Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Diputatuak ala lurraldeak

Xabier Aierdi.
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Sinesgarriagoa da, behintzat, uste arrazoituen arabera, atzo Deia-k Aztikerrekin egindako zundaketa joan den ostiralean CIS-ek atera zuena baino, baina batek daki gero zer gertatuko den. Zundaketek alde batetik dauden lerroketak azaltzeko balio izaten digute, baina, era berean, lerroketa birsortu eta aldatzeko ere erabiliak izaten dira. Dena dela, zaila zirudien CISek zioena egia bilakatzea, hankaz gora jarri beharko litzateke egoera han agertutakoa errealitate bihurtzeko. 2004an Madrileko gertakariek zenbatean orduko posizioa aldatu zuten ere eztabaidagai da oraindik ere, zeren badago egon oso soziologo ospetsu bat lan hauetan, Julian Santamaria, bonbekin gertatu zena botoekin ere gertatuko zela dioenak. Gogoratu dezagun orduan Zapaterok esan zuela: «boto bat gehiago badaukat, gobernua osatzen saiatuko naiz». Botoetan irabaziko zuela oso konbentzitua omen zegoen Zapatero.

Gurera etorrita, inork ez daki irabaziko duen, baina diputatuak eta lurraldeak dira abertzaletasunaren baitan eztabaidatuko dena. Badirudi PPrentzako gure Erkidegoko presentzia esanguratsua izanda ere, ez dela kuantitatiboki garrantzitsua. PSEk ere datu txarrak eduki ditzake, eta bere momentuan, duela lau urte eta agian autonomikoetan ere, jaso zuen saria amaitu da, agertokira Amaiur agertu da eta. Garai berriko originalak hartuko ditu botoak.

Abertzaletasunaren baitan lurraldeak neurri batean erabakiak egon litezkeela dirudi: Nafarroan bananduta joanda, badirudi Amaiurrek hartuko duela diputatua, seguruenik hirugarrena. Lehen biak UPNk; hirugarrena, Amaiurrek; laugarrena, PSNk (?) eta, azkena, UPNk. Uxue Barkos oraingoan jezarleku barik gera liteke. Badago PSNk ozta ozta boskarrena hartuko duela dioenik ere. Nafarroan, beraz, abertzaletasunak Amaiurren bidetik jarraituko du eta, hala eta guztiz ere, neurri batean ulertezina egiten zait, errudunak errudun, eta libre dagoenak lehen harria bota dezala, elkarrekin joan ez izana hain momentu esanguratsu batean, bi jesarleku posible zirenean eta ETAren desagerpen iragarriarekin oinarri berriak sor zitezkeenean. Baina horretarako daude momentu gizatiar erabakigarriak, okertzeko.

Erkidegora etorrita, hemen lurraldeak baino jesarlekuak dira jokoan daudenak. Aurreko udal hauteskundeen emaitzak errepikatuko balira: 7 EAJk, 5 Amaiurrek, 3 PPk eta 3 PSEk. Baina ez da hau gertatuko dena. EAJ eta Amaiurren arteko jesarleku banaketa badirudi estuagoa izango dela, eta biak 5 jesarleku edukitzera helduko balira, ederto. Badirudi, bana izango dutela alderdi handi guztiek Araban. Abantaila ere EAJk Bizkaian, baina lortuko ote ditu hiru? Zaila! Baina hori da bere erronka dezisiboa. Gipuzkoan, ordea, Amaiurrek hirugarrena lortzen badu, EAJk bat baino ez du aterako.

Lurraldeak batzen direnean, edonola ere, Amaiurrek EAJk baino jesarleku gehiago izango ditu, beraz, lurraldeak zatikatuak agertzen badira administratiboki, ez abertzaletasunaren barneko borrokan. Garai interesgarriak datoz, hauteskundeen hurrengo eguneko interpretazioak lerro artean irakurri beharko dira, baina, edonola ere ,Amaiur abantailarekin hasiko da hurrengo zikloan, eta horren ondorengo abertzaletasunaren ibilbidea zein den esateko botere posizioan aurkituko du bere burua. Beraz, garrantzitsuak dira diputatuak eta bakoitzak lortzen dueneko jesarleku kopurua, baina lurraldeak izango ote dira etorkizuneko posizioetan erabakigarriagoak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.