Diru aurreztea, berezitasunak eta AHTa nabarmendu ditu Lasserrek

Paueko Departamendu Kontseilu berriak hautatu du presidente.54 kontseilarietatik erdiak emazteak dira, gehiengoa zentro eskuinak du, eta gehienak biarnesak dira

Jean Jacques Lasserre kontseilaria hautatu zuten Departamendu kontseiluko presidente, UDI, Modem eta UMPren artean hitzartuta. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
54 kontseilarien erdiak, emazteak. Presidentea eta lehen presidenteordea, biak gizonak. Biak Euskal Herrikoak. Baina kontseilari gehienak, biarnesak (54etatik 30). Eta lau presidenteordeetatik hiru, biarnesak, artean bi emazte. Gehiengoa, zentro-eskuina. Hogei sozialista. EHBaiko hautetsi bat. Eta kontseilarien banaz besteko adina gaztetua. Horixe izan daiteke Paueko Departamendu Kontseilu osatu berriak atzo utzi argazki nagusia. Atzokoa lehen hitzordua izan baitzuen kontseiluak martxoko hauteskundeen emaitzen ondotik, bai eta egituraren antolaketa berriaren ondotik ere. Parekidetasuna praktikan eman duen lehen bilkura ere bazen atzokoa.

Eginkizun nagusia presidentea eta presidenteordeak hautatzea izan zuten. Presidente, beraz, iragarri bezala, Jean Jacques Lasserre (Bidaxune, Nafarroa Beherea, 1944) hautatu zuten. Zentroko alderdien eta eskuineko UMPren akordioaren ondorioz adostua. Sozialistek Marie-Pierre Cabanne biarnesa zuten aurkeztu presidentegai. Eta Alain Iriart (EHBai) Errobi-Aturri kantonamenduko kontseilaria ere aurkeztu zen.

31 kontseilarik bozkatu zuten Lasserreren alde, Marie-Pierre Cabanne sozialistak hogei boto jaso zituen, eta Alain Iriartek, bi. Boto zuri bat ere izan zen, Baigura-Mondarrain kantonamenduko Isabelle Pargadena: «Ez naizelako talde bihi batean ere. Independente naizelako, nahiz eta bestalde anitz estimatu Lasserre». Ondotik iritsi zen presidenteordeen hautaketa. Lehen presidenteordea Max Brisson (Miarritze, UMP) hautatu zuten. Beste hiru lehendakariordeak: Denise Saint-Pe (Ortheze aldeko eskuin anitza), Charles Pelanne (Ipar ekialdeko Biarnokoa, UDI) eta Josy Poueyto (Paue 3, Modem).

Iriart «eraikitzaile»

EH Baiko Alain Iriartek presidentetzarako hautagaitza aurkeztuz hitza hartzeko aukera ukan zuen. Lurralde elkargoaren eskaera kolektiboa laguntzeko asmoarekin dagoela azpimarratu zuen. Ikuspegi «kritiko» eta «objektiboarekin» ariko dela, baita izpiritu «eraikitzaile» batekin. Poztu zen AHT bide berriaren proiektuari begira Lasserrek hitzartzean erranaz.

Izan ere, Lasserrek iragarri zuen AHT bide berrien proiektuko departamenduak aitzinatu 35 milioi euroak itzultzeko prozesua abiatuko zuela. Eta, horrez gain, berantagoko 60 milioitik gora euro atxikitzea pentsatua bazen,ordainketa horren oztopatzen ahaleginduko dela. Aste honetan jakin da inkesta publikoen batzordeak ez diola onartu Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa arteko AHT bide proiektuari onura publikoaren ezagutza. Erabakia argumentu egin zuen Lasserrek.

Lurralde eta instituzioen berregiteaz ere mintzatu zen presidentea. Doi bat lausoki halere. Instituzioen eztabaidan hautetsia «zentroan» jarri behar dela erran zuen. «Eztabaida gardena» hitzeman zuen, nahiz eta zehaztu departamenduak ez duela eskumen zuzenik horretan. Herri elkargoen ondoan bidea «errazten» ahaleginduko dela. «Tokiko nortasunak eta berezitasunak» kontuan hartu beharraz ere aritu zen. Adibidez, bi turismo egitura sortzeaz, bata Biarnorako eta bestea Ipar Euskal Herrirako. Halere, «departamendua kartsuki» defendatuko duela berretsi zuen.

Oro har, diruaren aurreztu beharra izan zuen lehen hitzartzeko gai nagusi Lasserrek. Aurrekontuen «kudeaketaren zorroztasuna» aldarri. Kontu ikuskatze bat abiaraziko duela iragarri zuen. Eta, oro har, ahal den aldi guztiz dirua aurrezten ahaleginduko dela: «Dirua arraro egin da». Baina ez dutela horregatik aitzineko agintaldiko sozialistek «baino gaizkiago eginen, baizik eta ezberdinki», nahiz «agian diru gutxiago izan». Dirua aurrezteko behar horregatik zuen esplikatu lau presidenteorde izendatu izana, aitzineko agintaldian hamabost presidenteorde zirela.

Batzorde iraunkorra

Aldiz, kontseilari guztiak Departamendu Kontseiluko batzorde iraunkorreko kide egiteko erabakia adostu zuten atzo, aho batez. Aurrekontuen bozketa salbu, gainerateko ordezkaritzetako eginkizunak bere gain izanen ditu batzordeak.

Diru publikoko kontu eta aurrezte kontu, kontseilari batek, gordin, hilero 2.280,88 euro jasotzen ditu. Batzordean den kontseilariak, 2.508,97 euro. Presidenteordeak, 3.193,23 euro eta presidenteak, 5.512,13.

Lasserre presidentea bera, departamenduko presidente izateaz gain, Akitania eskualdeko kontseilari ere bada. Eta senatari gisa ere hunkitzen ditu kalte-ordainak. Tokiko karguak dituela, kalte-ordainen muga bat finkatzen du legeak. 12.408 eurokoa dena orotara. Kargualdi metaketaren legea dela eta, 2017an senatari edo kontseiluko presidente karguaren artean hautatu beharko du. Ez du oraindik zehaztua zer hautatuko duen. Bestalde, iragarria du Hautetsien Kontseiluko presidentetza utziko duela. Zehazteko, departamenduak kudeatzen duen gutxieneko errenta (RSA), hilabeteka, 513 eurokoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.