Diruz 'arindutako' zigorrak eta kalteak

Epaileak auzipetu bati zigorra arindu diezaioke, biktimari dirua ordainduta «kaltea konpondu» badu. Indarkeria matxistaren biktimei emandako kalte ordainak «oso txikiak» izan ohi dira, ordea: aringarriak baditu bere mugak.

KALTEA KONPONTZEAREN ARINGARRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Bilbo
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

«Dani Alvesi gutxienez lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, neska bat bortxatzeagatik. Eskatu baino laburragoa izan da ezarritako zigorra. Izan ere, fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen Alvesentzat, eta biktimak, berriz, hamabi urtekoa. Alvesek 150.000 euro ordaindu zizkion biktimari, kalte ordain moduan, eta horregatik arindu zioten zigorra». «Nafarroako Probintzia Auzitegiak bi urteko zigorra ezarri dio 26 urteko gizon bati, emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Akusatuari mina konpontzearen aringarria ezarri diote, biktimari 7.000 euroko kalte ordaina pagatzeagatik». «Rebeca Huayta hiltzearen eta hari tratu txarrak ematearen erruduntzat jo dute bikotekide zuen gizona. Kalte ordain ekonomikoen bidez mina konpontzeari dagokionez, ez dute onartu, biktimaren alabari egindako ordainketak ‘nahikoa ez’ direlakoan».

BERRIAk azken bi hilabeteotan argitaratutakoak dira hiru albiste horien pasarteak. Hemerotekari erreparatzea besterik ez dago jakiteko kaltea konpontzearen aringarriaz maiz jarduten direla abokatuen bulegoetan eta epaitegietako aretoetan. Mundu judizialetik kanpo ere izan du zeresana, eta eztabaida iturri izan da; batez ere, dirua sartzen delako jokoan. Labur, honetan datza kaltea konpontzearen aringarria: epaiketa baten aurretik, epaituak diru kopuru bat ordaindu diezaioke biktimari —«kaltea konpontzea» deitzen diote zigor kodeetan—; ordainketa horri esker, epaileak zigorra arindu diezaioke epaituari. 

Mendebaldeko herrialde gehienetakoek bezala, Euskal Herrian indarrean dauden zigor kodeek —Espainiakoak eta Frantziakoak— zehazten dute delitu bat egin duenak jaso beharreko zigorrak «proportzionatua» eta «indibidualizatua» izan behar duela, hau da, epaileak auzi bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar duela zigorra. Horretarako, astungarriak eta aringarriak daude: lehenek zigorra handitzen dute —azpikeriaz eta ankerkeriaz aritzeak, adibidez—, eta bigarrenek, arindu. Horietako bat da «kaltea konpontzea». 

Zigor kodeek ez dute zehazten nola konpontzen den kaltea, eta jurisprudentziari erreparatzen diote abokatuek, fiskalek eta epaileek. Hego Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina argia da: kaltea konpontzea kalte ordain bat ordaintzea da. Kito. 

«Kaltea konpontzea ez da soilik biktimari kalte ordaina ordaintzea: kaltearen aitortza eta egia jakiteko eskubidea ere bai».

MARIA NAREDOLegelaria

Aringarrien eta larrigarrien mundura ohituta daude Estefania Rojo eta Javier Carretero abokatuak. Bilbon duten bulegoko leihotik Bizkaiko Auzitegia ikusten da, eta maiz izaten dira han barruan haien bezeroak defendatzen. «Kaltea konpontzea desagertzearen aldeko ahots batzuk badaude, zigorraren ikuspegitik. Hala ere, gu aldekoak gara, legeak gizarteratzea ere bultzatzen duelako», azaldu du Carreterok. «Konpondu ezin daitezkeen kalteak daude, baina modu bat da biktimak zerbait ordainetan hartzeko», gehitu du Rojok.

Akusazio partikularrak eta fiskalak ezarri ohi dute zenbatekoa, eta auzipetuaren esku egoten da ordaindu edo ez. Epaileak kaltea konpontzearen aringarria onartu dezan, jurisprudentziak «argi» ezartzen ditu zenbait irizpide, Carreterok azaldu duenez: «Hiru irizpide daude. Objektiboa: auzipetuak ordaindu behar du. Subjektiboa: delituaren biktimari egindako kaltea konpondu behar du. Tenporala: epaiketa hasi baino lehen ordaindu behar du». Epaiketa hastean, epaileak aintzat hartzen ditu akusazio partikularrak eta fiskalak eskatutako aringarriak —kaltea konpontzearena, adibidez— eta larrigarriak, eta hark erabakitzen du zeintzuk onartu eta zeintzuk ez. Horren arabera zehazten du zigorra.

«Konpontzeko ahalegina»

Maria Naredo legelari espainiarra giza eskubideetan aditua da, eta Espainiako Berdintasun Ministerioan aholkulari lanak egin izan ditu. Salatu du Espainiako Estatuan «mina konpontzearen alderdi ekonomikoari» baino ez zaiola erreparatzen, eta horrek «klasismoa» eduki dezakeela atzean: «Diru gehien daukanak du dirua azkar ordaintzeko erraztasuna». Rojok, berriz, nabarmendu du Zigor Kodeak zehazten duela kaltea konpontzeak «ahalegin bat» izan behar duela akusatuarentzat, hau da, haren ekonomia pertsonalean eragina izan behar duela. 1.000 eurok ez dute balio bera diru asko duen pertsona batentzat edo gutxi duen batentzat.

Zigorra, berriz, zenbateraino arindu daiteke? Adibide bat eman du Carreterok: «Gizaki bat hil duenak, Zigor Kodearen arabera, 10-15 urteko espetxe zigorra dauka. Aringarri sinple batekin, 10-12,5 urtekoa izan daiteke zigorra. Aringarri kualifikatu batekin, berriz, 5-10 urtekoa. Aldea dago, eta auzipetuak kaltea konpontzeko egin duen ahaleginaren araberakoa da». 

«Konpondu ezin daitezkeen kalteak daude, baina kalte ordaina modu bat da biktimak zerbait ordainetan hartzeko».

ESTEFANIA ROJOAbokatua

Kaltea konpontzea diruz neurtzeak, ordea, bere mugak ditu. Zenbait kasutan erraza izan daiteke; esaterako, sakelako telefonoa lapurtu dioten norbaiten kasuan. Sakelakorik gabe geratu denak —haren abokatuak— lapurrari eskatu diezaioke telefonoa itzultzeko, edo sakelako berri bat erosten gastatu duen dirua itzultzeko, edo sakelakorik gabe egon den aldian izan dituen arazoen ordainez, beste diru kopuru bat. Neurtu daiteke nolabait. Indarkeria matxistako kasuetan, ordea, nola neurtu daiteke kaltea dirutan? «Sexu erasoetan kalte morala kuantifikatzea oso zaila da. Gainera, oso baxu kuantifikatzen da. 6.000 euro inguruko kalte ordaina izan daiteke», adierazi du Carreterok.

Hori bera salatu du Naredok, eta azpimarratu du legelari feministen aspaldiko aldarrikapena dela kalte ordain handiagoak izatea. Gainera, gogorarazi du indarkeria matxistaren biktima askok maiz ez dutela kalte ordainik eskatzen, ez edukitzeko «aprobetxatzen ari den emakumearen irudia», patriarkatuak berak ezarritako zigor erantsia. «Kaltea konpontzeari uko egiten ez diotenean ere, kalte ordaina ez da izaten kaltea bezainbestekoa; ez da proportzionatua izaten», gaineratu du. «Patriarkatua epaitegietan eta auzitegietan ere badago». Are, ohartarazi du zigorrak ere txikiak izaten direla: «Indarkeria matxistaren biktimekin zigor zuzenbidea ezartzean, ohikoa izaten da epaileek gutxieneko zigorra ezartzea auzipetuari. Aringarrien bidez lortzen dute hori askotan, eta, nire ustez, kaltegarria da. Ez da kaltegarria zigor zehatzengatik bereziki, baizik eta honela interpretatzen delako zigor zuzenbidea: indarkeria matxistaren inpunitatearen prismarekin, eta genero ikuspegirik gabe».

«Sexu erasoetan kalte morala kuantifikatzea oso zaila da. Oso baxu kuantifikatzen da: 6.000 eurokoa izan daiteke».

JAVIER CARRETEROAbokatua

Alde horretatik, indarkeria matxistaren biktimei eragindako kalte soziala ere aintzat hartu beharko litzatekeela nabarmendu du Naredok —hala dago jasota soilik baietz da baietz legean—. «Bizi proiektuari egindako kaltea» ere deitzen diote kalte sozialari, Naredoren esanetan: «Indarkeria matxistaren biktimak ikasleak badira, ikasketetarako urteak galtzen dituzte. Baja ematen badiete, lan munduan zituzten aspirazio batzuk etenda geratzen dira. Beste herri batera bizitzera joan behar baldin badute, berreraiki egin behar dute harreman sarea. Hiru adibide horiek eguneroko ogia dira indarkeria matxistaren biktima batentzat».

Horregatik, kalte ordainak kalkulatzeko orduan «garrantzitsua» da kalte sozialari ere erreparatzea, Naredok azaldu duenez: «Asko lagundu lezake biktimen erreparaziorako: haien bizitza berreraikitzen hasteko».

Genero ikuspegia

Espainiako Berdintasun Ministerioko aholkulari izandakoaren ustez, genero ikuspegiarekin ebaluatu behar da kaltea konpontzearen aringarria. Horrek esan nahi du kalte ordainetik harago joan behar dela: «Aztertu behar da nolakoa izan den gizonak biktimaren kontakizunaren inguruan izan duen jokabidea. Biktimak prozesu osoan izan behar duen errespetua bermatu beharko litzateke».

Hala ere, egungo epaiketetan jurisprudentzia baino ez daukate erreferentziatzat, eta horrek ere baditu bere mugak. Giza eskubideen urraketa larrien beste biktima batzuekin egiten duten moduan, indarkeria matxistaren biktimekin ere giza eskubideen nazioarteko markoa kontuan hartu beharko litzatekeela uste du Naredok. Hau da, haren ustez, giza eskubideen aldeko nazioarteko araudia izan beharko litzateke auzi horietan aintzat hartu beharreko oinarri juridikoetako bat: «Kaltea konpontzea ez da soilik biktimari kalte ordaina ordaintzea. Kontzeptua zabalagoa da, eta elementu hauek ere baditu: kaltearen aitortza eta egia jakiteko eskubidearen alde egitea, besteak beste».

Konponketaren oinarri nagusia biktimaren hitzari balioa ematea izan beharko litzateke, Naredoren ustez. Erasoa berriro ez gertatzeko bermeak ere garrantzitsuak direla adierazi du: «Jokabidea aldatzeko borondatea eduki behar du auzipetuak: sexu erasorik berriro ez egiteko borondatea». Nabarmendu du giza eskubideen ikuspegi hori falta dela oro har Mendebaldean —baita Euskal Herrian ere—, baina hor dagoela: ikuspegi horrek heltzen die konponketaren elementu gehienei. «Indarkeria matxistaren biktima askori lagundu diet, eta, kalte ordaina bainoago, haientzat garrantzitsuagoa da ikus dadila zer egin zuen, ez dezala berriro egin, zigortu dezatela... Zigortu esan dut. Hori ere ez da garrantzitsuena haientzat: bereziki, berriro ez dezatela egin. Horren bermea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.