Doako eta kalitatezko hezkuntza aldarrikatu dute ikasleek protestetan

Ikasle Abertzaleek deituta, ehunka lagun manifestatu dira Hegoaldeko hiriburuetan. «Hezkuntza ofentsiba kapitalista» geratzera deitu dute

IAk deitutako manifestazioa, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Isabel Jaurena - Gotzon Hermosilla
Bilbo
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ikasle Abertzaleek Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu lelopean ehunka gazte mobilizatu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ikasle Abertzaleek deituta egindako greba egunean. Doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala defendatzeko egin dituzte mobilizazioak, EAEko Hezkuntza Legearen proposamenak segregazioan sakontzen duela iritzita.

Bilbon eguerdian zuten jarria ordua. Plaza Eliptikoan egin zuten bat Errekaldeko eta Deustuko blokeetako ikasleek, eta Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu lelopean abiatu zuten manifestazioa ehunka gaztek. Unamuno ikastetxearen paretik pasatu ziren ikasleak; aurrekoan salatu zuten grebarako eskubidea urratu zietela. Manifestazioa amaitu ondoren, adierazpenak egin zituzten, hezkuntza «doakoa eta kalitatezkoa» nahi dutela aldarrikatuz: «Hezkuntzaren norabidea eliteen eskuetan dago, proletarioak hezkuntza sistematik kanporatzeraino. Antolatzeko garaia da».

EAEko Hezkuntza Lege proposamenaren eta erreformen kontra eta langile klasearen interesen alde antolatzeko deia egin zuten ikasleek mobilizazioak antolatzean, doako eta kalitatezkohezkuntza unibertsala defendatzeko. Izan ere, haien arabera, «modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza» da legea.

Segregazioa

Adierazi zuten Hezkuntza Legeak segregazioan sakontzen duela. «Langile klaseko ikasleak baztertu eta hezkuntza elitizatzeari egiten dio erreferentzia», gehitu zuten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako segregazio tasa handia dela salatu zuten, eta gehitu legea «norabide horretan sakontzeko asmoz» datorrela, eta «ikastetxe pribatu eta kontzertatuei ateak irekitzen» dizkiela. Hortaz, diotenez, beharrezkoa da «doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsalaren eraikuntzan aurrerapausoak egitea». Manifestazioak egin zituzten, halaber, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.