Hauteskunde legegileak

Diputatu izateko 32 hautagai izanen dira Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan, orotara, 32 hautagai lehiatuko dira Frantziako Asanblearako bozetan. Kanpaina ofiziala heldu den astelehenean hasiko dute.

Frantziako Asanblearako bozak izanen dira ekainean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 23a
16:37
Entzun

Frantziako Asanbleako diputatu izateko bozak iraganen dira ekainean, eta hautagaitzak pausatzeko azken eguna zuten iragan ostiralean. hala, Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko diren hautagaien zerrenda argitaratu du Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak. Orotara, 32 hautagai izanen dira Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan: 4.hautesbarrutian bederatzi hautagai izanen dira —tartean Biarnokoak ere—, 5.hautesbarrutian hamaika, eta, 6.ean hamabi. EH Bai koalizio ezkertiar eta abertzaleak hautagaiak izanen ditu hiru hautesbarrutietan; NUPES Frantziako ezkerreko alderdien aliantzak ere. Azken kargualdian egon diren hiru diputatuetarik bik beren burua berriz aurkeztuko dute: Florence Lasserrek eta Vincent Bruk. Gehiengoa osatzen duen LREM Errepublika Martxan alderdikoak dira biak, eta Ensemble eskuinaren eta zentro-eskuinaren arteko batasunaren izenean aurkeztuko dira.

Barnealdea eta Biarnoko zati bat hartzen dituen 4.hautesbarrutian beren burua aurkeztuko duten hautagaiak hauek dira: Margaux Taillefer —Eric Zemmour ultra eskuindarrarenErrekonkista alderdikoa da—, Egoitz Urrutikoetxea (EH Bai), Julien Lassalle (Résistons !) —orain arte hautesbarrutiko diputatu izan den Jean Lassallen anaia da— , Valerie Bouchard (etiketarik gabe), Annick Trounday (Ensemble), Pau Darnet (Alderdi Animalista), Iñaki Etxaniz (NUPES), Sylviane Lopez (Batasun Nazionala), eta Carlos Ribeiro (Langile borroka).

5. hautesbarrutiak Baiona eta Angelu (Lapurdi) hartzen ditu, baita Bidaxunerria ere. Philippe Bardanouve (Langile borroka), Sandra Pereira-Ostanel (NUPES), Gil Benjamin (Frantziaren Aldeko Batasuna), Mathilde Hary (EH Bai), Florence Lasserre (Ensemble) —orain arteko diputatua—, Sylvie Roubin (Animalien Aldeko Mugimendua), Thomas Riche (Espoir Ric), Pascal Lesellier (Batasun Nazionala), Helene Susbielle (etiketarik gabe), Thibault Pathias (Volt), eta Annick Pillot (Errekonkista) dira hautagaitza pausatu dutenak.

6.hautesbarrutian —Hego Lapurditik Baigura aldera—, Tom Dubois-Robin (NUPES), Peio Dufau (EH Bai), eta Jacqueline Uhart (Langile borroka) izanen dira ezkerreko hautagaiak. Zentroan, Philippe Jouvet, Mathis Tenneson eta Vincent Bru —orain arteko diputatua da, eta Ensemble aliantzaren izenean aurkeztuko du bere burua—. Eskuinekoak eta eskuin muturrekoak dira beste hautagai gehienak: Fabrice Sebastien Bach (Errepublikanoak), Bertrand Soubelet, Becker Monique (Batasun Nazionala), eta Goitschel Marielle (Resistons!). Etiketarik gabe aurkezten da Christiane Neel, eta Animalien aldeko mugimenduaren izenean Kevin Briolais.

EH Bai, beste hautesbarruti batean

RPS Eskualde eta Herri Solidarioak, estaturik gabeko nazioetako alderdien federazioaren izenean, EH Baiko kide den Garbiñe Erasok aurkeztuko du bere burua atzerrian bizi diren frantziarren bosgarren hautesbarrutian. Haren ordezkari izanen da Enric Balaguer (Unitat Catalana) katalana. Parean, Manuel Valls (Ensemble) Frantziako lehen ministro ohia izanen dute. «Zentzu politiko azkarra duen hautagaitza da. Estaturik gabeko herrien ahotsa entzunaraziko dugu Manuel Vallsen parean. Lehen ministro ohiak herritarrak hautetsontzietatik urruntzen dituzten praktika politiko gaitzesgarriena irudikatzen du», adierazi du EH Baik agiri baten bidez. Gehitu dute: «Gure aldetik, lurraldeen aldeko diskurtsoa entzunarazi nahi dugu ozenki, tokiko hizkuntzak eta preso politikoak sustengatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.