Ertzaintza DNA proben emaitzaren zain dago Panaman desagertu den Bizkaiko andrearen ikerketan

Andrearen berririk ez dago, eta desagertu zen tokiaren inguruan azaldutako hilotz bat identifikatu zain daude ikerketaren arduradunak

Bocas del Toro artxipelagoan dago Carenero, Panaman. WIKIMEDIA
Bocas del Toro artxipelagoan dago Carenero, Panaman. WIKIMEDIA
arantxa iraola
2024ko uztailaren 29a
13:25
Entzun

Argitzeko dago oraindik Panaman lehengo astean desagertu zen Bizkaiko andrearen kasua. Larunbatean eman zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak albistea. Jakinarazi zuen ertzainek familiaren bidez izan zutela emakumearen desagertzearen berri; joan den ostiralean aurkeztu zuten salaketa, asteazkenetik haren berri ez zutela izan argudiatuta. Carenero uhartera joana zen emakumea, Bocas del Toro probintziara, oporretara. Ertzaintzak, berria zabaltzearekin batera, azaldu zuen hilotz bat agertu zela emakumea desagertutako tokiaren inguruan, eta identifikazio lanak martxan zirela, bera ote zen argitze aldera. Orain jakina da, ordea, itxaron egin beharko dela hori jakiteko: DNA probak beharko dira identifikatzeko. Egin dituzte, eta horien emaitzen zain daude.

Panamako agintariekin lankidetzan ari direla nabarmendu dute ertzainek. Familiak, Ertzaintzan ez ezik, Panamako erakundeetan ere eman du desagertzearen berri. Bocas del Toroko agintariek baieztatu dute hilotza agertu zela andrea ostatu hartuta zegoen tokitik gertu, hondartza batean. Emakume batena dela ere baieztatu dute. Aditzera eman dutenez, berehala abiarazi zituzten gorpua identifikatzeko lanak. Probintziako Feminizidio eta Giza Hilketen Atala ari da bideratzen ikerketa horiek. Nazioko Prokuradoretza Orokorraren barruan dagoen erakunde bat da.

Ostatutik ateratakoan

Ikertzaileek orain arte eman dituzten datuen arabera, Bizkaiko andre honen arrastoa galdu zen joan den asteazkenean, oporretarako bizileku zuen ostatutik atera zenean. Oraindik identifikatzeko dagoen hilotza ostiralean agertu zen, handik bi egunera, hain justu ere familiak desagertzearen berri eman zuen egun berean. Panaman egiten ari diren ikerketetan ahalegintzen ari dira argitzen norekin ibili zen andrea desagertu aurretik, eta zer egin zuen.

Panamako hedabideen arabera, feminizidioa da desagertzearen ikerketan nagusitu den hipotesia. Jakinarazi dute, era berean, hilotza agertu zen inguruan agertu dela Bizkaiko emakume horren pasaportea. 30 urte dituela esan dute hainbat hedabidek, Erandiokoa dela, eta oporretan egun batzuk Panaman egin eta gero Bizkaira bueltatzeko asmoa zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.