Ikasturte hasiera honetan euskara ikasi nahi zuen pertsona batek bilaketa egin izan balu, prezio hauek topatuko zituzkeen Hego Euskal Herriko euskaltegi batean: A1 mailatik hasi eta C1 arte, astean hamar orduko ikastaroa jaso nahi izanez gero, 785 euro; astean lau ordukoa hautatu izan balu, 440 euro. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietako ikasleek 2015-2016 ikasturtean batez beste 453 euro ordaindu zuten euskara ikastearen truke. Euskaltegien eskaera historikoa da hizkuntza ikastearen truke ordaindu behar ez izatea, Hegoaldeko bi administrazioetako legeek onartzen baitute euskara eremu horietako hizkuntza dela, eta ondorioz «jakiteko eta erabiltzeko eskubidea» dutela herritarrek. Beraz, eskubidea onartua badago, herritarrek ez lukete ordaindu behar euskara ikasteko. Hori da argudioa, eta hori da doakotasunaren inguruko eztabaidaren muinean dagoen ideia.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak indarrean duen politikaren arabera, B2 mailara arte doakoa da euskaraz ikastea, baita C1 maila ere, 30 urtera arteko pertsonentzat. Doakoa den arren, ikasturte hasieran euskaltegiko matrikula ordaindu beharra dauka ikasleak. Sasoi amaieran dagokion maila gainditzen badu, eta gutxieneko asistentzia ziurtatu, orduan itzultzen zaio ikasturte hasieran aurreratu zuen matrikulazioaren dirua.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordearen arabera, hizkuntza bat ikasteak «ahalegin handia» eskatzen du ikasleen partetik, eta euskaltegietan izena ematen dutenen %20k ez dute ikasturtea amaitzen matrikula ordainduta edukita ere. «Euskaltegietara joatearekin batera, ikasleak etxean egin behar du astero lan bat ikaskuntza prozesuan aurrera egin ahal izateko. Beraz, matrikularen dirua aurreratzea eta jakitea diru hori berreskuratuko duzula ikasturtean zehar gauzak ondo eginda, izan daiteke ikaslea motibatzeko eta euskaltegian mantentzeko modu bat». Jaurlaritzak 50 milioi euro erabiltzen baititu euskalduntze prozesuan, «eta inbertsio horren helburua ikasketa prozesua eraginkorra izatea da».
Doakotasuna ulertzeko bi modu daude, ordea. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, doakotasunaz hitz egiten baldin bada ezin da dirua aurreratu. «Eskubideak ez dira horrela betetzen. Ezin da eskubide bat bermatu matrikulatutako ikastaroa gainditzearen arabera; pertsona bat eskolara joan bada, eta saiatu bada, eta ez badu lortzen maila gainditzea, ezin da hori arrazoia izan euskalduntze prozesuan ez laguntzeko». Ez du ukatzen diru publikoaren erabilera egokia egin behar denik, baina betekizun mailak bermatzeko beste proposamen bat egin zuen Kontseiluak duela lau urte. Horren arabera, ikasleek dirua jarri beharko lukete, baina gehienez matrikularen %5-10 artean, eta gutxieneko asistentzia ere eskatzen du. Gainera, diru laguntzak jasotzeko bide bakarra ezar dadila ere eskatzen du Kontseiluak, gaur egun udalen edo aldundien bidez bideratzen delako ekarpen hori.
Horrez gain, Bilbaok uste du C1 maila herritar guztiei eskaini behar zaiela doan, eta hori da euren proposamena. «Zergatik 30 urtera arte? Zergatik 35 urteko batek ezin du maila berdina doan jaso?». Zalantza hori ez du argitu Dobaranek, baina esan du «doakotasunaren prozesua dinamikoa» dela, eta, legegintzaldi honetan 30 urtera artekoak lehentasunezkotzat jo diren arren, «beste bide batzuk zabaltzeko aukera» izango dela. Edozein modutan, Bilbaok eskaera argi bat egin du: «Laguntza sistematik doakotasunera igarotzea». Filosofia kontua dela ere jakitun da.
