Distantzia eta informazio falta: abstentziorako osagaiak

Europako Parlamenturako hauteskundeetan, parte hartzea bertze bozetan baino apalagoa da. Adituen erranetan, erakundea urrun dagoela edo norbere herria ordezkatuta ez dagoela sentitzea izan daiteke horren arrazoia.

Europako Hauteskundeetan bertze bozetan baino apalagoa da parte hartzea. JESUS DIGES / EFE
Europako Hauteskundeetan bertze bozetan baino apalagoa da parte hartzea. JESUS DIGES / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 2a
05:05
Entzun

Europako Parlamenturako hauteskundeak eta abstentzioa bata bertzearen atzetik doaz maiz, Euskal Herrian bederen. Datuek hala erakusten dute: Hego Euskal Herrian, erraterako, 2019an %33,2koa izan zen abstentzioa, eta bost urte lehenago, %50 baino handiagoa. Are, EITB Focusen azken inkestaren arabera, %48,67koa izanen da parte hartzea ekainaren 9ko bozetan.

Zer dago, baina, parte hartze apal horren gibelean? Interes falta, Europarekiko urruntasuna edo ezjakintasuna, akaso? Igor Filibi EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Eurobasqueko idazkari nagusiak dioenez, hein handi batean «arrazoi historikoak» daude joera horien gibelean: «Historikoki Europako hauteskundeak ez dira Espainiako Kongresukoak, Eusko Legebiltzarrekoak, Nafarroako Parlamentukoak edo norbere herrikoak bezain garrantzitsuak izan. Horiek baitziren herritarrengandik hurbilen zeuden erakundeak, eta horietan erabakitzen baitzen aldian aldiko araudia edo gobernua. Gainera, Europako Parlamentuak, historikoki, legebiltzar arrunt batek baino erabaki ahalmen txikiagoa izan du».

Planteamendu hori, baina, zaharkitua gelditu dela uste du, eta duela 30 urte inguru zuen zentzua galdu duela. Izan ere, hitzarmenak berritu ahala erakundeak boterea irabazi duela dio, «eragile politiko oso garrantzitsua» bilakatzeraino. Zehaztu duenez, edozein dela gizarte batek duen arazoa, gaur egun EB Europako Batasuna da horretan esku hartzeko «erakunde erabakigarria», estatuen edo lekuan lekuko udalen gainetik.

Azken hamarkadetan gertatu den paradigma aldaketa hori ez dute hauteman herritar anitzek, eta hori da Filibiren ustez abstentzioaren gakoetako bat. «Jende askok ez daki boto honek eta Europako Parlamentuak berak zer-nolako indarra duten. Eta alderdiek ez dute laguntzen: ez diete azaltzen herritarrei zer dagoen jokoan. Gehiago eta hobekiago kontatu behar dugu», gehitu du. Azalpen faltan ez ezik, alderdiek kanpaina egiteko duten moduan ere kokatu du abstentziorako joera: «Batez ere alderdi handienak saiatzen dira hauteskunde hauek alor nazionalera eramaten». Gehitu du Euskal Herrian lurraldera «lotuago» dauden alderdiak daudela, eta Espainiako edo Frantziako alderdiekin alderatuta «dinamika desberdinak» dituztela, baina, halere, ez direla salbuespena.

«Jende askok ez daki boto honek eta Europako Parlamentuak berak zer-nolako indarra duten. Eta alderdiek ez dute laguntzen: ez diete azaltzen herritarrei zer dagoen jokoan. Gehiago eta hobekiago kontatu behar dugu».

IGOR FILIBI EHUko irakaslea

Gazteak: gakoa

Informazio falta horrek parte hartzeko potentzialitatea duten herritarrei eragiten diela uste du, eta gazteengan jarri du arreta. Euskal Herriko gazteak hainbat gaik kezkatzen ditu, hala nola klima aldaketak, energiarekin lotutako auziek, mugikortasunarekin lotutakoek eta generoari buruzkoek. Horiek guztiak definituko dituen markoa EBn erabakitzen dela azaldu du, eta uste du gazteek ez dutela informazio hori. Filibirendako, hedabideetan eta alderdietan dago horren azalpena: «Ez badute informaziorik ematen herritarrei eragiten dien arazo baten inguruan, herritarrek gai horiei buruz erabaki behar dutenean ez dute ideiarik izango». Gehitu du «zentzugabekeria» dela euskaldunek Ameriketako Estatu Batuetako politikari buruzko informazio etengabea izatea, eta ez EBri buruzkoa, beren «araudi politikoa» izanik, gainera.

Beraz, Filibirendako, gazteak dira «gakoa politikoki», batez ere Europako hauteskundeetan. Izan ere, haren erranetan, horiek dira gizarte baten osasuna neurtzeko «termometrorik egokiena»: «Oso arraroa da gizarte bat oso ondo joatea eta bere gazteak gaizki tratatzea, edo alderantziz».

