Frantziako presoen salbuespenak salbuespen, azken presoak Euskal Herriratuta oraintxe eman dute amaitutzat urruntzea. Indarrean izan den hamarkada hauetan, era guztietako ondorio eta kalteak eragin dizkie presoei eta haien senide zein lagunei. Bisitetako joan-etorrietan hil diren hamasei lagunak dira politika gogor horren ondoriorik latzena, baina beste hamaika kalte eragin ditu salbuespen politika horrek, humano zein ekonomiko. Ertz batean zein bestean espetxe politika horren eragina jasan duten hainbat lekukoren testigantzen bilduma jaso da lerro hauetan.
IRANTZU BENITO
Sakabanaketa politikaren biktima
«Nik ez nuen erabaki errepide hartan egotea; hara bidali ninduten lagun bat ikustera»
Teorian euskal preso politikoentzako diseinatu bazuten ere, urruntze politikaren ondoriorik latzenetakoak haien senide eta lagunek jasan dituzte. Presoen sakabanaketaren ondorioz, hamasei lagun hil dira bidaietan, eta dozenaka zauritu. «Errusiar erruleta baten» izaera zuen dinamika batean, kasik modu estatistikoan jakinekoa zen istripua toka zitekeela, zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta aukera gehiago horretarako. Halaxe gertatu zitzaion Irantzu Benitori ere (Soraluze, Gipuzkoa, 1969). Larunbat batean izan zuen istripua, 2001eko irailaren 8an, Avilako (Espainia) espetxera bidean, Lourdes Txurruka presoarekin bisita egitera zihoazela. «Stop batean kamioi bat gainera etorri zitzaigun. Kolpearen ondorioz, konortea galdu nuen segundo batzuetan, baina berreskuratu nuenean, ikusi nuen Iñakiren burua nire gainean... Gogoan dut jada ez zegoela han».
Benitorekin Iñaki Saez senarra zihoan, autoaren gidari, eta atzealdean Asier Eriz, hirurak ere Soraluzekoak (Gipuzkoa). Eriz eta Sanz hil egin ziren istripuaren ondorioz. Mirari bat izan zen Benito bizirik ateratzea. Hainbat hezur hautsita zeuzkan, tartean burezurraren oinarria. «Medikuek esan zidaten oso arraroa zela bizirik egotea». Kasualitatetzat jo daitekeen arrazoi bat dago, hori posible egin zuena. Autoaren atzetik zihoan beste ibilgailukoak segituan azaldu ziren biktimak artatzera. Besteak beste, Benitori konortea ez galtzen lagundu zioten. «Medikuek esan zidaten esna mantentzea lortu zutela, eta horri esker ez nuela konortea galdu. Bestela, ez nintzateke hemen egongo».
Ikusi gehiago:Pozak blaitutako aldarria
Ospitalean hainbat aste igaro eta gero —hasieran Avilan eta gero Donostian—, etxera joan zen Benito, senarra eta lagun bat betiko galduta, eta zauri larriak osatzeko zituela. «Emozionalki eta fisikoki ez nengoen ondo, eta ondorio oso latzak nituen. Sentimentalki ere, lur jota nengoen, zeren senarra galdu nuen, eta gure proiektuak pikutara joan ziren». Senarrarekin zuen etxera itzuli eta hilabete luzeetako errekuperazioari ekin zion. «Bospasei hilabete errehabilitazioan egon nintzen. Gurasoen etxean hasieran, baina gero nire etxera joan nintzen, ahizpa gazteak lagunduta. Oso gogorra izan zen etxera itzultzea, baina egokituz joan nintzen».
Istripuak utzi dizkion orban emozional eta galerez gain, hitz egiteko akats bat geratu zaio. Urtebete behar izan zuen Lourdes Txurrukarekin berriz bisita batera joateko. Presoak errudun sentimendu handia zuen, eta biei on egin zien bisita hark. «Berak ez zuen indarrean zen espetxe politikaren errurik, baina, hala ere, horrela sentitzen zuen. Uste dut bisita horrek on handia egin ziola erru sentimendu hori kentzeko».