Kontseiluaren proposamenaren antzeko oinarriak biltzen zituen lege proiektu bat aurkeztu zuen iazko azaroan EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Rebeka Ubera legebiltzarkideak azaldu duenez, hala egin zuten, «euskara jakiteko eskubidea aitortua dagoen arren, ez dagoelako egikarituta, eta udal bakoitzak ematen dituen laguntzak ezberdinak direlako». Aurreko legegintzaldian hasi ziren lege proposamen hori negoziatzen jeltzaleak eta koalizioko kideak, baina parlamentuko eztabaidara iritsi zenean kontra bozkatu zuten gobernuko kideek. Dobaranek dio «beste gai batzuk sartzea» erabaki zutela, «eta benetako helburutik urrundu». Ez du zehaztu zein gai izan ziren, baina Uberak, kontrara, dio Jaurlaritzak erakutsi nahi duela «euskara kontuetan eurak daramatela lidergoa».
Kontuak kontu, legeak ez zuen aurrera egin, eta Bilbaoren aburuz, aukera on bat galdu zen. Izan ere, lege bat izateak eskubide hori blindatu egiten duela uste du:«Eskubidea egikaritzeko aukera ematen du, eta beste kategoria bat ematen dio helduen euskalduntzeari».
Nafarroan ekarpen gehiago
Euskara ikastearen doakotasunetik gertuen dagoen sistema da Jaurlaritzarena. Ipar Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikoak eta Jaurlaritzak duten hitzarmenaren arabera, euskaltegientzako diru laguntzak daude, baina ez dira zuzenean ikasleentzat. Udal batzuetan hasi dira urrats horiek egiten, baina, horrez gain, gaur-gaurkoz ez dago egituratutako ezer.
Nafarroan, bestalde, azken urteetan aurrerapausoak eman direla esan du Mikel Arregi Euskarabidea institutuko zuzendariak. Diru laguntzen bidez lortzen da matrikularen truke gutxiago ordaintzea. «Laguntza ematen dugu ikasketa orduko, eta ratio bat ezartzen da». 2015eko aurrekontuetan ez zen euskara ikasteko dirurik bideratu, eta ordutik urtez urte ekarpena igotzen joan da. Aurten 1,2 milioi euro eman die Nafarroako Gobernuak euskaltegiei, eta ikasleen beketara 200.000 euro bideratu ditu. Euskarabideak kalkulua egin zuen zenbateko ekarpena egin beharko zen euskaltegien finantzaketa lortzeko, eta hiru milioitan ezarri zuen kopurua. Horregatik dio gaur egun finantzaketa horren %35 bueltan dabilela gobernua.
Horrez gain, Nafarroa Suspertu planari ere begiratu dio Arregik, bertan helduen euskalduntzeari bi aipamen egiten zaizkiolako. «Bertan dio beken sistema indartu, eta doakotasunerako urratsak egin behar direla». Horrez aparte, Euskararen II. Plan Estrategikoa prestatzen ari da gobernua, eta bertan txertatu nahi luke helduen euskalduntzea helburu duen eskaintza ere. Arregik doakotasunerako urratsak egin nahi lituzke, baina hor «alderdi politikoen arteko negoziazioak» sartzen dira tartean, eta horregatik «bide luzea» ikusten dio aukera hori garatzen hasteari. Bitartean, ekarpenak handituz joatea da haren helburua.
Helduen alfabetatze eta euskalduntzea. Doakotasuna
Doakotasuna ulertzeko moduak
Euskara doan ikasteko pausoak eman diren arren, ez dago adostasunik bide horren inguruan. Jaurlaritzak gutxieneko maila batzuen doakotasuna laguntzen bidez bermatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu