Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren irudiko, matxismoaren kontrako kaleko borrokak eta mobilizazioak lausotu egin dira, kaleko mugimendua instituzionalizatzeraino. «Feminismoaren barneko zenbait sektore aldarrikapenak eta exijentziak baino ez dizkiete egin instituzioei, politikako joko zelaia alderdi politiko profesionaletara eta instituzioetara mugatuz», azaldu dute. Hortaz, instituzioetatik harago, diskurtso matxistei eta faxistei aurre eginen dien «erreferente iraultzaile bat» eraikitzea dute erronka nagusi.
Ikusi gehiago
Euskal Herriko kaleak hartu ditu gaur emakumeen antolakunde sozialistak, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean. Goizean eta bazkalondoan izan dira Ipar Euskal Herriko manifestazioak, eguerdian Bilbokoa, eta arratsaldean Donostiakoa, Gasteizkoa eta Iruñekoa. Guztietan aldarrikatu dute Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, «matxismoaren kontra borrokatzeko eta kaleak hartzeko» eguna dela. Hain zuzen, adierazi dute egunaren «izaera iraultzailea» berreskuratu nahi dutela.

Manifestazioen aitzinetik, gainera, errepide mozketak egin dituzte zenbait tokitan. Bilbon, erraterako, hiriko Zabalburuko sarbidea itxi dute. Iruñean, berriz, errepide bat moztu dute hainbat emakumek, baina antolakundeak salatu du gizon bat autotik jaitsi eta ekintza boikotatzen saiatu dela. Ekintza horietan, argi utzi dute Martxoaren 8a borroka eguna dela, «faxismoaren eta matxismoaren aurka kaleak hartzeko eguna», hain zuzen ere.
«Egiturazko mugak»
Egungo testuinguru ekonomikoak eta sozialak mobilizatzeko beharra mahaigaineratu du, Itaiaren ustez: «Ideologia ultraeskuindarrak berebiziko eragina du langile klaseko kolektibo zaurgarrietan; esate baterako, proletariotzaren, atzerritarren zein emakumeon aurkako ideiak, jarrerak eta politikak bultzatzen ditu».
Azaldu dutenez, alderdi eskuindarrek, boterea izan ahala, hartuko dituzten neurriek zuzenean eraginen dute emakume langileen bizitzetan. Bi ildo nabarmendu dituzte: batetik, emaztekiak gehiago zapalduko dituztela, indarkeria matxista jasan duten emaztekiei babesa eta laguntzak kenduz, erraterako; eta, bertzetik, migratzaileen kontrako jarrerak indartzen segituko dutela, «emakume migratzaileen aurkako esplotazioa eta sufrimendua areagotuz».
Finean, haien irudiko, faxismoak emakume langileen kontra egiten du «maila kulturalean, ekonomikoan eta politikoan». Hortaz, Itaiarendako, «urgentzia politikoa» dauka jarrera eta ideia erreakzionario horiei guztiei aurre egiteak.

Ordea, uste dute azken urteetako politikagintzak erakutsi duela «egiturazko mugak» dituela emaztekien zapalkuntza akitzeko. «Horren adibidea da azken urteetako ezker gobernuek estatu kapitalista administratzen eta enpresari handien interesak lehenesten amaitu izana». Gehitu dute instituzioetatik erdiko klaseko emaztekiendako politikak sustatu direla, baina horiek ez direla «emakume proletarizatuentzako aterabidea».
Horrengatik guztiagatik, uste dute gizarteko sektore handi baten pentsaerak eskuinerantz jo duela, «ezker politiken porrotek sorturiko desatxikimenduaren» ondorioz. «Diskurtso horiek emakumeon eskubideen aurka egiten dute behin eta berriz, eta emakumeon gaineko irudi otzana eta sexualizatua indartzen dute etengabe, gure zapalkuntzan sakonduz», borobildu dute.
Hortaz, alternatiba «instituzio kapitalistetatik kanpo» kokatzen dute, erronka gisa irudikatuta diskurtso matxistei eta faxistei aurre eginen dien «erreferente iraultzaile bat» eraikitzea. Bide horretan, erran dute langile klaseko kolektiboen arteko lankidetzaren alde eginen dutela, eta emazteki langileek lehenbiziko lerroan egon behar dutela —emakume migratzaileek, sektore feminizatuetan lan egiten dutenek, edo indarkeria matxista jasan dutenek, erraterako—.
«Egoera larria» dela diote, baina are larriagoa izan daitekeela nabarmenduta. Hortaz, langileriarendako erreferente baten beharra ikusten dute: «Gizarte kapitalistan bizi dugun zapalkuntza eta esplotazio egoera amaituko duen gizarte antolaketa sozialistara bidean lan egingo duena». Hortaz, faxismoari eta matxismoari aurre eginen dion «mugimendu indartsua» eraikitzeko garaia dela aldarrikatu dute gaurko mobilizazioetan. Eta, horretarako, «instituzio kapitalistetatik kanpo antolatuko den langileen antolakuntza» beharrezkoa dela nabarmendu: «Emakumeon antolakunde indartsuak eraikiz eta emakumeok borroka prozesu hauetan aktibo politiko izanez».