Urteek bidea egin dute, eta beste hainbat bisita egin ditu Benitok espetxeetara. Errusiar erruleta horretan murgilduta jarraitu du, ezinbestean. Garbi dauk urruntze politikak ez zuela existitu behar. Bukatutakoan ere, aitortza falta sumatzen du erakundeen aldetik. «Instituzionalki ez dugu batere aitortzarik jaso, ez senideok ez lagunok. Nik ez nuen erabaki egun hartan errepide hartan egotea. Nik erabaki nuen bakarra zen preso zegoen lagun bati bisita bat egitea, baina, gauzak legez egin baziren, nire laguna Gasteizen, Donostian edo inguruan egongo zen».
Gatazkaren kontakizunaren transmisioan garrantzitsutzat jo du gertatutakoa gogoraraztea aurrerantzean. «Kontakizun horretan dena agertu behar da, eta ondorioetako bat zera izan da, espetxe politikak eragindako mina eta sufrimendua. Politika hori diseinatu zutenek bazekiten zertarako egiten zuten, mina eta kaltea egiteko. Hori aitortu egin beharko lukete».
Izan ere, Benitok ez du laguntzarik eskatzen, baizik eta biktima moduan aitortua izatea. «Gu egon behar ez zen espetxe politika baten biktimak izan gara, ni eta neure moduan ibili diren guztiak. Aitortza hori jasotzea eta horrelakorik berriz ez gertatzeko konpromisoa hartzea: horrekin nahikoa daukat».
ITZIAR ARRIZABALAGA
Preso ohia
«Nik hautu bat egin nuen, baina nire familiari tokatu zaio horren ondorioak pairatzea»
Hiru hamarkada baino gehiago iraun du urrunketak bai euskal presoentzat eta bai haien senide eta lagunentzat. Aspaldi bazen ere, eduki zituzten beste baldintza batzuk; besteak beste, euskal preso guztiak espetxe berean elkarrekin zeuden urteak. Egoera hori ezagutu zuen Itziar Arrizabalagak (Zumaia, Gipuzkoa, 1960). 1987an atxilotu zuten, eta Carabanchelgo (Espainia) emakumeen espetxean sartu zuten. Kolektiboko andre guztiak han ziren orduan, elkarrekin. «Niretzat etxera ailegatzea bezala izan zen. Kide guztiak ginen han, euskaraz bizi ginen, gure erara antolatzen ginen, eta kide bat sartu ahala guk erabakitzen genuen zer ziegatan sartuko zen. Janaria guk prestatzen genuen, eta euskarazko eskolak ematen genituen goizetan. Ondo bizi ginen, eta gero ezagututakoak ikusita, oso ondo bizi ginela esango nuke».
1989an, presoak sakabanatu eta urruntzeko Espainiako Gobernuaren erabaki politikoa iritsi, eta astebetean hustu zuten Carabanchelgo espetxea. Lehenik, Yeseriasera (Madril, Espainia) eraman zuten Arrizabalaga, eta lehen gradua ezarri zioten. Bizi baldintza duinak goizetik gauera galdu zituzten euskal presoek. «Ez tailerrik, ez telefono deirik, Galizian, Andaluzian, Mediterraneoan barreiatu gintuzten». Berehala bidali zuten Arrizabalaga Salto del Negroko espetxera (Las Palmas, Kanariar uharteak). Iberiar penintsulatik kanpoko espetxe batean itxi zuten, horrek esan nahi duen guztiarekin. Gainera, muturreko baldintzak ezarri zizkioten: 22 orduz ziegan egotera behartu zuten. Ziega egunero miatzen zioten, eta biluztera behartzen zuten. Guztiz bakarrik utzi zuten, ia batere harremanik gabe. «1990etik 1992ko abuztura egon nintzen han, eta pasatu dudan espetxerik gogorrena izan da. Hango bizi baldintzak presoa suntsitzeko ziren, fisikoki edo psikologikoki... Inpotentzia handia sentitzen duzu, borroka egiteko indarrik gabe lagatzen zaituztelako. Greba egin dezakezu, baina ez duzu indarrik». EGAko titulua ateratzeko azterketa ere gaztelaniaz egitera behartu zuten. Espetxe hartan egon eta zortzi hilabetera lortu zuen lehen telefono deia egitea senarrarekin, zeina hura bezala preso zegoen. Lehen graduan, egoera latzean, senideekin ia komunikatu ezinda, espetxe politikaren gordinenaz jabetu zen Arrizabalaga bi urteotan: bakardadeaz eta distantziaren zamaz.
