Euskara biziberritzeko bidean garai aldaketak datozela eta, gogoetan hasita daude batean eta bestean. Gogoeta horretarako beste oinarri bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, ikerketa estatistiko bat oinarri duena: euskarari buruz zein diskurtso diren nagusi aztertu du, eta herritarren artean bakoitzak zenbateko babesa daukan. Euskararen inguruko «diskurtso partekatua» osatzeko bidean, onarpenik handiena duten atalak hartu dituzte aintzat. Hori litzateke «diskurtso partekaturako» zimendua. Zoru komuna kontzeptua erabili du Eusko Jaurlaritzak. Nabarmendu du «indarberritu» beharra dagoela euskara biziberritzearen inguruko adostasuna.
Euskarari buruzko diskurtsoen gaiak garrantzi handia duela uste du Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bide horretan ekarpenak egiten ari direla azaldu du; gobernuak berak Eta hemendik aurrera zer? izeneko dokumentua aurkeztu du, eta aztergai dute Euskararen Aholku Batzordean. Beste proposamen batzuk ere badira; adibidez, Topagunearen altzoan hamar euskaltzalek egindako Berrikasi eta berrikasi agiria; «sendoa eta berritzailea», Baztarrikaren iritziz.
Iñaki Martinez de Luna soziolinguista ari da gaia aztertzen—orain urte batzuk jarri zuen gaia hizpide, framing berria kontzeptuarekin—. Udan, EGOD Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoak proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu zituzten, eta haren segida modukoa da oraingoa. Soziolinguistaren ustez, badago aukera euskarari buruzko «diskurtso berri eta partekatua» egiteko.
EGODen emaitza gisa, euskarari buruzko bost diskurtso nagusi bereizi zituzten. Kontzeptutan: errespetuarena —euskara eta gaztelania maila berean, adibidez—, balio pragmatikoarena —euskara aukera gehiago izatearekin lotzen duena—, sustatzailea —ezagutza orokorraren aldekoa, euskara denen arduratzat duena—, aldarrikatzailea —diru publikoa jartzea, lanpostuetan eskatzea...— eta uzkurra —diskriminaziotzat duena, esfortzu handiegitzat...—.
Emaitzei begiratzen bazaie, aldeak daude diskurtso batetik bestera. Errespetuaren diskurtsoak %97ren babesa luke; balio pragmatikoarenak, %85ena; sustatzaileak, %82rena; aldarrikatzaileak %61ena; uzkurrak, %14rena. Datuak tentuz hartu behar direla ohartarazi du Martinez de Lunak; inkestetan badago joera «politikoki zuzenak» diren erantzunak emateko, benetako uste batzuk isiltzeko. «Litekeena da diskurtso uzkurrak jarraitzaile gehiago izatea».
Emaitzen joera
Diskurtso baten barruan galdera bat baino gehiago egin dituzte, eta denek ez dute lortu adostasun bera. Emaitzak aztertuta, joera argia dago: desio orokorretan —hizkuntzak jakitea, denak errespetatzea, aukeratzeko askatasuna izatea...—, oso handia da herritarren babesa, %90etik gorakoa; eskakizun maila bat duten edo zehatzagoak diren arloetan, berriz, txikixeagoa da babes hori —diru publikoa jartzea ezinbesteko dela, euskaraz jakitea exijitu behar dela zenbait lanpostutan...—. Uzkurra alde batera utzita, beraz, diskurtso aldarrikatzaileari dagozkion ataletan azaldu da atxikimendu apalagoa.
Egindako galderetatik, onarpen handiena dutenak hautatu dituzte «diskurtso partekatuaren» oinarri izateko: bi herenen babesa baino handiagoa lortu dutenak. 21 aipamen dira. Baztarrikari ez zaizkio «harritzekoak» egin inkestaren emaitzak, eta adierazi du orain kontua ez dela «inoren diskurtsoa ezabatzea». Ontzat jo du «aniztasuna» egotea euskararen diskurtsoetan: «Bestea errespetatzen duena beti da onargarria».
Ondorioetan, aldarrikatzailetzat jo duten diskurtsoko atalak ageri dira amaieran —bi herenetik gorako babesez, hala ere; uzkurra ez da iritsi hara—. Muga bat ote da aldarrikatzaileak babes txikiagoa izatea, kontuan izanik neurri ausartenak haren barruan daudela? Baztarrika: «Zoru komuna behar bestekoa da politika sustatzailea egiten jarraitzeko». Oharra egin du: ezinbestekoa da adostasuna, baina hori bakarrik ez da nahikoa.
Diskurtso partekatua egiteko 'zoru komuna'
Euskarari buruzko diskurtsoak aztertu ditu Jaurlaritzak, eta erdigune izan daitekeen «diskurtso partekatua» proposatu.Baztarrikak uste du euskararen gaineko adostasuna «indarberritu» beharra dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu