Horrez gain, dantza taldeek errepikak egiteko gela bat ere bazuen, eta laborari batek mahastiak landatu zituen lursailen zati batean. Urteetan, hotelaren kudeaketa eztabaida iturri izan da Mauleko herriko kontseiluan, eta haren egoera finantzarioak kezka eragin du. 2020ko azaroan, Administrazio Auzitegiak Agerria iraunbide judizialean ezarri zuen, akziodun pribatuek eta Mauleko Herriko Etxeak osatzen zuten ekonomia mistoko sozietateak (EMS) zor sobera metatuak zituelako.

Bi salaketa izan dira Etxebesten kontra. Batetik, ESMren likidatzaile judizialarena, eta, bestetik, Louis Labadot gaur egungo Mauleko auzapezarena —2020ko herriko bozetan lortu zuen alkatetza—. Auzitegiaren aitzinean, ESMko erabaki guziak aho batez hartzen zituztela erranez defendatu zuen bere burua Etxebestek. «Maileguaren bidez, hornitzaileekin genituen zorrak bankuarekin ordezkatu genituen». Baina 450.000 euroren erabilpenak ere eztabaida sortzen du. Izan ere, Mauleko herriaren abokatuaren hitzetan, mailegua berritze obrak ordaintzeko eskatu zuten, baina fakturak eta lansariak ordaintzeko erabili zuten, besteak beste. «Mixel Etxebestek bazekien Agerria egoera txarrean zela, baina indarrez pasatu nahi izan zuen», akusazioaren hitzetan.

Fiskaltzak 5.000 euroko isuna eskatu zuen Etxebesteren kontra, erdia gibelapenarekin. Horrekin batera, urtebetez edozein enpresa kudeatzeko debekua emateko ere eskatu zuen. Defentsako abokatuak gaur egungo auzapezaren mendeku gisa aurkeztu zuen afera, eta faltsutzea zalantzan ezarri zuen.

2021eko azaroan Euskal Hirigune Elkargoak erosi zuen Agerria hotela. Eztabaida handia eragin zuen hautetsien artean, eta erabakia bakarrik hartu izana leporatu zioten Etxegarairi. Agerria eskuratzeko beste proposamen bat egin zuen talde batek helegitea jarri zuen Paueko Administrazio Auzitegian «lehia desleiala» salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.