Egoera hark berari ez ezik senideei nola eragiten zien ikusita, ardura handia sortzen zitzaion. «Jabetzen nintzen nik aukera bat egin nuela, eta horrek ondorio batzuk zituela niretzat... Baina nire familiari tokatu zaizkio nik hartutako aukera horren ondorioak jasatea. Gero, senide moduan ikusi dut hori ere ez dela horrela. Las Palmasera eraman nindutenean, esan nien hura oso urrun zegoela, eta lasai egoteko. Haiek erantzun zidaten: 'Zu nora eraman, hantxe egongo gara geu ere'».
Ikusi gehiago:Jaurlaritza: «Sakabanaketaren amaiera kapitulu baten itxiera da»
Salto del Negrotik Bonxera (Lugo, Galizia) aldatu zuten, bigarren graduan. Bizi baldintza duinago batzuk lortu zituen. «Patio ordu ugari nituen, eta banuen senideekin aurrez aurreko bisita, senarrarekin ere lortu nuen telefono deiak egitea, nahiz eta galizieraz egin behar nituela esaten zidaten». Zazpi urte pasatu zituen hala, eta, 1998an, hamar urte ostean, lortu zuen senarrarekin batera espetxe berean egotea, hamar urte elkar ikusi gabe egon ondoren. Urtebetez bakarrik iraun zuten hala. Avilara eraman zuten handik, eta gero Villabonara (Asturias, Espainia). 2005ean, hemezortzi urte espetxean igaro ostean, kaleratu egin zuten.
Garbi du zer izan zen sakabanaketa presoen kolektiboarentzat. Taldea hausteko ahalegin bat, presoak «suntsitzeko» asmoz egina. «Hasieran ireki genuen borroka ildo bat elkartzeko, asmoa baitzen ordura arte lortu ziren bizi baldintza duinak apurtzea. Uste genuen borroka eginez lortuko genuela, baina ikusten genuen zigorrak ezartzen zizkigutela protesta hasi eta hurrengo egunean... Orduan erabaki genuen borroka kartzela bakoitzaren errealitatera egokitzea, bakoitzaren egoera kontuan hartuta, bizi baldintza duinak lortzea helburu».
Denborak arrastoa utzi zuen, ezin bestela. «Kolektiboan bizi izan garenok nahi genuen berreskuratu aurreko egoera, borroka egin nahi genuen lortu arte. Baina geroztik atxilotutako jendearentzat egoera ezberdina izan da».
Espetxetik irten eta senide gisa urruntzearen errealitateari aurre egitea ere tokatu zaio, urte luzetan, senar presoa bisitatzera joan behar izan baitu. Batzuetan bakarrik, besteetan Mirentxineko gidariekin. Orain, sakabanaketaren amaiera ere ezagutu du. «Ondorioa da borrokatuz gero gauzak lortzen direla. Aurre egin diogu sakabanaketari, bai barruan eta bai kanpoan... Urte asko kostatu zaigu, baina lortu dugu. Jende asko geratu zaigu bidean, istripuetan eta barruan, ezin izan diogulako eutsi zama horri... Orain erronka da presoak etxera ekartzea, eta ziklo hau ixtea».
PATXI URANGA
Preso ohia
«Garbi genuen guraso izan nahi genuela eta espetxea ez zela horretarako oztopoa izango»
Urruntzea eta bakartzea bizi izan ditu Patxi Urangak (Orio, Gipuzkoa, 1976) preso egin dituen urteetan. Eta, horrez gain, gauzatu du bi ezaugarri horiek batere erraztu ez duten guraso izatearen hautua. Preso zeudela erabaki zuten berak eta bere bikotekide Olatz Lasagabasterrek haur bat izatea, eta hala eduki zuten Xua alaba, hiru urtez amarekin batera presondegian bizi izan zena. «Garbi genuen guraso izan nahi genuela, eta espetxea ez zela oztopoa izango. Bagenekien zailtasunak izango genituela, baina aurre egitea erabaki genuen eta pozten naiz horregatik». Oso gogorra izan dela dio, baina. «Zaintzaren zama guztia amarengan geratzen da espetxean, eta nire kasuan ikus nezakeen Xua asteartero eta ostiralero 50 minutuz. Hilean familiako bis bat, elkarbizitzako beste bat. Nik behar nituen urtebeteko bisita eta bis guztiak Olatzek astebetetan Xuarekin ematen zuen denbora lortzeko, batez beste. Gogorra izan da, baina hemen gaude eta alabak ere hemen daude».
2009ko ekainean atxilotu zuten Uranga. Soto del Real (Espainia), Valdemoro (Espainia), Alacant (Herrialde Katalanak), Picassent (Herrialde Katalanak), Aranjuez (Espainia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeetan egon da preso, 11 urtez, 2009ko zigorra osorik beteta aske utzi zuten arte. ETAk borroka armatua uztea erabaki zuen garaian egon da preso, gehienbat, baina horrek ez dio espetxe politika gozoagorik ekarri. Ia bost urtez ezin izan zuen bikotekidea ikusi. «Epaiketan eta ezkontzan ikusi genuen elkar. Ezkondu behar izan genuen pentsatuz horren ondoren ez gintuztela banatuko, baina banatu gintuzten berriro urte eta erdiz».
Alaba munduratu eta biharamunean jakin zuen berak haren aitona hil zela, telefono dei beraren bidez. «Oso sadikoak izan dira gurekin, eta umeak erabili dituzte guri mina egiteko, jakinik gurasoa izanda kartzelan zaurgarriago bihurtzen ginela».
Kexu da guraso gisa eskubideak urratu dizkiotelako. «Olatzek dentistarengana edo ginekologoarengana joan behar bazuen, alaba ezin zuen eraman, baina, hala ere, beste presoekin uzten zuen haurra, nahiz eta neu handik 200 metrora eta hogei atera egon. Non daude aitaren eskubideak eta betebeharrak? Kartzela guztiz matxista da».
Euskal Herritik urrun eta lehen graduan igaro ditu preso egondako urte asko. Besteak beste, bisiten gorabeherak bizi behar izan ditu, errepidean senide eta lagunek igarotako kilometroak tentsio iturri bilakatu zaizkio askotan. «Kide gehienek antsietatez bizi izan ditugu senideak eta lagunak bidean dauden ordu horiek, zeren ez daukagu modurik etxekoekin komunikatzeko bidean diren bitartean. Nire kasuan zortea izan dut, 11 urtetan istripu bakarra izan baitugu, eta ez baitzen kalte fisikorik egon».
Haur bat ez, bi izan dituzte espetxean: Xua eta Maddi... Bigarrena jaiotzerako, nagusia espetxetik irten zen, nahiz eta guraso biak kartzelan geratu. Xua amonaren zaintzapean geratu zen, eta bederatzi hilabete horietan behin bakarrik ikusi ahal izan zuen Urangak. «Zortea izan dugu, amonarekin egon zelako, eta bikain zaindu zuelako. Herrian ere sekulako babesa izan genuen, eta eskerrik onenak denei, baina oso gogorra izan da Xuarentzat».
Sakabanaketa amaitu bada ere, erronkak ez dira falta, eta Urangak uste du helburu nagusiak hor jarraitzen duela: preso guztiak etxera eramatea. «Presoei ezin zaie gehiago eskatu, dena eman dute eta. Etxean nahi ditut eta, behin hori eginda, herri hau askatasunaren bidean jarri».
