«16 urte nituenetik landatzen dut lur hau, eta ni hiltzen naizenean lur honek lurra izaten jarraituko du». Irmo mintzo da Alfredo Ortiz de Zarate nekazaria bere laborantza lurretan ezarri nahi dituzten plaka fotovoltaikoez ari denean. Suminduta dago, Solaria enpresa energetikoa Arabako nekazariak «hertsatzen» ari baita euren lurrak saldu ditzaten diruaren truke. Izan ere, energia alorreko multinazionalak Arratzu-Ubarrundia udalerriko (Araba) 1.100 hektareatan bi makrozentral fotovoltaiko ezartzeko baimena lortu zuenetik, Dura, Zurbao, Arroiabe, Uribarri Ganboa, Arzubiaga eta Uribarri Arratzuko nekazariei laborantza lurrak erosten saiatzen ari da, bertan eguzki panelak jartzeko. Horretarako «diru kopuru erraldoiak» eta «xantaia» erabiltzen ari dela salatu du UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak. BERRIAk hainbat nekazarirekin hitz egin du, eta enpresa «jazartzen» ari zaiela baieztatu diote.
Vitoria Solar-1 eta Vitoria Solar-2 izena dute Arratzua-Ubarrundiko udalerrian Solaria enpresak eraiki nahi dituen bi makrozentral fotovoltaikoek. UAGA egitasmo horien aurka agertu da, baita kaltetutako herrietako batzar administratiboak ere. «Kolonizazio mehatxua» salatu dute, herritarren lur emankorrak «okupatu» nahi baitituzte makrozentralak instalatzeko. Are gehiago, adierazi dute nekazariak «mehatxatzen» ari direla laborantza lurrak saldu ditzaten.
Diru kopuru «izugarriak»
«Lau aldiz agertu dira nire etxean lurrak saldu ditzadan eskatzeko». Martiodan bizi da Ortiz de Zarate, eta Solaria enpresak «etengabeko presioa» egin diola salatu ditu. Laborantza lurrak aitarengandik oinordetzan hartuta, Ortiz de Zarate duela lau hamarkada baino gehiago bizi da nekazaritzatik. Laborantzarako 23 hektarea ditu Martiodan bertan, eta beste 40 bat inguruko herrietan. Patata, erremolatxa eta artoa landatzen ditu, besteak beste.
Kontatu duenez, behin baino gehiagotan agertu dira «bi gizon» bere etxean, Solaria enpresaren izenean, eta diru kopuru «izugarriak» eskaini dizkiote lurrak saldu edo alokatzearen truke. Lurrak alokairuan jartzearen truke 1.500 euro eskaini dizkiote urtean hektareako, 40 urtez; eta esan diote salduz gero 25.000 euro ordainduko dituztela hektareako. «Behin eta berriz esan diet ez dudala interesik, baina berriro itzuli dira. Berriro ez bueltatzeko eskatu diet, baina alferrik». Ertzaintzara jo du salaketa jartzera, baina han esan diote mehatxurik jaso ez duenez ezin dutela ezer egin. Energia enpresaren aurka egin du nekazariak, gogor: «Mafia bat dira, traje eta gorbatadun mafia bat».
«Esaten didate ezkongabea naizenez eta seme-alabarik ez dudanez diru guztia niretzat izango dela. Lotsagabe halakoak!».
ALFREDO ORTIZ DE ZARATE Nekazaria
Gainera, kezka agertu du, enpresak «oso informazio zehatza» baitu bere jabetzei buruz eta bizitza pertsonalari buruz. «Badakite zenbat hektarea ditudan, zer tamainakoak diren, non dauden...». Uste du jabetzan dituen lurren inguruko datuak «konfidentzialak» direla eta Arabako Aldundiaren esku baino ez luketela egon behar, eta, beraz, ez du ulertzen nolatan eskuratu dituen Solariak. Bere bizitza pertsonalari buruzko datuak izateak are gehiago kezkatzen du: «Esaten didate ezkongabea naizenez eta seme-alabarik ez dudanez eskuratzen dudan dirutza dena nire poltsikora joango dela. Lotsagabe halakoak!».
Ortiz de Zaraterena ez da kasu bakana. UAGAko beste nekazari batek BERRIAri jakinarazi dionez —ez du izena eman nahi izan—, laborari askori «jazarpen etengabea» egiten die enpresak. Kontatu duenez, telefonoz deitzen diete, eta etxean edo lantokian agertzen dira: «Gure datu guztiak dituzte: badakite zenbat lur ditugun, eta gezurrekin xantaia egiten saiatzen dira, esanez batzar administratiboek lurrak saltzearen alde sinatu dutela eta guk ere hala egin beharko genukeela».
UAGAko nekazariak ere pairatu ditu «presioak». Kontatu du behin baino gehiagotan deitu diotela sakelako telefonora, eta etxean bertan agertu direla eskaintza ekonomikoa azter dezala eskatzeko. «Eskaintzen didaten ezer ez dut nahi. Nire aitona nekazaria zen, nire aita nekazaria zen, nik nire lurrak lantzen jarraitu nahi dut, eta nahiko nuke nire seme-alabek lanbide honetan jarraitzea. Bakean utz gaitzatela behingoz».
Nekazariak «estu hartuta»
Gogaituta eta arduratuta daude nekazariak, UAGAko kideak baieztatu duenez. Izan ere, uste du landa eremuko herri txikien eta bertako nekazarien etorkizuna «arriskuan» dagoela, zentralak eraiki nahi dituen enpresak «tresna mugagabeak» baititu, eta nahierara erabiltzen baititu bere helburua lortzeko. Kontuan hartu behar da, gainera, nekazarien erdiek baino gehiagok alokairuan hartuak dituztela lurrak, eta jabe askorentzat «oso erakargarria» dela enpresak eskainitako dirutza. «Estu hartuta» daude nekazari asko, zer egin ez dakitelarik.
«Ogibide honek ematen duen dirua baino gehiago eskaintzen dute, eta asko amore ematen ari dira».
UAGA-KO NEKAZARIA
Zentral fotovoltaikoak egiteko, lur eremu zabalak behar ditu Solariak, eta, horretarako, nekazarien lur sail txiki asko erosi behar ditu. Lurrak saltzeko prest dira hainbat nekazari, eta beste batzuek egoerak behartuta onartuko dute lurrak uztea, UAGAko nekazariaren iritziz. «Ogibide honek ematen duen baino askoz diru gehiago eskaintzen ari dira, eta, noski, askok amore emango dute».
Nekazariek argi dute ez direla «geldirik» geratuko «mehatxu horiek ikusita». Hasiak dira sinadurak biltzen, eta aurreratu dute hurrengo hilabeteetan «alegazio teknikoagoak» egingo dituztela, «entitate handiagoen babesa jasotzeko». Lurraldea eta bereziki landa eremua eta ingurune naturala jasaten ari diren «kolonizazioa» salatu du Ortiz de Zaratek: «Lur emankor hauek ispilutxoz beteriko paraje bilakatuko dira». Instalazio horiek atzera-bueltarik gabeko eragina izango dute landa inguruneetan, UAGAko nekazariaren ustez, eta instituzioek «utzikeria» erakusten dutela salatu du: «Horrela segituz gero, Araba suntsituko dute».