Doakotasuna eskatu dute eskolen %75etara doazenentzat

Lau urte barru ikasleek matrikulen %5-10 ordaintzea planteatu du Kontseiluak; gainerakoa HABEk kudea dezala eskatu du

Kontseiluko eta euskaltegietako ordezkariak, atzo goizean Donostian egin zuten agerraldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Euskara ikastea guztientzat doakoa izan dadin proposamena aurkeztu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Honako hauek dira Doakotasuneranzko bidean izeneko proposamenaren gakoak: euskalduntze prozesu osoari laguntza ematea, ikaslearen aprobetxamenduaren araberakoa izatea, doakotasuna Eusko Jaurlaritzaren eskumena izatea eta inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea.

Kontseiluak martxoan jarri zuen doakotasunaren kanpaina martxan, eta, orain, proposamen zehatza egin dio Eusko Jaurlaritzari. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, «gobernua eratzeko itunean jasotako helburu bat zen euskararen gizarte hazkundea finkatzea, euskal hiztunen kopurua handituz eta hizkuntza gaitasuna hobetuz; bai eta helduek B2 mailara arte euskara doan ikasi ahal izateko prozesua amaitzea ere». Horren ordez, Kontseiluak C1 mailara arte doan izateko eskaera egin du, izan ere, gaur egun, eskolen kostu osoa ikasleek hartzen dute euren gain , ez baduteberen kabuz lortutako laguntzarik behintzat.

Aldarrikapen historikoa izan da Euskal Herrian euskara ikastea doakoa izatea. Justiziazkoa dela adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak: «Izan ere, herri kohesionatua nahi badugu, herritar guztiei tresna guztiak eskaini behar zaizkie, eta hor kokatu behar dugu berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea».

Proposamenerako gakoak

Lau ideia nagusi jasotzen dira proposamenean. Batetik, euskalduntze prozesu osoari laguntza ematea eta ez bakarrik erabiltzaile independente izan artekoari. «Pertsona baten euskalduntze prozesua noiz bukatzen den zaila da zehazten. Gure proposamenari dagokionez, herritarrek beren burua osoki euskalduntzeko lortu beharreko gaitasunak lortzea dira guretzat oinarri», argitu du Bilbaok. C1 maila hartu dute euskalduntze prozesu osotzat.

Bestetik, doakotasuna ikaslearen aprobetxamenduaren baitan bermatzea proposatu dute. Horretarako, ikasleek %75eko asistentzia bermatu beharko dute, eta ez da beharrezkoa izango azterketa gainditzea. Euskalduntze prozesua eten ez dadin, 2.000 orduko ikastaro kredituen muga proposatu dute.

Euskalduntzearen doakotasuna Eusko Jaurlaritzaren eskumena izatea ere proposatzen dute; izan ere, gaur egun, hainbat instituziok egiten dituzte ekarpenak beren burua euskalduntzen ari diren herritarrei laguntzeko, eta prezio desorekatuak ordaindu behar izaten dituzte ikasleek.

Desoreka gainditzeko, euskalduntze prozesu osoak doakoa izan behar duela uste du Bilbaok, eta doakotasuna kudeatzeko «leihatila» bakarra ezartzea proposatu du, HABEren bitartez; hau da, edozein dela ere ikaslearen bizilekua edota euskaltegia, matrikula bera ordainduko lukete.

Azken proposamena inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea da, doakotasuna bermatu ahal izateko. Bilbaok esan duenez, «euskara ikastea zerbitzu publikoa den heinean, helduen euskalduntze kostuaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak hartu behar du bere gain, eta ikasleek, gehienez, kostu horren %5-10 bitartekoa ordainduko lukete».

Kontseiluak kostuen azterketa estandarra egin du 5.000 eskola ordu eskainiko dituen euskaltegi hipotetiko batekin, eta, horren arabera, lau urte barru, HABEk 42,9 milioi euro erabili beharko ditu matrikuletarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.