Koronabirusa. Esther Calvo. EAEko GGKEen koordinakundeko bozeramailea

«Diru sarreren faltak oso egoera txarrean utzi du jendea»

Izurriak zaildu eta moteldu egin du nazioarteko lankidetzan dabiltzan GGKEen lana, eta egoera bidegabe asko gordindu egin dira. Horien eragina apaltze aldera politika publikoak sustatu behar direla defendatu du Calvok.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiak mundu osoan izan du eragina. Baina ez era berean, Esther Calvo EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen koordinakundeko bozeramailearen iritziz (Getxo, Bizkaia, 1976). Nazioarteko lankidetzan pandemiak izan duen eragina aztertzen duen txostena kaleratu berri du koordinakundeak, eta Calvok kezka azaldu du: «Desberdinkeriak areagotzeko balio izan du pandemia honek: herrialdeen artean, eta emakume eta gizonen artean». Hori ikusita, gizarte sareak indartu eta bidegabekeria horiek salatzen jarraitu behar dutela iritzi dio.

Izurriak arlo guztien lana zaildu du. Nola eragin die GGKEei?

Proiektu asko geldiarazi ditu pandemiak, eta beste batzuk moldatu egin behar izan ditugu, beharrizan berriak sortu baitira. Egoera honek eragindako beharrizan handienak identifikatu behar izan ditugu. Zaurgarritasun handiko egoeretan egiten dugu lan; arazoak ugariak dira: ekonomia, osasun, hezkuntza zein ingurumen aldetik... Gatazka armatuak ere badaude zenbaitetan. Horregatik, ura, elikagaiak eta oinarrizko hornidurak ematea izan da gure lana askotan. Prebentziorako materiala ere banatu dugu: xaboia, gela, maskarak... Eta osasun neurriak modu ulergarri batean helarazi ditugu. Osasun materiala, sendagaiak eta ekipamendua ere banatu izan ditugu; Gazako zerrendan, Kongon, Indian... Oso lan sinplea ematen du, baina leku askotan ez zegoen horniketa biderik ere. Gainera, lan hori ez dugu herrialde pobretuetan egin soilik; hemen ere aritu gara.

Txostenean aipatu duzue pandemiak hainbat hamarkadatan egindako aurrerapausoak kolokan jarri dituela. Zeintzuk?

Urteetan zehar egindako proiektuetan lortu dugu poliki-poliki pertsonen ongizatea hobetzea, ekonomia informalaren bidez, batez ere. Baina, orain, bertan behera gelditu dira, eta oso zaila izango da berriz martxa hartzea. Pobreziak eta diru sarreren faltak oso egoera txarrean utzi dute jendea, haietako asko egunean-egunean irabazitakoarekin bizi baitziren. Horrez gain, protestatzeko eta mobilizatzeko aukerak galtzen baditugu, prozesu batzuk bertan behera gera daitezke. Ingurumari horretan, giza eskubideen egoerak kezkatzen gaitu. Hemen, ezarritako neurriekin, eskubideak murriztu dizkigutela ikusten dugu, neurri batean. Bada, giza eskubideak berez kolokan dauden lekuetan, neurriek horri erantzuna emateko aukerak are gehiago murrizten dituzte. Oxfameko txosten batek dio gutxienez 500 milioi lagun gehiago pobrezian egon daitezkeela, eta Munduko Bankuak esan du horietatik 98 milioi lagun gehiago muturreko pobreziara eramango dituela pandemiak. GGKEok aspalditik salatzen dugu mugarik gabeko hazkunde ekonomikoan oinarritzen dela gure sistema. Eta pandemiak argi eta garbi utzi digu pertsonak erdigunean jarri behar ditugula, eta zaintza lanen garrantzia azpimarratu du.

Hezkuntzako arrakala digitala eta genero indarkeriaren gorakada nabarmendu dituzue...

Hezkuntza mundu osoan aldatu da; hemen, gehienek modu telematiko batean jarraitu ahal izan dute, baina beste egoera horietan ez da hain erraza, umeek ez baitute horretarako baliabiderik. Indarkeria matxistari dagokionez, gora egin du, batez ere itxialdian; eta ez bakarrik guk lan egiten dugun herrialdeetan. Orduan ez ziren salatu, emakumeak ezin zirelako etxetik irten. Baina jaso dugu informazio hori. Haien bilakaera aztertu dugu, aholkuak eman dizkiegu, eta ahal izan den neurrian salatu egin dugu. Dauzkagun sare horiek mantentzen eta indartzen jarraitzen dugu, eraso horiek salatzeko eta giza eskubideak defendatzeko. Izan ere, genero indarkeriasalatzea eta gizarte sareak indartzea funtsezkoa da. Baina, indarkeriaz gain, desberdinkeria ere areagotu da emakumeen aurka, horiek baitaude batez ere lan informaletan, lan prekarioetan, eta hor izan baitira galera handienak.

Txertoen banaketa bidegabea ere salatu duzue. Zer egin dezakete GGKEek horren aurka?

Gure egiteko nagusia egoera salatzea da, eta gizartea sentsibilizatzea. Horrez gain, erakunde publikoei akordioak egiteko eskatu diegu,guztiok txertoa eskuragarri eta dohainik izan dezagun. Orain, hori apur bat irekitzeko mugimenduak hasi dira, eta guk uste dugu zerikusia dutela, hain zuzen ere, egindako presioekin. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak esana du Covax programaren arduradunarekin berba egingo duela diru kopuru bat emateko eta beste zenbait herrialdetako biztanleek txertoak eskuragarri izateko. Hori aurrerapauso bat da, eta orokortzea nahi dugu.

Zuen ondorioa da lankidetza politikak indartu behar direla...

Bai. Guretzat, lankidetzako politikak gizarte politikak dira; gizarte kohesioa sortzen dute, eta, guretzat, kohesio horrek ikuspegi globala izan behar du. Ez du balio herrialde batzuk aberastasunean bizitzeak beste batzuk pobrezian bizi badira. Gainera, zer eta egoera hori, neurri handi batean, gure erruz gertatzen denean. Ikusi dugu birusak ez duela mugarik, eta, hain zuzen ere, horregatik da garrantzitsua guztion arteko lankidetza. Gure lorpenak luzera begirakoak dira, eta prozesuak ezin dira eten finantzazio faltagatik, esaterako, diru hori hemen behar dugula uste dutelako. Ikuspegi globaletik, pertsona guztion giza eskubideak bermatu behar dira. Horregatik eskatzen dugu garapenerako politikak gizarte politikak direla ulertzea eta, ondorioz, indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.