Lorena Lopez de Lacalle Eurobasqueko lehendakariordeak ere bat egin du informazio faltaren ideiarekin, uste baitu Europako bozekin lotutako informazio gutxi zabaltzen dela. «Azalpen guztiak hauteskundeak baino hamabost egun lehenago ematen dira, eta hori ez da nahikoa. Egunero hitz egin behar da Europaz, gure inguruan hartzen diren erabakiak Europako Batasunetik baitatoz hein handi batean».

Ordea, Lopez de Lacallek ez dio informazio faltari bakarrik egozten abstentzioa. EB osatzen duten estatuetan jarri du arreta: «Estatuen Europa izaten jarraitzen dugu, eta ez herrien Europa. Hori oso urrunekoa egiten zaie herritarrei, eta pentsatzen dute bertan gertatzen denak ez diela eragiten». Alde horretatik, zenbait herrialdek jartzen dituzten baldintzak kritikatu ditu. Adibidez, Espainian hautesbarruti bakarra dago; hau da, eserlekuak adjudikatzeko, lurralde osoa hauteskundeetako esparru administratibo bakartzat hartzen da, Hego Euskal Herria eta Katalunia barne.

Lopez de Lacalleren hitzetan, horrek eragin zuzena du autodeterminazioranzko bidea egin nahi duten herrietan, alderdi politikoak «zaku berean» sartzen baitituzte: «Alderdi horien adierazpena gutxienekora murrizten da, eta behartuta daude bat egitera».

Horrez gain, azaldu du badirela gutxiengoak ordezkaritzarik gabe uzten dituzten lurraldeak ere. Grezia jarri du adibide gisa: herrialdeko iparraldean, Trazian, gutxiengo turkiarra botoen %10era iristera behartzen dute; ordea, ordezkatzen duten herritar kopurua baino handiagoa da kopuru hori. «Horrelako baldintzek ordezkapenik gabe uzten dituzte milaka europar, guztiak gutxiengoetako kideak. Horrelakoetan, gustuko ez dituzten alderdiak bozkatu behar dituzte, edo, bestela, abstentziora jotzen dute».

Lopez de Lacallerendako, estatuek jarritako baldintza horietan dago abstentzioaren gakoetako bat: ez izatea aukerarik gustuko alderdi bati botoa emateko.

Eskuin muturra, ate joka

Dela ezjakintasunagatik, orain 30 urteko paradigman murgilduta jarraitzeagatik edo norbere herria ordezkatuta ez egoteagatik, abstentziorako joera handia da Euskal Herrian eta Europan, orokorrean. Adibidez, 2019an, EBn erroldaturikoetatik %49,3k abstentziora jo zuten. Eta horrek ondorioak ditu. Parte hartze eskasak eskuin muturraren presentzia indartu dezakeela diote bi adituek. Filibik zehaztu du herritarren parte handi bat «haserre» dagoela, eta eskuin muturrak hori baliatuko duela gora egiteko.

Lopez de Lacallek uste du herritarrak haserre daudela ezkerrak alde batera utzi dituelako ahulenak defendatzeko zituen «balioak»: «Horrek huts egiten duenean nork hartuko ditu herritar horiek? Populismoek. Herritarrek entzun nahi dutena esaten dutelako». Hortaz, uste du ez bozkatzea eskuin muturrari botoa ematea dela. «Izan ere, Europako boto aktibatuena eskuinarena eta eskuin muturrarena da. Adierazten ez den botoak, beraz, indar handiagoa emango die haiei».

«Europako boto aktibatuena eskuinarena eta eskuin muturrarena da. Adierazten ez den botoak, beraz, indar handiagoa emango die haiei».

LORENA LOPEZ DE LACALLEEurobasqueko zuzendariordea

Ezkerreko alderdiek ere zerbait egin dezaketela dio Lopez de Lacallek, estatuen barnean egiten diren aliantzak EBra eramanez. «Zerbait egin behar dugu [eskuin muturreko] alderdi horiek orain duten protagonismoa izan ez dezaten, ez delako ordezkagarria». Gainera, herritarrek parte hartzeko aukera gehiago izan beharko luketela uste du, herrietatik beren iritzia emateko. «Europako gaiari ikusgarritasun gehiago eman behar zaiola uste dut».

Gazteak mobilizatzean jarri du garrantzia Filibik: «Ekainaren 9an aukeratuko den Europako Parlamentuak datozen bost urteetan aginduko du, Europako Batasunak aurrerantzean bere eredua zein izango den erabakiko duen momentuan. Gazteak biziko dira aginte horren pean, eta horregatik da garrantzitsua orain mobilizatzea, beraiek pairatu beharko baitituzte ondorioak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.