«Hemen gara AHTari buruz dugun kontrako iritzia erakusteko, betidanik ukan dugun hori, eta beti ukanen duguna», irmoki adierazi du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak proiektuaren aurka egin mahai inguruan. CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak, Frantziako diputatu eta senatariek, eta Etxegaraik berak AHT abiadura handiko trenaren aurka duten iritzia finkatu dute Baionako geltokiko jatetxean, gaur eguerdian egin duten prentsaurrekoan. Orotarat, Frantziako Asanblea Nazionaleko hamalau parlamentarik GPSO Hego Mendebaldeko Trenbide Egitasmo Handia proiektua salatu dute: Akize (Okzitania) eta Irun (Gipuzkoa) Lapurditik barrena lotuko lituzkeen trenbide proiektua da. Berretsi dute proiektua «alferrekoa» eta «suntsitzailea» dela ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspuntutik.
Ikusi gehiago
«Frogatu nahi dugu uste dugun baino gehiago garela AHTaren kontra», segitu du EH Baiko Peio Dufau diputatuak. Hain zuzen, Frantziako Asanbleako parlamentariek proiektuaren aurkako deia izenpetu dutela jakinarazi du, lau Ipar Euskal Herrikoak: Colette Capdevielle (PS), Iñaki Etxaniz (PS) eta Peio Dufau diputatuek, eta berriki gehitu zaien Frederique Espagnac (PS) senatariak. Azpimarratu nahi izan du, bertako parlamentariez harago, Parisen, Frantziako Asanblean ere gehienak kontra agertzen direla. Joan den azaroko adibidea argitan eman du: TSE ekipamendurako zerga berezia abiadura handiko trena finantzatuko lukeen buxeta bozkatu zelarik, gehiengoak zerga hori baztertu zuen.
AHTa egiteko burdinbide sare berriaren eraikitzea 14 miliar euro baino gehiago kostatuko litzatekeela oroitarazi du Dufauk: proiektua «ulergaitza» eta «arduragabekeria hutsa» iruditzen zaiela gehitu du. «Kontuan hartu behar da, gainera, jadanik badiren burdinbideak eraberrituz, antzeko emaitza lortzen ahal dela, eta zortzi miliar euroko kostuarekin». Ingurumenean ukanen lukeen inpaktua ere azpimarratu du: kasik 5.000 hektarea ingurumen suntsituak, besteak beste, 2.000 hektarea oihan, eta 30 milioi tona CO2 isurtzea.
AHTaren proiektuaren defendatzaileek erabiltzen duten argudio bati aurre egin dio Dufauk, hain zuzen GPSOak Espainiaren eta Frantziaren arteko «interkonexioa» indartuko lukeela: «Bi estatuen arteko harremana historia osoan zehar izan da. Baina badu hamabost urte harreman hori eten zutela. Guk proposatzen dugunarekin, hau da, badauden trenbideen berritzearekin, Akizetik Donostiara joango litzateke trena. Interkonexioa posible da AHTrik gabe».
Proiektu anakronikoa
Colette Capdevielle diputatuak argiki erran du AHTaren proiektua «anakronismo» bat dela, sozialki, ekologikoki, eta ekonomikoki. «Diru publikoa bakan da, eta jakin behar da non eta nola erabili. Dirua ez da halako proiektu suntsitzaileetan eman behar», salatu du diputatuak. Haatik, goraipatu nahi izan du proiektuaren inguruan den aurkako mugimendua ontzat jotzen duela, eta populuaren ahotsa eta iritzia entzuna izatea nahi bada ministerioetan, kolektiboki salatzen segitu behar dela.
Mathilde Feld Girondako diputatuak bat egin du Capdeviellen iritziarekin. Esplikatu duenez, bere bozka eremuko biztanleen %4k baizik ez ez dituzte garraio publikoak erabiltzen; Frantzian, %15ek. Iritzi dio eguneroko trenak indartu behar direla, eta ez AHTa. Biztanleei garraio publikoko sistema on bat «zor» dietela gehitu du: «Bertan diren biztanleen beharrez arduratu behar dugu, egunero lanera doazenez, egunero mugitu behar dutenez eta ezin dutenez».
Egoera «ukatze demokratiko» bat badela bota du Feldek: «Entzun behar dira bertan bizi direnak. AHTa ez da bertakoentzat egina, eta ez dio nehongo erronka soziali edo ekologikori erantzuten! Bertakoak baitituzte haien inguruak suntsituak ikusiko, eta haiek ez dute sekula AHTa erabiliko, ezin baitute! AHTa ez da herriaren trena», salatu du. Bukatu du erranez biztanleentzat zigor bikoitza dela: baliagarria ez zaien proiektu bat finantzatuko dutela, eta prezioen igoera pairatu beharko dutela.
33 urteko borroka
Finitzeko, Victor Pachonek, CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboko lehendakariak, hitza hartu du, «AHT EZ!» bizkarrekoa jantzita. Erran du AHTa proiektu «suntsitzailea», «inutila» eta «inposatua» dela maila guztietan: ingurumenean, arlo sozialean, laborantzan eta abarretan. 1992tik militatzen ari direla kontatu du lehendakariak, eta hasi zirenetik iritzi publikoaren bilakaera «baikorra» izan dela azpimarratu du: «Luzea izan da eraman dugun borroka. Iritzi publiko eta politikoa aldatzea lortu dugu, egin ditugun hainbat bilkura publikori esker». Bidea aspaldikoa izan bada ere, «oraindik ez gara unatuak!» aitortu du Pachonek.