'Atutxa auzia'. Europako Giza Eskubideen Auzitegia

Doktrinak aldatzeko daude politikan

'Atutxa auziak' eztabaida juridiko eta politiko asko eragin izan ditu: herri akusazioen ahalmenaren ingurukoa, esaterako. Euskal gatazkari lotutako beste auzi batzuetan ere baliatu dute 'Atutxa doktrina'.

Gorka Knorr, Kontxi Bilbao eta Juan Mari Atutxa EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, 2003an. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortzeko erabili duen argudioaz harago —auzipetuei beren burua defendatzeko aukerarik eman ez izana—, eztabaida juridiko eta politiko ugari eragin ditu Atutxa auziak hamalau urteko bidean: legebiltzar taldeen eta alderdi politikoen arteko bereizketa, legebiltzarkideen bortxaezintasuna, herri akusazioen ahalmena... Gauza bat behintzat utzi du argi bide horrek: nagusiki politikoak diren auzietan, garaiaren eta ikuspegi politikoaren araberakoak izaten dira interpretazioak.

2003an Espainiako Auzitegi Gorenak HB, EH eta Batasuna legez kanpo utzi ondoren, Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea desegiteari uko egin zioten Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideek, hori egitea «ezinezkoa» zela iritzita. Auzipetuek argudiatu zuten, besteak beste, juridikoki bi gauza ezberdin direla alderdi politikoak eta legebiltzar taldeak, legebiltzarkideak zuzenean aukeratzen dituztelako herritarrek.

Hurrengo legealdian, EHAK alderdia aurkeztu zen Eusko Legebiltzarreko bozetan, eta 2008ko otsailean Espainiako Auzitegi Nazionalak haren jarduerak eten ostean, Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak —EHAKrekin aurkeztu zirenek— salatu zuen Mahaiak ez ziola zegokion diru laguntza ematen. Atutxa auzikoek erabilitako argudio bera erabili zuen haien ondorengoen aurka: bereizi egin behar dira alderdiak eta legebiltzar taldeak. Izaskun Bilbao zenMahaiko presidente, Juan Mari Atutxaren alderdikidea (EAJ).

Botin eta 'euskal auziak'

Ordurako, Auzitegi Gorenak zigortuak zituen Gorka Knorr, Kontxi Bilbao eta Atutxa. Gorenak EAEko Auzitegi Nagusiaren absoluzio epaia bertan behera utzi orduko esan zuten auzipetuek: «Badirudi eskuin muturreko jendearen sinesgarritasuna eta boterea nahikoa direla auzia puri-purian izateko». Hortik etorri zen, hain zuzen, jurisprudentzian bide luzeena egin duen eztabaida.

Emilio Botin zenaren aurkako auzian, Gorenak argudiatu zuen herri akusazioek ez zeukatela nahikoa pisu soilik euren eskariz ahozko epaiketa bat egiteko —Fiskaltzak eta kaltetuek ez zuten akusaziorik egin bankariaren aurka—. Atutxa auzikoak, aldiz, Manos Limpias herri akusazioak jarritako helegite bat ontzat hartuta epaitu zituzten, fiskaltzak halakorik eskatu ez arren. Zehaztapen bat nahikoa izan zuten epaileek arauaren salbuespena sortzeko: Atutxa auzian interes kolektiboa kaltetu zela esan zuten —ez konkretua, Botin auzian bezala—, eta, beraz, herri akusazioa nahikoa zela aurrera jotzeko.

Gatazka politikoarekin lotutako beste hainbat auzitan ere agertu zen eztabaida hori. Atutxa auziko irizpideari eutsi zion Gorenak, esaterako bileren auzian ere —Ibarretxe, Lopez, Ares, Otegi, Etxeberria, Dañobeitia, Petrikorena eta Barrena epaitu zituzten, Batasuna legez kanpo zegoela bilera bat egiteagatik—. Epaiketa egin zitekeela ebatzi zuen Gorenak, gero auzia artxibatu arren—Lopez Jaurlaritzako lehendakari zen ordurako—. Egunkaria auzia ere epaiketara eraman zuten, soilik AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioen bultzadarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.