«Disidente» izatearen defentsa

Eleak-Libre mugimenduak mobilizazioetara deialdia egin du, oinarrizko eskubide politikoen alde

Donostian, atzo, Eleak-Libre mugimenduak deituta batu ziren auzipetuak eta elkartasuna ematera joandakoak. J.C.RUIZ / ARP.
arantxa iraola
Donostia
2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Eleak-Libreren eta herritarren arteko auzolanak Euskal Herriko udazkena laranjaz tindatuko du». Askapenaren kontrako auzibidean auzipetutako Unai Vazquezek iragarri zituen, atzo, Donostian, datozen hilabeteetan epaiketa politikoen kontra egin asmo dituzten mobilizazioak. Heldu den aste honetan, hasteko, Askapenaren aurkako epaiketaren harira, elkarretaratzeak egingo dira; azaroaren 14 eta 15eko asteburuan, berriz, dozenaka jarduera egingo dira herriko tabernen kontrako auzibidearen aurka. Eta aurrerago ere mobilizazioak egingo direla jakinarazi zuen; 2007ko urrian Seguran (Gipuzkoa) ezker abertzaleko 23 kide atxilotu zituzten, Batasuna berrantolatu nahi zutela egotzita, eta horren gaineko epaiketa ere aurki hasiko da; kalera irtetera dei egingo da orduan berriro ere. Izan ere, auzibide horiek guztiak «salbuespen politiken hari bidegabean» egindako urratsak direla oroitarazi zuen Eleak-Libre mugimenduko kide Aratz Zearretak, eta ezinbestekoa dela ozen kontra egitea: «Disidentziarako eskubidea bera ukatzen digute».

Auzibide horien gisan, izan dira lehendik epaiketa politikoak, eta abian dira beste hainbat. Zearretak argi du guztiak oinarrizko eskubide zibil eta politikoen egiturazko «urraketak» direla: «Erasoen zerrenda askoz ere mardulagoa da». Ingurumari horretan, gainera, Espainiak gero eta lege sistema zorrotzagoa garatu duela gaitzetsi du, murriztaileagoa eskubideentzat: «Mozal legea eta Zigor Kodearen erreforma, esaterako, mehatxu are eta handiagoa dira herritarrontzat». Eta eskubideen alorra kamustuta gizartean aurrera egiteko baliabideak era nabarmenean ahultzen direla ohartarazi du: «Eskubide zibil eta politikoak jendartean eragiteko erremintak dira. Dagoen horren aurka borrokatu eta errealitate berriak sortzeko tresnak». Hortik borrokarako deia: «Gure esku dago ukazio horiek gainditzea»

Unai Vazquezek ere egoerari aurre egitea ezinbestekoa dela argi du. «Auzipetuok epaiketa eta espetxeratzeak otzantasunez eta etsita onartzea nahi du estatuak». Baina ez dute horretarako asmorik. «Gure ustezko delituak aldarrikatzen jarraituko dugu, nork berea; internazionalismoa, independentziaren alde egitea, bakearen, feminismoaren, sozialismoaren, preso eta errefuxiatuen eskubideen edo dena delakoaren alde». Eta, bidean, Eleak-Libreren hatsa garrantzitsua dela argi du: «Ez gaude bakarrik».

Urriaren 31n, Madrilera

Eskubide zibil eta politikoen aurka egin diren operazio horien kontrako aldarria Euskal Herritik kanpo ere ozentzen ari da. Ekintza zehatzak badira horren erakusgarri; atzo bertan, esaterako, Madrilgo hainbat eragilek manifestazio batera deitu zuten urriaren 31rako. Euskal Herriari elkartasuna erakusteko izango da, epaiketa politikoak gaitzesteko.

Espainiako hiriburuko adiskideek «munstroaren bihotzetik bertatik» egindako mobilizazio gisara aurkeztu dietela esan du Zearretak, eta pozez hartu dutela hara joateko deia. Autobusak antolatuko dira. «Herrien arteko elkartasuna sustatzeko, gure eskubideak defendatzeko, gu ere bagoaz. Urriaren 31n, Madrilen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.