Agerraldia egin dute gaur dozenaka ikaslek EHUren Leioako campusean, Bizkaian, eta «doako» unibertsitatea lortzeko bidean indarrak batzeko deia egin dute. UIB Unibertsitate Indar Batasunak deituta elkartu dira. Ikasleak maiz egoera «prekarioan» daudela salatu dute, eta mahai gainean jarri nahi izan dituzte matrikulen prezioekin eta bekekin lotuta Euskal Herriko Unibertsitate EHUri egindako eskariak. Horien inguruan abiarazitako kanpainarekin 10.000 ikaslek bat egin dutela jakinarazi dute. Errektorea hautatzeko hauteskunde kanpaina martxan da; hain justu ere, azaroaren 26an egingo dira bozak, eta, justu «testuinguru horretan» maiz «promesa faltsuak» egiten direla gogora ekarrita, propio ekarri nahi izan dituzte ikasleek plazara beren aldarriak.
«Unibertsitatea garestitzen ari da», ohartarazi dute. Langile familia askoren erosahalmena urritu denez, esaterako, askok unibertsitate gastuei aurre egiteko «gaitasun txikiagoa» dutela azaldu dute. Eta garestitze «zuzena» ere egotzi diote EHUri. Matrikulen prezioak igo egin direla eta horiek apaltzeko «borondate eta asmorik» ez dagoela salatu dute. Uste dute ikasleak baztertzen dituen «eredu enpresariala» gailentzen ari dela.
Joxerramon Bengoetxea eta Eva Ferreira dira errektore izateko hautagaiak bozetan, baina, UIBren arabera, hautagaitza biek bazterrean utzia dute doakotasunaren aldeko aldarria. Bi arlotan dituzte eskari nagusiak ikasleek. Matrikulak merkatzearekin lotuta, hauek zerrendatu dituzte: lehen matrikulen prezio bereko birmatrikulazioak, praktiketako matrikulazioak doan jartzea, eta masterren matrikulazio prezioa apaltzea. Beken hobekuntzarekin lotuta, berriz, hauek nahi dituzte lehen lerroan: etxetik kanpo bizi diren ikasleentzako eta garraiorako laguntzak hobetzea, eta praktika ordainduak.
Eske horiek aintzat hartzen ez badira mobilizazioetarako deia egingo dutela adierazi dute.