Diru laguntzak, publizitatea eta behategia dira Hekimen elkartearen erronkak

Urteko batzarra egin du Hekimenek; Iban Arregi izango da lehendakaria, BERRIA Taldeko ordezkari gisa

Euskarazko hedabideen ordezkariak, Hekimen aurkeztu zenean, 2012ko azaroan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Diru laguntzetan, publizitate instituzionalean eta euskarazko hedabideen behategian pausoak eman nahi ditu datozen hilabeteetan Hekimen euskal hedabideen elkarteak. Batzar nagusia egin zuten atzo Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. Sorrerako 24 kideez gain, beste bik parte hartu zuten: Bertsolari aldizkariak eta dantzan.com atariak.

Hekimen elkarteko zuzendari kargua egonkorra bada ere, lehendakariarena urtez urte aldatzen da. 2013an, Iban Arantzabal izan zen lehendakaria —Tokikomen izenean—. Hemendik aurrera, berriz, Iban Arregi BERRIA Taldearen ordezkaria izango da Hekimeneko lehendakaria. Iazko ekainetik, BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria da Arregi.

Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak nabarmendu duenez, elkarteak lortu du euskal hedabideen artean tresna bat izatea barne kohesiorako eta elkar ezagutzeko. «Hori bakarrik jada positiboa da. Lehen ez zegoen horrelakorik. Orain badaude kanal batzuk, eta hedabideek badakite besteak zertan dabiltzan». Halaber, hemendik gutxira Hekimen elkartearen webgune korporatiboa egingo dute.

Langune hizkuntz industriaren elkartearekin harreman iraunkorra lantzen ari da Hekimen, iaztik. «Elkarte horretan, oso sartuta daude berrikuntzan eta industrian. Haien gogoeta estrategikoan parte hartu dugu, eta interesatzen zaigu hor belarri bat izatea», azaldu du Barandiaranek. «Euskarazko hedabideak berrikuntzara eta industriara iritsi izan garenean, pareta moduko bat topatu izan dugu. Langune iristen da komunitateari zerbitzua ematearen kontzeptura, eta haiekin joateak lagundu egingo digu gauza batzuetan».

Laguntza egonkorren bila

Diru laguntza eta hitzarmenei dagokienez, elkarteko zuzendariak uste du Hekimenek lortu duela administrazio publikoan solaskidetzat hartua izatea. Diru laguntzetan, baina, 2013an ez dela igoerarik eman kritikatu du Barandiaranek. Laguntzak mantendu egin dituzte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. «Erakundeen mezua da krisi garaian mantentzea apustu bat dela. Hori onartzen dugu. Baina guk esaten dugu ez dela oraindik adostu zein den gutxieneko zorua sektoreak arnasa hartzeko eta eusteko».

2014an, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak %8 igo dira. Igoera osoa (400.000 euro inguru) erdal hedabideetan euskara sustatzeko izan da. «Hori ez dugu eraginkortzat jotzen. Ez da eraginkorragoa erdal hedabideetan euskara sustatzea», salatu du Barandiaranek.

Jaurlaritzak iragarri du hainbat urterako diru laguntzen deialdia egitea aztertu eta irizpideak finduko dituela. Hekimenek egin du eskaera, eta positibotzat jo du iragarpena.

Publizitateari dagokionez, Hekimen eta Gipuzkoako Foru Aldundia aukera aztertzen ari dira eskaintza bateratua egiteko Gipuzkoako tokiko eta Interneteko hedabideetan. «Hori ondo aterako balitz, beste erakunde batzuei planteatuko genieke», azaldu du Barandiaranek. «Publizitate instituzionala sartzeko irizpideei buruz ere lan sakon bat egin behar da. Jaurlaritzaren konpromisoa lortu dugu 2014an hedabideetan egiten den publizitate datuak ondo ezagutzeko».

Hekimenen beste erronka garrantzitsu bat euskal hedabideen behategia da. Uztailean, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Huhezi fakultatearen konpromisoa lortu zuen elkarteak, sektorearen azterketa etengabea egiteko. Patxi Azpillaga irakaslea ari da koordinazioaz arduratzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltzak diru laguntzak emango dituzte behategiaren proiekturako. Dagoeneko lan zehatz batzuk egiten ari da behategia, Barandiaranek iragarri duenez: «CIESen neurketei buruzko ikerketa bat egiten ari da, ikusteko euskal hedabideok zer motatako audientzia neurketa behar dugun. Uztailean, halaber, jardunaldi batzuk antolatuko ditugu». Elkartearen desioa da berrikuntza arlotik datorren pertsona batek ordu batzuk ematea gogoeta estrategikoak egiteko.

Hekimenek, halaber, EITBrekin harremanak hasi nahi ditu. «Euskal hedabideen eremuan EITBren parte hartzeak zein izan behar duen aztertu beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.