ANE MIREN BARRENETXEA
Imanol Miner presoaren bikotekidea
«Lehen, Lupidanara etortzen nintzen, eta han hasten zen bederatzi orduko bidaia; orain, bederatzi minutuan nago espetxean»
Presoek ez ezik, senideek eta lagunek pairatu dituzte urruntze politikaren ondorioak. Aurrena lagun izanik eta gero bikotekide, Ane Miren Barrenetxeak (Ondarroa, Bizkaia, 1971) urteak eman ditu Imanol Miner presoari bisitak egiten. Hura espetxeratu zutenean, lagunak ziren, adiskide berak zituzten, parrandan ibiltzen ziren elkarrekin Hernanin (Gipuzkoa).
Miner atxilotu zuten, eta Barrenetxeak handik bizpahiru urtera egin zion lehen bisita. Ordurako, Granadan (Espainia) zen Miner. «Orduan lagunekin joaten ginen, kuadrillan. Hiruzpalau lagun lokutorioan, haren anaia ere tartean, zenbaitetan. Horrela, urte pila batean egin nizkion bisitak».
Garai hartan, Hernanitik Granadara bederatzi orduko bidaia izaten zuten bisitara iristeko. Baina bazuten beste oztopo bat: bisitari kopurua mugatu egiten zuten, zerrenda baten bidez. Hamar lagunek bakarrik bisita zezaketen presoa, hortik kanpoko beste inork ez. «Hori oztopo handi bat zen presoarentzat, bete egin nahi genituelako bisita guztiak, baina lagun kopuru mugatu bat izanda, kosta egiten zen». Hasieran hiru hilabetez aldatzen zen zerrenda, eta geroxeago sei hilabetean behin. «Pentsa, sei hilabetean agian tokatzen zitzaizun bi, hiru edo lau aldiz Granadara joatea».
Ikusi gehiago:Kontsentsuak traben kontra
Hala hasi zen bidaiak planifikatzen, autoz, furgonetaz, hegazkinez... ahal zen moduan. Opor sasoiak baliatzen zituzten, uda partea edo Aste Santua. Bisitetan ez ezik, gutun bidez komunikatzen hasi zen Barrenetxea Minerrekin, eta, modu horretan, harremana sakonduz joan ziren. «Gero animatu nintzen bakarrik bisitatzera, gure gauzei buruz hitz egiteko. Modu horretan, duela zortzi urte, galdetu genion elkarri ea zergatik ez genuen pauso bat ematen, bikote paperak egin, eta hala elkar besarkatzeko genuen gogoa ase ahal izango genuen».
Pentsatu eta egin. «Ordura arte lagun moduan egiten nizkion bisitak, eta Imanol ez zegoen nire eguneroko bizitzan, baina besarkada hura izan eta gero bai, nire lehentasuna bihurtu zen». Horrela hasi zuen espetxean preso dagoen pertsona batekin bikote harremana. «Bat-batean bikotekide bat daukazu, espetxean dago, Granadako puntan, eta bikote harreman bat den moduan, eguneroko deiak, gutunak, eta eguneroko ardura... Zurekin dauka konplizitatea, eta kontatzen dizu ondo dagoen edo ez, eta hori eguneroko deiarekin ez da lortzen. Laguna zenean, biok gure onenaerakusten genion elkarri; bikote bihurtutakoan, onena ez ezik, txarrena, tristeena ere erakusten duzu. Negargura baduzu, negar egiten duzu. Harremana erabat aldatzen da».
Aitortu du ez dela erraza horrela harreman bat aurrera eramatea. «Azkenean ez zaude egunerokoan, eta nahiz eta eduki presente, ez zaude berarekin. Hori hala moduz eramaten da. Momentu askotan bera sumatzen duzu faltan, eta berak zu. Bizitza pertsonalean gauza gogorrak gertatzen zaizkizu, nire kasuan, anaia bat-batean hil zitzaigun, eta, hor, bada... Berak ezin dizu lagundu, eta nahi dizu lagundu. Une horietan kartzela eta urruntzea bereziki gogorrak dira. Konturatzen nintzen nahi banuen berarekin egon, besarkatu, Granadaraino joan behar nintzela, eta ez nuela indarrik horretarako».
