Gaur eguerdian grebaren aldarriak zabaltze aldera Donostian egin den manifestazioan, hiru geldialdi egin dituzte, eta hiruretan hartu dute hitza zaintzaren arloko langileek. Hirurek esan dutena, ñabardurak ñabardura, guztiz lotuta dago manifestazioaren pankartan, harro, hainbat andrek eraman duten leloarekin: Zaintzarekin negoziorik ez. Manifestazioa udaletxe paretik abiatu da, eta Gipuzkoako Diputaziorako bidea egin du; hara iritsi bezain pronto, aurpegia estalita zuten bost pertsonak ekintza bat egin dute: sarrera nagusiaren parean, kateatu egin dira eraikinean. Haien inguruan eserialdia egin dute hainbat emakumek, oihuka, babesa erakusten. Berehala agertu dira ertzainak, bortitz, eta eraman egin dituzte denak, banaka-banaka. Kateatutako bostak atxilotu egin dituzte. Ondoren, beste pertsona bat ere bai.
Manifestazioaren hasieran, oraindik abiatu gabea zenean, Donostiako Udalaren bidez etxez etxeko zerbitzua ematen duten langileak mintzatu dira. Udalak zerbitzua «pribatizatuta eta merkantilizatuta» duela deitoratu dute. Horrek, besteak beste, langileen lan baldintzetan eragina duela gogoratu dute. Eta eskea ere egin dute; lanak dituen berezitasunen ondorioz sortzen diren «desgaitasun fisiko eta psikologikoak» aintzat hartuak izateko bidea irekitzea nahi dute. Aldarrikatu dute bide horretan ezinbestekoa dela sistema «publiko eta komunitario» baten alde egitea.
Manifestazioak geldialdi bat egin du gero Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen egoitzaren parean. Zer, eta Kontxa hondartzaren pareko noria erraldoia ere hantxe dago, Donostia turistiko eta distiratsuaren ikur nabarmenenetariko bat. Martxan zen noria, jirabiran. Eta haren aurrean, zaintzarekin lotutako munduen artean gordinenetariko bati erreparatu dio hurrengo hizlariak: etxeko langile diharduten andreen errealitateari. Emakume migratzaileek egiten dute sarri lan hori, lan baldintza oso gogorretan, eta haiei arta ematen jarduten duen Bidez Bide elkarteko Katia Reimbergek hartu du hitza. «Eusko Jaurlaritza, utzi adabakiak besterik ez diren politikak egiteari», esan du: «Utzi pribatizazioak egiteari». Bide horretan, etxeko langileen lana «desagerrarazteko» urratsak eskatu ditu.
Zahar etxeetako langileak
Manifestazioaren amaieran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean, zahar etxeetako langileek hartu dute hitza. ELA eta LAB sindikatuek urteak daramatzate protestan lan baldintza hobeak eskatzeko, eta zaintza sistemaren gabeziak ere erakusten. Patronalari usu zuzendu zaizkio, baina diputazioaren atea ere maiz jo dute, itunpekoak baitira Gipuzkoako zahar etxeetako leku asko, harena baita ematen den artaren gaineko kontrola, eta aldundiak langileen egoeran eta artaren kalitatean ere zeresana izan behar duela uste baitute. Sindikatu bietako ordezkariak mintzatu dira.
Berriz gogoratu dute, aldundiko atean, hango arduradunek entzuteko eran, zergatik ez dauden konforme beren egoerarekin: «Ratioak handitzeko eta lan kargak murrizteko ari gara borrokan, horrek guztiak eragina baitu egoiliarrengan». Adierazi dute askotan «bakarrik» sentitu direla beren borrokan, eta estimatu egin dute orain mugimendu feministak propio gaia lehen lerrora ekarri izana; finean, beren aldarrikapenak «gizarte osoarenak» direla oroitarazi dute. Adibideak jarri dituzte, baliabideen urritasunak eragindako arta eskasarenak: «Erabiltzaileak 06:30ean aulki batean eserita geratzen dira, 09:00etan gosaltzeko zain».
Hantxe, langileak beren mezua zabaltzen ari ziren bitartean, aldundi aurreko kateatzea gertatu da. Eserialdia egin dute, kateatu direnei babesa emateko. Berehala agertu dira ertzainak. Tentsio uneak izan dira, eta hesi bat egin dute aurrena poliziek andreen aurrean. Gero, banaka-banaka mugitu dituzte handik denak. Arrastaka eraman dituzte horietako asko. Libre utzi dituzte eserialdian zeudenak. Kateatuta zeudenak, ordea, diputazio barrura eraman dituzte; arrastaka horiek ere, besoetatik eta zangoetatik oratuta. Oihu asko Poliziaren jarrera oldarkorra kritikatzeko izan dira. Tentsioa izan da gero ere tarte batean, eta orduan atxilotu dute beste pertsona bat.