«Torturak Euskal Herrian eragindako zauria ez da itxi». Hala diote Bi arnas: itxi gabeko zauria ama baten ahotsean dokumentalaren sustatzaileek. «Herritar talde bat» direla azaldu dute: «Ez dugu produktora edota ekoizle handien babesik, ezta diru laguntza publikorik ere, eta aurrekontua 15.000 eurokoa izango dela aurreikusten dugu».
Horregatik, finantza kolektibo kanpaina bat abiatu dute itsulapikoa.eus atarian: «Herri honetan beti egin izan dugun moduan, auzolanaren eta elkartasunaren bidez eskuratu nahiko genuke beharrezkoa dugun babes ekonomikoa», azaldu dute. Irabazi asmorik gabekoa da proiektua, eta xede nagusia da dokumentala ahalik eta gehien zabaltzea.
Baina zer da bBi Arnas? «Torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat». Bi dira protagonistak: Maria Nieves Diaz, torturaren aurkako ekintzailea; eta haren alaba Iratxe Sorzabal, Reauko (Frantzia) kartzelan dagoen euskal presoa, 2001. urtean torturatua.
Helburuak eta protagonistak
Dokumentalaren helburua da «zauria ixten laguntzeko ondar aletxo bat» jartzea: «Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak». Horregatik uste dute garrantzitsua dela «torturaren kontra lehen pertsonan borrokatu duten herritar anonimoen» testigantzak jasotzea eta zabaltzea.
Diazez eta Sorzabalez gain, dokumentalean agertuko dira Nekane Txapartegi, Paco Etxeberria eta Serge Portelli. Txapartegi Suitzan bizi den euskal perso ohia da, 1999. urtean torturatua. Etxeberria auzi medikua da, eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea. Eta Portelli, berriz, Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia da, baita abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea ere.