Mirentxineko gidari boluntarioen babesa eta laguntza ezinbestekoa izan zaizkio distantziaren zama arintzeko. Hitz onak baino ez ditu haientzat: «Mirentxin magikoa da: lau gurpilen gainean sortzen den maitasun leherketa bat da. Izugarria da. Boluntario asko ezagutu ditut, eta benetan, galdetu egin izan diet, zer egiten dituzue ikastaroak gozo, atsegin, sentimentalak izateko? Denak etortzen ziren, besarkatzen zintuzten, maitasuna eta elkartasuna transmititzen zuten». Urte askotan Granadara joateko, Mirentxinen furgonetarako zerrendan izena ematea baino ez du egin behar izan Barrenetxeak, beste senide askok bezala. «Bidaia bat bukatu ahala beste bat planifikatzen hasten ginen. Mirentxin gabe, imajinatu zer izango zen hori!».
Azkenean Euskal Herriratu dituzte presoak, eta Barrenetxearen bikotekide Imanol Miner bera ere bai, Zaballara. Errotik aldatu da senideen eta lagunen egoera. «Oraindik esaten dut askotan, hau egia al da, Gasteizen al dago? Izan ere, lehen Lupidanara etortzen nintzen, Gasteizera. Eta han hasten zen Granadarako bidaia, senide guztiak elkartzen ginen tokian. Eta, orain, han gelditzen naiz beti kafe bat hartzen. Sekulako poza da, zeren hemen hasten genuen lehen bederatzi orduko bidaia. Orain, bederatzi minutuan kartzelan nago».
Itxaropena eta kezka. Biak nahasten zaizkio Barrenetxeari etorkizunaz galdetzen diotenean. «Alde batetik, pozik nago, zeren esan bazidaten duela bi edo hiru urte horrela egongo ginela, ez nuen sinetsiko. Baina kezkatuta ere banago, hauteskundeak badatozelako berriro, eta nork esaten digu egoera ez dela berriro ere aldatuko? Sakabanaketa amaitu da, baina espetxean jarraitzen dute».
IRATI MARKO
Mirentxineko gidaria
«Errepidean eta furgonetan bizi izandako momentu horiek gogorrak bezain bereziak izan dira»
Euskal presoen urruntzeak eman ditu une gogorrak, kalteak, zaurituak eta hildakoak. Eman ditu buru-hausteak, une larriak eta estutasunak. Baina aurki guztiak du bere ifrentzua, eta, kasu honetan ere, eragin du elkartasuna eta laguntasuna. Horren adibideetako bat da Mirentxin gidari boluntarioen sarea. 1999an sortu zuten, presoen bisitan milaka kilometro egin behar zituzten senide eta lagunei laguntzeko.
Geroztik milaka eta milaka izan dira espetxeetako bidaiak gidari moduan egin dituzten laguntzaileak. Haietako bat da Irati Marko (Arrigorriaga, Bizkaia, 1987). Duela sei urte sartu zen Mirentxinen, ama izatekoa zen gidari bat ordezkatzeko boluntario batek egin zion eskaintzari baietz esanda. «Gidatzea gustuko nuenez, galdetu zidan ea animatuko nintzakeen gidari izatera berarekin. Inoiz gertutik bizi duzu Euskal Herriko egoera, presoak hor daudela dakizu, senideek eta lagunek zelako egoera sufritzen duten, baina inoiz ez nuen izan gertutik laguntzeko aukera hori. Iruditu zitzaidan aukera eta ideia ona nire ekarpen txikia egiteko».
Izan zitekeen Alacantera, Almeriara edo Galiziara, baina Markori Granadara joatea egokitu zitzaion. Gogoan du lehen bidaia, bizi izan zuen larritasun eta estutasuna. Izan ere, Bilbotik abiatzean arazo mekanikoak hasi zitzaizkion, eta Gasteizen furgoneta aldatu behar izan zuen. Denbora asko galdu zuenez, bizkorrago eta geldialdi gutxiagorekin egin behar izan zuen bidaia. «Bidaia aurrera joan ahala, denboraz estu zebiltzan eta urduritasuna gero eta handiagoa zen, senideek bisita galtzeko beldurrez. Azkenean ondo atera zitzaigun, baina lehen bidaia izanda eta modu horretan, gogorra izan zen».
Bidaietan beti zuten helburu bat: bidea seguru eta garaiz egitea, senide eta lagunek bisita egin ahal izan zezaten. Bidea oztopoz beterik dagoenez, segurtasun neurriak ahalik eta gehien zaintzea zen euren eginkizunetako bat. «Beti hartzen dituzu neurri berezi batzuk arriskuak saihesteko: garaiz irten, geldialdiak egin, abiadura zaindu. Zure helburua zen osorik eta garaiz iristea, eta horretarako hartzen genituen neurri guztiak, arriskuaz kontziente izanda. Nik bidaia hauetan ez dut inor galdu, baina bizitzan bai galdu dut gertuko jendea, eta badakit zer min sortzen duen horrek. Imajinatzea espetxean dagoen pertsona batek hori bizi behar izatea... Buruan ez zitzaidan sartzen aukera hori».
Elurra izan zitekeen, beroa edo arazo mekanikoak. Baina gatazka politikoaren beste adar bat izanda, polizien kontrolak ere jasan behar izan dituzte, eta era guztietako trabak, alde horretatik. Markok gogoan du Jaenen (Espainia) guardia zibilek bere furgonetan zihoazen bi senideri jarritako isun bat, abiatu eta segituan, segurtasun uhala artean jarri gabe zutelako. «Kartzelako trabez gain, errepidean guardia zibilak daude, guri oztopoak jartzeko prest. Etsaia beti da hor. Hala ere, momenturik gogorrenak matxurak dituzun horiek dira. Eta gogorra da zeren pentsatzen duzu ez zarela iritsiko, edo senideak ezin dituzula eraman behar bezain eroso. Tentsio handia sortzen dute».
Horren aldean, baina, senide eta lagunengandik jaso duten eskertza eta aitortza daude. «Errepideetan edo furgonetan bizitzen diren momentu horiek gogorrak bezain bereziak dira... Haiek urduri doaz bisitara doazelako. Sentimenduz beteriko momentuak dira, eta zuk ere bizitzen dituzu eurekin. Testuinguru horretan sortzen diren harremanak oso bereziak dira. Haiek badakite gu boluntarioak garela, eta saiatzen dira gu zaintzen, lasai joan gaitezen. Elkarren zaintza bat dago, oso polita eta garrantzitsua. Haiek badakite euren egoera hori dela, baina badakite guk ze esfortzu egiten dugun asteburuetan hor egoteko».
Mirentxinen aritzeak une gogorrak pasarazi badizkio ere, eman dio aukera «presoen egoera gogorra leuntzeko» bere ekarpena egiteko. «Eman dit aukera gertutik ezagutzeko senideen sufrimendua eta errealitatea. Beti entzuten duzu, baina gertutik bizitzea beste gauza bat da, eta senideen babesa eta maitasuna ikaragarria izan da». Joan-etorri horien guztien ondorioz, gainera, preso batekin harreman estu bat lortu du Markok, eta hori ere nabarmentzeko modukoa iruditzen zaio.
Aurrera begira, eta presoak dauden bitartean, berriz urruntzeko arriskua dagoelakoan dago. «Ikusten ari gara gradu erregresioak izaten ari direla, eta inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen etorkizunean. Eta beldur pixka bat ere badut, alde horretatik. Baina sakabanaketa berriz martxan jarriko balitz, gu hor egongo ginateke berriro, senideek behar dutenerako, gure babesa emateko».