Atzo heldu zen albistea. Jakin zen Espainiako Auzitegi Gorenakatzera bota duela Gipuzkoako Foru Aldundiak jarria zuen helegitea Uliazpi fundazioko langileei ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka. Erabaki hori «bidegabea» dela esateko, ohar bat plazaratu du gaur aldundiko eledun Irune Berasaluzek. «Erabateko desadostasuna» azaldu du.
Bi motibo nagusirengatik da erabakia okerra, aldundiaren ustetan. Batetik, herritarren «hizkuntza eskubideak» ez direlako aintzat hartzen erabaki horrekin, eta, era berean, auzitan jartzen delako diputazioak hizkuntza eskubideak aintzat hartuta enplegu publikoa antolatzeko duen «autonomia». Ezinbestean ebazpena onartzea beste biderik ez dutela onartu du Berasaluzek, baina adierazi du erakundeko zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla zer gehiago egin daitekeen, aldundiaren helburua delako «bukaeraraino» heltzea hizkuntza politiketan dituen eskuduntzen defentsan. Gainera, erantsi du bide judiziala irekita dagoela oraindik ere, aldundiak beste helegite bat aurkeztu baitzuen sententzia horren harira.
Hizkuntza eskakizunen defentsa egin izan du aurrez ere diputazioak tankerako epaien aurka. Gaur, Berasaluzek gogora ekarri du funtzio publikoan jardun nahi duen pertsona bati euskara ezagutza egiaztatzeko eskatzea ez dela «diskriminazioa», euskara ere hizkuntza ofiziala delako. Gogoratu du langile publikoek «herritarrei zerbitzua» emateko eginkizuna dutela, eta hizkuntza eskubideak aintzat hartu behar direla horretarako. Nabarmendu du, gainera, gizartearen «gehiengoak» eske hori onetsi egiten duela. Horiek horrela, horrelakorik gehiago ez gertatze aldera, aldundia zer egin daitekeen aztertzen ari da.
Uliazpiko langileei ere zuzendu zaie Berasaluze; «babesa eta elkartasuna» erakutsi nahi izan die, tankerako erabakiek «segurtasun falta juridikoa» dakartelako langileen egonkortze prozesuetan. Langileen ordezkariek ere hitza hartu dute gaur ebazpenaren harira, eta jakinarazi dute protesta bat egingo dutela. Heldu den ostiralean izango da.
Jurisprudentzia
Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskubideen kontrako epaia 2023koa da, otsailekoa. Euskararen kontrako oldarraldi judizialaren soka luzean egon diren ebazpenetako bat da, eta, hainbat adituren arabera, esanguratsuenetariko bat. Izan ere, jurisprudentzia ezartzeko erabili dute ondoren beste hainbat sententziatan.
Uliazpik 2021eko uztailean onartu zuen 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskaraz jakitea —B2 titulua izatea— baldintza bat zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak, ordea, ez zuen egokitzat jo eskakizun hori. «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», ebatzi zuen. Uliazpik adimen desgaitasuna duten pertsonekin eta haien senitartekoekin lan egiten du. Aldundiaren peko fundazio bat da.
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek ohar bidez egin zituen Gorenaren epaia kritikatzeko adierazpenak, atzo iluntzea bertan. Euskararen aurkako oldarraldiaren beste ekinaldi bat dela uste du: «Ez du etenik».